→Basauri

Juanito Oiarzabal eta Cecilia Buil izango dira aurten Basauriko Mendi Jardunaldietan

Oiarzabal eta Buil alpinisten hitzaldiez gain, Baskonia Mendi Taldeko zenbait kidek Aconcaguara egindako igoera azalduko dute. Era berean, Mendi Film Festibaleko lau pelikula proiektatuko dituzte Social Antzokian.

Oiarzabal eta Buil, aurtengo Mendi Jardunaldietako protagonista // Argazkiak: Utzitakoak

Oiarzabal eta Buil alpinisten hitzaldiez gain, Baskonia Mendi Taldeko zenbait kidek Aconcaguara egindako igoera azalduko dute. Era berean, Mendi Film Festibaleko lau pelikula proiektatuko dituzte Social Antzokian

Baskonia Mendi Taldeak Mendi Jardunaldiak antolatu ditu beste urte batez. Azken urteotan bezala, azaroko lau astearteetan izango dira ekitaldiak. Besteak beste, hitzaldiak eta filmeen proiekzioak izango dira. Aurtengo egitarauari dagokionez, Juanito Oiarzabal eta Cecilia Buil izango dira hizlari, baita Baskonia Mendi Taldeko zenbait kide ere. Era berean, Mendi Film Festibaleko lau pelikula proiektatuko dituzte Social Antzokian.

Aurtengo Mendi Jardunaldiak azaroaren 5ean hasiko dira, Juanito Oiarzabalen hitzaldiarekin (19:30, Ibaigane Kultur Etxea. Doan). ‘Lhotse mendira igoera. 2 x 14 x 8.000’ proiektuaren berri emango du eskalatzaile arabarrak: 14 zortzimilakoak bi aldiz igotzearena, alegia. Halabera, Lhotseko tontorrera bigarren aldiz heltzeko bidean izandako gorabeherak eta kanpamendu nagusirainoko “jaitsiera gogorra” azalduko ditu Oiarzabalek hitzaldian.

Bigarren jardunaldia azaroaren 12an izango da (19:30, Ibaigane Kultur Etxean. Doan). Cecilia Buil alpinistak ‘HuEllas on ice’ proiektua aurkeztuko du. “Zenbait urtetan zehar hemisferio bietako neguetara bidaiatzen eta berotze globalak eragindako zailtasunak saihesten ibili eta gero, klima-aldaketaren areagotzeaz kontzientziatzeko modua ere bilakatu da Ceciliarentzat eragozpen horien berri ematea. Horrekin batera, naturaren mirari izoztuak ere erakutsiko dizkigu eskalatzaileak”, diote Baskoniako Mendi Jardueren arduradunek: “Izotz gaineko eskalada da, hain zuzen, HuEllasen protagonista nagusia. Ceciliak kontatuko digu zelan izotza bere bizitzan ezinbestekoa bihurtu den, halabeharrez ia, Karakorumeko hormak ezagutu ostean. Bideo laburrak proiektatuko ditu, eta Ceciliak horiei buruz hitz egingo du”.

Hirugarren jardunaldian, azaroaren 19an, Bilbao Mendi Film Festibaleko Mendi Tour 2018 birako lau film proiektatuko dituzte Social Antzokian (20:00. Bazkideek doan; gainontzekoek 4 euro): Bayandalai – Lord of the Taiga (11 minutu. Espainia), Notes from the Wall (32 minutu. Belgika), Liv along the Way (23 minutu. Kanada) eta Up to Speed (20 minutu. Estatu Batuak). “Jabi Baraiazarra Mendi Film Festivaleko zuzendariak aurkeztuko ditu lau filmak, eta aurtengoan ere, gurekin solasean ariko da”, diote antolatzaileek.

Mendi Jardunaldiei amaiera emateko, azaroaren 26an Baskonia Mendi Taldeko kideek bi hitzaldi emango dituzte (19:30. Ibaigane Kultur Etxea. Doan): ‘Aconcaguara igoera 2019’ eta ‘Torres del Paine W zirkuitua 2019’.

Baskonia Mendi Taldeak antolatzen ditu Mendi Jardunaldiok, Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Mendizale Federazioaren laguntzarekin.

Baskoniako Mendi Jardunaldiak | 2019

Azaroak 5, asteartea
19:30 Juanito Oiarzabal: ‘2 x 14 x 8.000. Lhotsera igoera’. Ibaigane Kultur Etxea

Azaroak 12, asteartea
19:30 Cecilia Buil: ‘HuEllas on ice’. Ibaigane Kultur Etxea

Azaroak 19, asteartea
20:00 Mendi Tour 2018. Film laburrak. Social Antzokia

Azaroak 26, asteartea
19:30 Baskonia Mendi Taldea: ‘Aconcaguara igoera’ eta ‘Torres del Paine W zirkuitua’. Ibaigane Kultur Etxea

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak