→Basauri

Mikel Garcia atletak Europako errekorra hautsi du Basauriko XXIII. Meeting paralinpikoan

Bestetik, Espainiako bi errekor hautsi dira Basauriko probetan: Desirée Vila luzera jauzian, eta Tania Castillo 100 metroko lasterketan.

Zortzi segundutan hobetu du bere marka Garciak // Argazkia: Gotzon Garcia

Basauriko XXIII. Meeting Probak maiatzaren 16an, igandez, izan dira Artunduaga kiroldegian. Guztira 160 atleta baino gehiagok hartu dute parte Meetingean -desagaitasunarekin eta desgaitasunik gabe-, zortzi herrialde desberdinetatik etorritakoak, eta Europako eta Espainiako errekorrak izan dira.

Alde batetik, Basauriko Bertako-Javi Conde klubeko Mikel Garcia atletak (T-21) Europako errekorra hautsi du 800 metroko lasterketan 2’51″06ko markarekin. Zortzi segundutan hobetu du marka kontinentala Garciak, izan ere, azkenekoz 2’59″01 denborarekin egin zuen proba bera. Eta bestetik, Espainiako bi errekor hautsi dira Basauriko probetan: bata Desirée Vila (T63) atleta galiziarrak 4,17 metroko luzera jauzia egin du eta Tokikoko Paralinpiar Jokoetarako gutxienekoa lortu du, eta bestea, Tania Castillo (T37) bilbotarraren errekorra 100 metroko lasterketan 15 segunduko markarekin. Castillo Liberty Promesas selekzioarekin lehiatu da Basauriko probetan eta hamabost egun barru Polonian jokatuko den IPC Europako Txapelketan parte hartuko du.

Tania Castillo // Meeting Basauri

“Eguraldiagatik egun zaila izan da, baina hala eta guztiz ere, marka onak lortu dira Basauriko probetan”, diote antolatzaileek. Jaurtiketatetan Ionut Preda errumaniarra (F57) eta Alvaro Del Amo madrildarra (F11) nabarmendu dituzte antolatzaileek: “Predak 27,68 metroko jaurtiketa egin du bere aulkitik, eta Del Amo irabazle izan da pisu eta disko jaurtiketetan, hurrenez hurren, 10,76 eta 33,36 metroko jaurtiketak egin ondoren”. Abiadura lasterketetan, Demba Diarra atleta maliarrak (T20) 200 metroko lasterketa irabazi du, eta Davide Bartolo italiarrak (T62) “lasterketa oso ona” egin du 25″91eko denborarekin; 400 metroko lasterketan Buinder S. Bermudez (T12; 51″31) eta Anderson Naranjo (T13; 51″62) kolonbiarren nagusitasuna azpimarratu dute antolatzaileek, baita Maitane Cano AT San Sebastian klubeko atletaren lasterketa ere (59″45), “Izaskun Oses domina paralinpiarra garaituta”.

Era berean, honakoak nabarmendu dituzte: ‘Joseba Larrinagaren IX. Memoriala’ 5.000 metroko proban, Jesus Fernandez atleta asturiarrak (T20) lehen postua lortu du 16’20″91eko denborarekin; Abdallah Ben Lahcen atleta marokoarrak (T53) irabazi du 100 eta 200 metroko gurpildun aulkietan; eta Ruben Aldas eta Judith Tortosa izan dira Race Runnerreko proba berritzaileko lehenak.

Amaieran ohiko sari banaketa egin du Basauriko Merkatariek Elkarteak, Meetingaren antolatzaileak, eta Ohorezko Txipiak ere banatu ditu. Aurten honakoek jaso dute Ohorezko Txipia: David Fernandez atleta asturiarrak, Juanjo Morgado entrenatzaile madrildarrak eta Basauri Kirolak erakundeak.

Tania Castillo Cuesta: “Atletismoa askatasuna da; zoriontasuna ematen dit”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak