→Basauri

Bideoa | Mari Luz Estebanen ‘Berdintasunola’ olerkia irakurri dute gaur Basaurin, Marienearen 10. urteurrenean

Gaur duela 10 urte inauguratu zuten Basaurin Marienea Emakumeen Etxea. Urtemuga ospatzeko ekitaldia egin dute gaur eguerdian eta bertan izan dira, besteak beste, Asier Iragorri Basauriko alkatea, Isabel Cadaval Udaleko Berdintasun arloko zinegotzia, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Anabel Sanz Udaleko Berdintasun teknikaria. Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak ere izan dira ekitaldian.

“Marieneak hamar urte hauetan bete duen funtzio katalizatzailea, berdintasunaren aldeko proiektu, zerbitzu eta ekimenen garapenean eragin biderkatzailea izan du eta ahalduntze maila handiagoak lortzea ahalbidetu du”, dio Iragorrik. Hala ere, lortutako aurrerapen guztiak gorabehera, ohartarazi du ez zaiola erne egoteari utzi behar, “are gutxiago orain, eboluzionatu beharrean, batzuek inboluzionatu nahi dutela dirudienean”. “Marieneak ezinbesteko espazioa izaten jarraituko du ibilitako bidea urratu nahi dutenei aurre egiteko, matxismoaren aurkako sareak ehuntzen jarraitzeko eta desberdintasunaren aurkako ideiak eta ekintzak garatzeko”, dio Iragorrik.

Marienea, feminismo eta berdintasun politiken erreferente hamar urtez

Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, “erreferente” bihurtu da Marienea, “ez bakarrik Basaurin, Euskal Herrian eta Estatuan ere”, dio Landaidak. “Eredu izan da emakumeen beste etxe batzuentzat, eta emakumeek beren “gela propioa” izatearen garrantzia aldarrikatzen jarraitu du, haien ahotsak indar eta intentsitate handiagoz entzun ahal izateko gizarte osoan”, dio Landaidak.

Etorkizunerantz

Isabel Cadaval Udaleko Berdintasun zinegotziak ere hitza hartu du gaurko ekitaldian Marienean, eta etorkizuneko erronkei buruz aritu da: “Marieneak ateak zabaltzen jarraituko du, basauriarrek are ezagunagoa eta aintzatetsiagoa den zerbitzu publikoa izan dadin”, dio Cadavalek. Era berean, gero eta emakume gehiago erakartzea lortzen ari direla gaineratu du Cadavalek: “Hainbat ekimen abian jarri ditugu, hala nola, adineko emakumeen espazioa edo gure tailer eta jardueretara gero eta neska gazte eta neska gehiago joatea. Gazte horiek dira etorkizuna”.

Ekiataldiaren amaieran Mari Luz Estebank urtemuga honetarako bereziki idatzitako ‘Berdintasunola’ olerkia irakurri du Biki Pozo Basauriko Mugimendu Feministako kideak, eta ondoren bisita gidatua egin dute Basaurko feminismoaren fabrikatik.

Berdintasunola

Basaurin bada Mari-ren izena duen etxe bat
2012. urtean sortua, aspaldi imajinatua
Marienea/Basauriko Emakumeen etxea

Mari ez da guretzat etxekoandrea
matriarka edo jainkosa
Mari ez da guretzat nekazal arloko dama

Gure Mari hiritarra da, tankera askoduna
manugaitza
etxezalea eta kalejostaria, dantzaria, kantaria
generoaren bihurtzailea

Euskaldunok harrizko etxeak maite omen ditugu
nobleak

Gure etxea ez da noblea
kanpotik lantegi-itxura du
adreilu arruntez eraikia
Basaurin diren etxe gehienen antzekoa
irekia, atsegina, errai beroak

Edozein motatako bereizkeriaren kontra ari den
edozeini
ostatu emateko diseinatua
(ez)andre (ez)gizon, gazte heldu zahar
hemen edo han jaioa

Marienea, Mariren etxea
adreiluzko herri langile batean
berdintasuna fabrikatzen duen
lantegi apala
eta aldi berean harroa

Mari Luz Esteban Galarza

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak