→Basauri

Marieneako Korrikalariak: «Emakume korrikalarien sare bat egitea da gure helburuetako bat»

Marienearen 10. urteurrenaren harira, Emakumeon Herri Korrikaldia lasterketa parte-hartzailea antolatu du Marieneako Korrikalariak taldeak. Eurekin solasean izan gara.

Pandemia aurretik, 2020ko otsailean, sortu zuten Marieneako Korrikalariak taldea. MARIA APELLANIZ GARRO ETA ITZIAR GONZALEZ BILBAO kideak elkarrizketatu ditugu // GeuriA

Marienearen 10. urteurrenaren markoan, Emakumeon Herri Korrikaldia antolatu dute maiatzaren 15ean. Marieneako Korrikalariak taldeak antolatu du lasterketa herrikoia. 2020ko otsailean eratutako taldea da, eta Emakumeon Herri Korrikaldia aitzakia hartuta, Maria Apellaniz Garro (Basauri, 1977) eta Itziar González Bilbao (Basauri, 1970) kideak elkarrizketatu ditugu.

Marieneako Korrikalariak zarete. Noiz sortu zenuten taldea?
Itziar González: Marieneari esker sortutako emakume talde bat gara. Jabekuntza Eskolak antolatutako korrika egiteko ikastaro baten ondoren sortu genuen. Elkarrekin korrika egiten jarraitu behar genuela sentitu genuen. 2020ko otsailean jaio zen taldea, ibilbide laburreko korrika taldea gara.

Pandemiak, beraz, bete-betean harrapatu zizuen.
Maria Apellaniz: Pandemia garaia, denok bezala, ahal dugun moduan pasatzen ari gara. Baina soilik etxetik atera ezin ginenean utzi genion elkarrekin geratzeari. Batzuk gure etxe barruan korrika egiten genuen… Musukoarekin korrika egin behar zenean ere halaxe egiten genuen. Pandemiak eragin bai baina onerako, korrika egiteko gogoak areagotu dizkigu eta gure artean gehiago egoteko gogoa ere bai. Askotan hainbeste gauza izaten ditugu elkarrekin konpartitzeko entrenamendu osoa hitz egiten ematen dugula.

Esango zenukete korrika egitea modan dagoela gaur egun?
M.A.: Egia da gero eta jende gehiago dagoela kirola egiten. Edozein kirol egiteak osasun-arazoak prebenitzen ditu, indarra areagotzen du eta estresa murrizten laguntzen du.
I.G.: Pandemia honekin korrika egitea izan da gure ihesbide bat aire librean egoteko. Korrika egitea gainera  doakoa da, beraz, irisgarriagoa da denontzat ikuspegi ekonomikotik begiratzen badiogu. Gaur egun gimnasioak ditugu handik eta hemendik, baina ezin dugu ahaztu denok ez dugula dirua horretan gastatzeko aukerarik. Kalean korrika egitea doakoa da!

Astero irteten dira korrika bederatzi emakume inguru // Geuria

Emakumeez soilik osatutako taldea zarete.
Maria Apellaniz: Hala da. Emakumeei irekitako gunea da. Ezin dugu ahaztu berdintasuna aldarrikatzen dugula eta espazio hau emakumeok protagonista izateko dela.
I.G.: Bederatzi emakumek osatzen dugu taldea eta adin-tartea nahiko zabala da, 30 urtetik 55era bitartekoa.

Pentsatzen dut taldea ez dela itxia.
I.G.: Ez, noski. Talde irekia gara parte hartu nahi duten emakume guztientzat. Horregatik hazi nahi dugu, eta horretarako, Basauriko emakume guztiak gonbidatu nahi zaituztegu ‘Marieneako Korrikalariak’ taldera. Gurekin esperientzia honetaz gozatzera etortzea nahi dugu. Bakoitzaren erritmo eta uneetara egokitzen gara. Gonbidatzen zaituztegu gurekin etor zaitezten korrika egitera: inoiz korrika egin ez duzuenak, korrika egin ohi duzuenak, korrikalari profesionalak eta, batez ere, kirol hau praktikatu nahi baina bultzada bat falta zaizuenak. Ez izan zalantzarik, zuen zain gaude. Oraingoz, astean behin elkartzen gara, baina taldearen beharretara egokitzen gara. Beraz, korrika egitera animatzen zareten emakumeak Marienearekin harremanetan jartzera gonbidatzen zaituztegu 946 124 102 telefonoan edo mariena@basauri.net helbide elektronikoan.

Forman egon behar da zuekin korrika ateratzeko?
M.A.: Ez. Baldintza bakarra korrika egin nahi izatea da. Egun horretan dugun energiara egokituko ditugu ibilbidea eta iraupena.

Astean behin irteten zarete korrika. Noiz? Eta nora zoazte?
M.A.: Astearte arratsaldeetan ateratzen gara korrika egitera. Marienean arratsaldeko 18:00etan elkartzen gara. Berotze-ariketak egin, ibilbidea zehaztu, korrika egin, Marieneara itzuli eta luzapenak egiten ditugu. Luzatze- eta berotze-ariketa finko batzuk ditugu, eta ariketak eta ibilbidea taldearen energiara moldatzen ditugu.
I.G.: Gehienetan San Migelerantz abiatzen gara, Arrigorriagara doan bidegorritik itzuliz. 5 kilometro inguru egin ohi dugu korrika, baina gurean ezer ez da finkoa, korrikalarion aldartearen arabera eta nahien arabera ibilbidea aldatu, laburtu edota luzatzea erabakitzen dugu.

Modu jarraian korrika ateratzen den norbaiten aholkularirik edo prestatzailerik duzue?
I.G.: Hasieran, korrikalari bat izan genuen, iron woman baterako entrenatzen ari zena, eta hark erakutsi zigun luzatzen, berotzen, arnasketa kontrolatzen eta giharrak berotzen. Orain taldean badaukagu  korrikalari profesional bat, Edurne, eta aholku asko ematen dizkigu korrika egiterakoan zein beroketetan.

Maiatzaren 15ean Emakumeon Herri Korrikaldia antolatu duzue.
M.A.: Bai! Basaurin lasterketa parte-hartzailea egiteko ideia asko gustatzen zitzaigulako eta helburu bat bilatzen genuelako antolatzea erabaki genuen. Lasterketa hau antolatzeak izugarri motibatu gaitu. Helburua ahalik eta emakume gehien gustuko dugun zerbait egiteko elkartzea da, bide batez espazio publikoa okupatuz eta ahalduntzea landuz. Emakume korrikalarien sare bat egitea ere bada gure helburua. Beraz emakume guztiak gonbidatzen ditugu, ez soilik ekimen honetan parte hartzera, baita gurekin urte osoan zehar korrika egitera ere.
I.G.: Kalera ateratzeko eguna izango da, beste behin ere, feminismoaren ahots eta aldarrikapenekin. Kaleak hartuko ditugu argi uzteko oraindik bide luzea dugula egiteko eta konkista asko defendatzeko.

Marienearen 10 urteak ospatzeko Flashmoba, irakurketa kolektiboa eta ginkana feminista antolatu dituzte Basaurin

Zein izango da ibilbidea?
I.G.: Maiatzaren 15ean 12:00etan irtengo gara Marieneatik. Handik San Migelerantza abiatuko gara Lapatza plazaraino, jarraian Eleuterio Villaverdetik Renferaino egingo dugu, hortik gasolindegira igo eta berriro Marieneatik pasatuko gara udaletxeraino. Nagusia kalea hartu eta Agirre Lehendakaritik Bentako plazan bukatuko dugu. Bertan, DJ batekin emango zaio bukaera korrikaldiari.
M.A.: Maider, ez esan ez zaizunik gurekin etortzeko gogoa piztu! (kar, kar, kar)

Kamiseta barne 5 euroko prezioa jarri diozue lasterketari, baina doakoa ere bada.
M.A.: Kamisetak, berez, gehiago balio du. Marienea Elkarteak bere gain hartu du 5 eurotik gorako kostua. Eta noski, gu, biziki eskertuak gaude. Beraz, ez dugu batere etekinik aterako korrikaldi honekin. Korrikaldi hau herrikoia da, ahalik eta emakume gehien parte hartzea da gure helburua, horregatik doan korrika egiteko aukera eskaintzen dugu. Gainera, ibilbidea ibiltzen egiteko aukera eskaintzen dugu eta horregatik ez dugu inolako saririk banatuko. Parte hartuko dugun emakume guztiok izango gara irabazleak.

Kamisetak bereizgarririk badu?
M.A.: Ez pentsa kolorearen hautaketa erreza izan denik (kar, kar, kar), baina azkenean kamiseta laranja kolorekoa izatea erabaki dugu. Laranja kolorea energia, oreka eta laguntasunaren kolorea delako eta gainera urrunetik ikusiko zaigulako. Kamiseta teknikoa da;  aurreko partean emakume bat agertzen da korrika egiten eta atzekaldean gure logoa agertzen da, MarieneaKO KOrrikalariak.

Emakumeon Herri Korrikaldia urtero antolatzeko asmorik baduzue?
I.G.: Auskalo! Aurtengo lasterketaren antolakuntzan murgilduta gaude. Egia esan, asko gozatzen ari gara; beraz, litekeena da datorren urtean errepikatzea.

Zer da zuentzat korrika egitea?
M.A.: Guretzat, korrika egitea errebeldia eta ahalduntze kolektiboa da. Korrika egiten dugu nahi dugulako, ez inorengandik ihes egiteko, ezta egunaren amaierara iristeko ematen ez digulako ere. Gure helburua ez da argaltzea ere. Korrika egiten dugu energia eta zaintza eskaintzen digulako, errutinatik abstraitzen gaituelako eta gure egoera fisiko, mental eta emozionalean laguntzen digulako. Azken batean, ondo sentiarazten gaituelako.

Eta 10 urte bete dituen Marienea?
I.G.: Marienea gure etxea da; emakume asko “bizi” gara bertan. Emakumeok elkartzeko, elkar zaintzeko eta sareak egiteko espazio izugarri potentea da, eta batez ere, ahalduntze gune bat da guretzat.

Parte hartzen duzue Marieneak antolatzen dituen bestelako ekintzetan? 
M.A.: Marieneako erabiltzaile aktiboak gara beraz parte hartzen dugu Marieneak antolatzen dituen hainbeste ekintzatan. Gutako batzuk gainera BasFemBand bandako partaideak gara eta beste batzuk Basauriko Asanblada Femnistako militanteak.

Marienea, feminismo eta berdintasun politiken erreferente hamar urtez

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak