→Basauri

Matxitxako kaleko aparkalekua berritzeko lanak hasiko dituzte urte hasieran, Basaurin

Obrek bi hilabeteko iraupena izango dute // Google

Matxitxako kaleko aparkalekua berritzeko lanei ekingo die laster Basauriko Udalak. Urriaren amaieran lizitazio prozesua zabaldu ondoren, lanak esleitu dituzte dagoeneko. Asfaltos Uribe S.A. enpresak burutuko ditu lanak eta aurreikuspenen arabera urte hasieran hasiko dituzte. Obrek bi hilabeteko iraupena izango dute, eta, haien baitan, aparkalekua berrantolatu, irisgarritasuna hobetu eta asfaltoa berrituko dituzte. Gainera, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu bikoitz bat jartzeko instalazioa egingo dute. Udalak 115.963 euroko inbertsioa egingo du esku-hartze horretan.

Datuak datu, guztira 69 aparkaleku-plaza izango ditu Matxitxakoko aparkalekuak, eta horietako bi leku behar bereziak dituzten pertsonentzat izango dira, eta beste bi ibilgailu elektrikoak kargatzeko. “Gaur egun, jende askok erabiltzen du Matxitxako aparkalekua, baina ez du sarbide eta ibilbide irisgarririk, eta zoladura berritu beharra dago. Esku-hartzearen bidez, hormigoi inprimatuzko espaloi irisgarri bat eraikiko da kanpoko espaloitik, aparkalekua berriz asfaltatuko da, eta seinaleak, argiak eta saneamendua hobetuko dira. Gainera, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu bikoitz bat jartzeko instalazioa egingo da”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak