→Basauri

Marienearen 10 urteak ospatzeko Flashmoba, irakurketa kolektiboa eta ginkana feminista antolatu dituzte Basaurin

Bosgarren urteurrenean, 2017an, kalera irten zen Marienea // Geuria

Marienea Basauriko Emakumeen Etxeak 10 urte beteko ditu. Hori dela eta, urteurrena ospatzeko egitarau oparoa antolatu dute maiatzean zehar. Besteak beste, erakusketak, hitzaldiak, bertso saioa, mahai inguruak, azoka, bazkaria, Flashmob, herri korrikaldia, jolasak, perkusio saioa, irakurketa kolektiboa edota ginkana feminista antolatu dituzte ‘Ametsak eraikitzen jarraituko dugu’ lemapean.

“Badirudi atzo izan zela, baina 10 urte dira Basauriko Emakumeen Etxea inauguratu genuela. Zorionak Marienea! Urte zoragarriak izan dira, baina une zailak ere igaro ditugu, pandemia barne; horregatik, aurten ospakizun berezi bat egin nahi dugu. Gurekin ospatzera animatzen zarete?”, diote Marieneako ordezkariek: “‘Ametsak eraikitzen jarraituko dugu’ lelopean, Marieneako ateak ireki nahi ditugu, baita kaleak okupatu ere, gure kontsigna eta aldarrikapenekin”.

Marieneak 10 urte hauetan izan duen bilakaerari eta etorkizunean egin behar duen bideari buruz gogoeta egiteko unea dela dio Isabel Cadaval Basauri Udaleko Berdintasun arloko zinegotziak: “Gogoeta egiteko unea da, udalerriko emakumeekin eta kolektibo feministekin batera, Marieneak izan duen bilakaerari buruz eta etorkizunean egin behar duen bideari buruz, baina, halaber, hamar urteotan lortutakoa ospatzeko garaia ere bada”.

Berdintasun-politikak aitzindari

“Duela 10 urte inauguratu genuen Marienea, Basauriko Emakumeen Etxea. Feminismoaren klasiko batekin lotzen gaituen mugimendu feministaren aldarrikapen historikoa zen, elkar aurkitzeko, ikusteko eta ezagutzeko beharrezkoa genuen gela propioa. Egindako aurrerapenak gorabehera, zoritxarrez, gaur egun oraindik ere gure gizartean hain errotuta jarraitzen duen matxismoaren aurka borrokatzeko sareak eraikitzeko erreferentzia bat da”, diote Marieneatik.

Marienea sortu zenean EAEn emakumeen etxe gutxi zeuden; gaur egun, ordea, hogeina etxe daude autonomia erkidego osoan. “Udalerri honetan berdintasun-arloko politikak aitzindariak izan dira beti, eta historikoki elkarrizketa garrantzitsua izan da beti erakundeen eta mugimendu feminista konprometitu eta proposatzaile baten artean”, diote.

Marienea | 10. urteurrena

Maiatzak 12-20

Maiatzean zehar
– Emakumeen Dokumentazio Zentroko kartelen erakusketa
– Urteurreneko koadernoak banatzea
– Marieneako fatxada eta horma irudiak berriro margotzea

Maiatzak 12, osteguna
– 18:30 Hitzaldia Marienean: ‘Zer dago maitasunaren ondoren?’

Maiatzak 13, ostirala
– Ateak zabaltzeko eguna, Kiskali Gazte Talde Feministaren eskutik
– 18:30 Bertso saioa Marienean: ‘Ez da kasualitatea’

Maiatzak 14, larunbata
– 12:00 Mahai ingurua talde eta elkarte feministekin: Kiskali, Marienea, Intercambio, Korrikalariak, Adinekoak
– 13:30 Trukerako azoka txikia
– 14:30 Bazkari partekatua
– 16:30 Pasarela alternatiboa
– 17:30 Flashmoba Marienean: ‘Patriarkatua guk garaitu’

Maiatzak 15, igandea
– 12:00 Emakumeon Herri Korrikaldia Marieneatik
– 13:00 DJ saioa Bentako plazan

Maiatzak 16, astelehena
18:00 Jolas eta inprobizazio saioa Marienean Las Kapritxosas taldearekin

Maiatzak 17, asteartea
18:30 Perkusio saioa Marienean BasFemBand taldearekin

Maiatzak 18, asteazkena
17:30 ‘Visibilina’ren aurkezpena Marienean Argazki-hitza taldearekin
18:30 Irakurketa kolektiboa Marienean: ‘Andrezaharraren manifestua’ (Mari Luz Esteban), ‘Sexo, raza y genero’ (Angela Davis), ‘El feminismo es para toso el mundo’ (Bell Hook). Euskaraz eta gaztelaniaz dagoen liburu bat aukeratuko du partaide bakoitzak, bakoitzak nahi duen hizkuntzan irakurri ahal izan dezan.

Maiatzak 19, osteguna
18:30 Hitzaldia Marienean: ‘Gerra eta bakeari buruzko ikuspegi feministak’. Olga Rodriguez, Ane Irazabal eta Marina Gallego kazetariak

Maiatzak 20, ostirala
17:30 Ginkana feminista Marienean neska gazteentzat (9-14 urte)

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak