→Basauri

Langileen egunaren harira hitzaldia emango du Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak Basaurin

Maiatzaren 1a Langileen Nazioarteko Eguna da. Horren harira mobilizazioak deitu dituzte hainbat lekutan, hala nola, manifestazioa Bilbon maiatzaren 1eran bertan. Hego Uribe eskualdean ere, ekimenen bat edo beste antolatu dituzte. Adibidez, ‘Krisi kapitalista, Kontseilu Sozialistaren logika eta Langileon Nazioarteko Egunaren izaera politikoa’ aurkezpena Basaurin, hain zuzen. Apirilaren 27an 18:00etan izango da aurkezpena Basozelai Gizarte Etxean.

“Tradizio handiko egun hori probestu nahi dugu langileria iraultzailearen memoria gurera ekartzeko, egungo proletalgoa borrokara deitzeko eta Kontseilu Sozialistak ezagutzera emateko”, diote Hego Uribeko Kontseilu Sozialistako kideek: “Borroka grinez eta esperientzia iraultzaileen metaketaren bitartez lortu ditu proletalgoak orain arte eduki dituen askatasun kuotarik handienak. XIX. eta XX. mendeetako borroka iraultzaileek beren fruituak eman zituzten; langileria estrategikoki batuta egoteak autodefentsa ahalmen handia eman zion, eta etsaia hainbat aitortza egitera behartu zuen”.

Egungo egoera “krisialdi kapitalistak” ezaugarritzen duela diote Kontseilu Sozialistatik: “Langile klaseak ordaintzen ditu krisialdiak, eta oraingoan ere horrela ari da izaten. Prezioen gorakadak, askatasunik ezak, langabeziak eta aldi baterako lanaldiek, soldata miserableek eta abar luze batek jasangaitza egin dute eguneroko bizitza langileriaren bizkarrean. Egiturazko krisi bat da bizi duguna, eta hori ez da pandemiaren eta gerraren ondorio bat. Hain zuzen ere, krisialdi kapitalistaren adierazpen bezala ulertzen ditugu pandemia graian azaleratutako hamaika ezintasunak edota gerra bera”.

M1 — Langileen Nazioarteko Eguna

Basauri

Api 27, asteazkena
18:00 M1 kanpainaren aurkezpena Basozelai Gizarte Etxean: ‘Krisi kapitalista, Kontseilu Sozialistaren logika eta Langileon Nazioarteko Egunaren izaera politikoa’

Maiatzak 1, igandea
18:00 Manifestazioa Bilbon, Eliptika plazatik: ‘Krisi kapitalista garaian sozialismoa eraikitzen’

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak