→Basauri

2.000 lagun bildu ditu 2021eko MAZ Basauri jaialdiak bi jardunaldietan

“Asteburu bakarrean kontzentratu den zikloaren formatu berriak batez besteko betetze mailarik handiena izan du (% 87) Social Antzokian bederatzi urteko historian”, diote antolatzaileek.

// Argazkia: Jon Goikouria

Musikak Basauri bete du joan den asteburua. MAZ Basauri jaialdiaren bederatzigarren edizioa izan da azaroaren 12an eta 13an, asteburu bakarrean lehen aldiz, eta antolatzaileek balorazio positiboa egin dute, berriz ere ikusleen “babes oso handia” izan duelarik: “Asteburu bakarrean kontzentratu den zikloaren formatu berriak batez besteko betetze mailarik handiena izan du (% 87) Social Antzokian bederatzi urteko historian”, diote.

Datuak datu, azaroaren 12ko jardunaldian 700 lagun bertaratu zen Social Antzokira Xoel López, Maika Makovski eta Sara Zozaya; beste “sold out” berri bat MAZ Basaurin. Hain zuzen ere, lehen jardunaldirako sarrerak ia 3 egun lehenago agortu ziren. Bigarren jardunaldian, larunbateko kontzertuetara beste 640 lagun joan zen Basauriko antzokira Derby Motoreta’s Burrito Kachimba, Sotomonte eta Cecilia Payne ikustera, sarrera guztiak berriro agortzetik gertu. Datuok asteburu bakar batera biltzeko apustuarekin asmatu egin dela baieztatzen dute, izen handiko artistak programatzeko gaitasun berrituarekin, publikoaren eta komunikabide espezializatuen kritika positiboak jasoz eta Bizkaiko areto, antzoki eta pabiloietan kontzertu-programazioa oso ugaria izan den asteburu batetik indartuta ateraz”, diote antolatzaileek.

Txiki MAZek eta MAZ Kalean ekimenaren baitan antolaturiko doako kontzertuek ere erantzun ona izan dutela diote antolatzaileek: Solobarria plazatik 600 lagun inguru bertaratu dira egun osoan zehar. “Zikloaren bederatzi edizioetako haur programaziorik osatuenak dantzak, magia, umorea eta Oliver Magoak eskainitako antzerki ikuskizuna bildu zituen, baita Rayo talde getxoztarraren kontzertua eta Zarata DJaren saioa ere”, diote. Txiki MAZera 250 pertsona baino gehiago gerturatu ziren: “Eguerdirako hurbildutako familiak horietako asko, gehienak Bizkaiko beste udalerri batzuetakoak”, diote. Bestetik, arratsaldean MAZ Kalean doako kontzertuak izan ziren Solobarrian, “inoiz baino artista gehiagorekin”. Rockein lehiaketaren 2019ko eta 2020ko edizioetan saritutako Addar, Dukkha, Cäctus, Keniama, El Viejo Chimango eta La Tokokera taldeak igo ziren agertokira eta 350 lagunetik gora bildu zituzten.

MAZ Basauri Basariko Udalak sustatzen du. Bederatzi ediziotan udalerria musika-erreferente gisa kokatu du, eta pizgarri izan da Basauriko kultura-, merkataritza- eta ostalaritza-bizitzarako.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak