→Basauri

Malmasingo zuhaitzak ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu du Sagarrakek maiatzean

Artxiboko irudia Malamasinen ibilbide batean // Geuria

Basauriko eta inguruko zuhaitzak ezagutzeko jarduerak egiten ditu Sagarrak Ekologista Taldeak. Hirugarren urtez jarraian, inguruko zuhaitz eta beste landare eta animalia espezie batzuk “hobeto” ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu dute: maiatzaren 8an izango da eta Malmasin mendian zehar izango da ibilbidea.

“Gutxi gorabehera bi orduko ibilbidea egingo dugu Malmasinen hegalaren beheko aldetik, Basozelai auzoaren eta Iruaretxetaren artean”, diote Sagarrak taldeko kideek. Eduardo Renovales Ekologistak Martxan-eko gida naturalistak gidatuko du ibilbidea: “Inguru horretan aurki ditzakegun zuhaitzen ezaugarriak, kontserbazio-egoera, egiten dizkiguten onurak eta aurre egin behar dieten arriskuak azalduko dizkigu. Ibilbidea amaitzeko, Sagarrak elkarteak Iruaretxetan kudeatzen duen mintegira bisita labur bat egingo dugu, bertan egiten dugun lanaren berri emateko”, diote.

Ibilbide gidatua maiatzaren 8an, igandez, 11:00etan hasiko da Basozelai-Gaztelu ikastetxearen ondotik. Irteeran parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute maiatzaren 5a baino lehen ekologia@sagarrak.org helbide elektronikora idatzita edo 944 263 769 telefono zenbakira deituta. “Ibilbideak zailtasun txikia du, baina pista eta bideetatik joango da, eta oinetako egokiak eramatea gomendatzen dugu”, diote Sagarraketik.

Hitzaldia

Bestetik, ‘Basauriko arbola esanguratsuak’ kanpainaren barruan, “Iraganeko gure arbolen aztarnak Basaurin. Hiri-Arbolaren II. Astea” hitzaldia antolatu du Sagarrakek maiatzaren 12an, igandez, 19:00etan Ibaigane Kultur Etxean. Hitzaldia Ander Ros Onomastika Elkarteko kideak emango du eta euskaraz izango da.

“Toponimiak aukera ematen digu gure inguruko tokien izen bereziak sortu ziren garaiko ezaugarriak ezagutzeko, eta agerian jartzen du gizakiaren eta hura bizi den ingurunearen artean dagoen lotura. Landaredia ingurune horretako funtsezko parte bat da, eta, hartara, zuhaitzekin eta beste landare batzuekin zerikusia duen toponimiak garaian garaiko paisaia eta landaretza irudikatzen ditu, eta lurralde bakoitzean bizi zirenentzako zeukaten garrantziaren adierazle da”, diote. Rosek Basaurin eta inguruetan dauden mota horretako toponimoen zenbait adibide azalduko ditu, “eta, horri esker, gaur egungo eta iraganeko gure ingurunea hobeto ezagutuko dugu”, diote Sagarraketik.

Hitzaldira joan nahi duenak izena eman behar du maiatzaren 10a baino lehen ekologia@sagarrak.org helbide elektronikora idatzita edo 944 263 769 telefono zenbakira deituta.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak