→Basauri

Marienea, feminismo eta berdintasun politiken erreferente hamar urtez

Marienea Basauriko Emakumeen Etxeak 10 urte beteko ditu maiatzean. Egitaraua oparoa antolatu dute hilabetean zehar eta urteurrena ardatz, eurekin elkartu gara Basauriko “feminismoaren fabrika” horretan.

Anabel Sanz Berdintasun teknikaria Marieneako langileekin batera // Argazkia: Geuria

2012ko maiatzaren 17an inauguratu zuten Marienea Basauriko Emakumeen Etxea. Ordutik hamar urte igaro dira. Hamar urte feminismoa eta berdintasuna sustatzen. Ekintzak antolatzen, ikastaroak, tailerrak, mahai-inguruak… Hamaika jarduera egiten dituzte hilero eta urtero. Anabel Sanz Basauriko Berdintasun teknikaria da 2000. urtetik eta gertu-gertutik ezagutzen du Marienearen sorrera eta izan duen bilakaera. “Marienea gero eta emakume gehiagoren etxea da. Guk normalean esaten dugu, jendeak uste baino aberatsagoak garela baina nahi genukeena baino gutxiago. Horrek esan nahi du gure helburu nagusienetariko bat aniztasun gehiago lortzea dela. Bilakaera ikusita, zerbitzuak nabarmen sendotu dira, plan eta proiektu berriak martxan daude, indarkeria matxistaren bigarren plana eta udal berdintasun barruko lehengoa abian dira, besteak beste”, dio Sanzek: “Poliki, poliki feminismo eta berdintasun politiken erreferentea bihurtu da Marienea. Eta ez bakarrik Basaurin, Euskal Herri osoan eta haratago ere”.

Aniztasuna lortzea da Marienearen helburuetako bat, baina ez bakarra. Epe laburrera, ertainera eta luzera begira, “gazte eta migrante gehiago” hurbiltzea nahi dute Marieneako ordezkariek: “Urteurrenaren leloak dioen bezala, 10 urte baino gehiago daramatzagu patriarkatuaren aurka konspiratzen eta proiektu desberdinak martxan jartzen. Ametsak eraikitzen jarraituko dugu feminismoaren fabrika den etxe honetan”, dio Sanzek.

Eta, ametsak eraikitzen jarraitzeko bide horretan, maiatzaren 12tik 20ra bitartean egitarau oparoa prestatu dute. Besteak beste, erakusketak, hitzaldiak, bertso saioa, mahai inguruak, azoka, bazkaria, Flashmob bat, herri korrikaldia, jolasak, perkusio saioa, irakurketa kolektiboa edota ginkana feminista antolatu dituzte ‘Ametsak eraikitzen jarraituko dugu’ lemapean. “Ekintzez haratago nabarmendu nahiko genuke egitaraua sortzeko egin dugun prozesua da. Programan ikus daitekeenez, etxea erabiltzen duten talde guztiek egiten dutena erakusteko aukera izango dute. Zerbait nabarmentzekotan ‘Ez da kasualitatea’ bertso saioa aipatuko nuke, baita gerraren kontrako hitzaldia eta neska gazteentzako ginkana ere. Zazpi egunez hausnartzeko, elkar topatzeko eta dibertitzeko aukera izango dugu”, dio Anabelek: “Animatzen dugu jendea ekintza guztietan parte hartzera.

Marienearen 10 urteak ospatzeko Flashmoba, irakurketa kolektiboa eta ginkana feminista antolatu dituzte Basaurin

Parte-hartzeko espazioa

Marieneak Basaurin eta herritarren artean zer nolako tokia duen galdetuta, zera dio Anabelek: “Gure ustez, desberdintzen gaituena parte hartzeko espazioa bat eskaintzea da. Emakumeak Marieneara baliabide zehatz baten bila etor daitezke eta nahiz eta behar guztietarako erantzuna ez daukagun, gelditzeko gonbidapena luzatzen diegu eta horretarako aukerak asmatzen ditugu”.

Urtean zehar erakusketak, berdintasunaren aldeko kanpainak, mahai-inguruak, hitzaldiak edota ikastaroak antolatzen dituzte Marienean. Hamar urte hauetan zein proiektu adierazgarri burutu dituzten galdetu diogu Anabeli, eta zera erantzun digu: “Greba feministarantz erakusketa, ‘Egunero izan dadin Martxoak 8’ kanpaina, emakume errefuxiatuen eskubideak aldarrikatzeko ekintzak eta abarreko zerrenda luze bat aipatuko nituzke. Laborategi metodologian lan egiten dugu eta etengabe sortzen ditugu proiektu desberdinak, beti, emakumeen beharrak eta feminismoaren aurrerapenak kontuan izanda”. Etorkizunera begira, honakoa dio Anabelek: “Erronka askoren artean gizonak berdintasunean, eta bereziki, indarkeria matxistaren kontrako ekintzetan inplikatzea nahi dugu. Bestalde, hezkuntza oso estrategikoa da eta horregatik jarraitzen dugu ikastetxeekin elkarlanean, momentu honetan jolastoki inklusiboen proiektu batekin”.

Proiektua sendotzeko urteak

Basauriko Emakumeen Etxea duela hamar urte eraiki zuten. Garai horietan emakumeen etxe gutxi zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan, hala nola, Ermuako Emakumeen Etxea (2003), Balmasedako Emakumeen Etxea (2004), Eibarko Andretxea (2004), Durangoko Andragunea (2009) eta Donostiako Emakumeen Etxea (2010). Gaur egun, hogeina emakumeen etxe daude EAEn: Araban Gasteizko Sorginenea (2019); Bizkaian Ondarroako Etxelila (2013), Portugaleteko Bidatzenea (2021) eta Basauriko Marienea (2012); eta Gipuzkoan Arrasateko Emakume Txokoa (2003), Azpeitiko Emakumeen Txokoa (2011), Hernaniko Emakumeen Etxea (2017), Errenteriako Emakumeen Etxea (2019), Urola Garaiko Emakumeen Etxea (2019), Zarauzko Emakumeen Etxea (2020), Elgoibarko Lila Etxea (2021), Astigarragako Emakumeen Etxea (2021) eta Zumaiako Emakumeon Etxea (2021).

“Emakumeen Etxeak beharrezkoa dira gaur egun. Eta ez bakarrik gure ustez, izan ere, gaurkotua izan den Berdintasun legean emakumeen etxeak eta jabekuntza eskolak ezinbesteko tresnak dira berdintasuna lortzeko. Guk, jakin badakigu espazio pribilegiatu bat daukagula mantendu eta sendotu nahi duguna”, dio Anabelek. Hego Uribe eskualdean Basaurikoa da gaur egun dagoen emakumeen etxe bakarra, baina asmoa badago, adibidez, Arrigorriagan eta Galdakaon ere eraikitzeko. Marieneako ordezkariek Arrigorriagako eta Galdakaoko prozesuetan laguntza eman dute: “Ia martxan dauden prozesu guztietatik deitu gaituzte. Orokorrean gure prozesua ezagutu nahi dute, etxea bera, dituen zerbitzuak, kudeaketa eta jakina beharrezkoak diren baliabideak. Gu ere hasieran eredu bezala Donostiako Emakumeen Etxea eta beste batzuk hartu genituen eta ohorea eta plazera da gurera jotzen dutenean”, dio Anabelek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak