→Basauri

“Mercabilbao joatea eta ordezko proiekturik ez edukitzea larria” dela dio Basauriko EH Bilduk

// Geuria

Basauritik Ortuellara lekualdatuko dute Mercabilbao lau edo bost urteren buruan. Hori iragarri du gaur Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak. Aurreikuspenen arabera, 2027tik aurrera martxan egongo da Ortuellan Ezkerraldea-Meatzaldea Teknologia Parkearen campus berria eta bertan ezarriko dute Mercabilbao.

Mercabilbaok 13 hektareako lursaila hartzen du Artunduagan, eta Basauriko Udaletik adierazi dutenez, “Mercabilbaok utziko duen eremua Basaurirentzako aukera-lurzoru berri bat bihurtuko da”. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Udala bera lanean ari dira jada hemendik lau edo bost urteko tartean jarduera ekonomiko berriak Artunduagako lurzoru horietan ezartzeko.

Basauriko EH Bilduk bere kezka azaldu du: “Erabaki larria dela uste dugu. Lekualdaketa dela eta esan diguten gauza bakarra da lursail hori jarduera ekonomikoa sortzeko aukerako lurzoru berri bat bihurtuko dela, baina dakigun gauza bakarra da, oraingoz 60 enpresa inguruk Basauritik alde egingo dutela, horrek dakarren guztiarekin. Eta hori guztia, lursail horiek erabiltzeko plan argirik gabe, etorkizunari begirako desio horietatik harago”, diote. “Gardentasun falta” salatu dute koalizio ezkertiarretik: “Guztia erabakita ematen digute eta azken unean informazioa ematen da. Basauri, beste behin ere, beste erakundeengatik gutxietsita izan da. AHTarekin eta metroarekin gertatu zen bezala duela gutxi”.

Koalizio ezkertiarretik zenbait galdera egiten dizkiote euren buruei: “Noiztik ari dira lantzen lekualdaketa-zabalkuntza hori? Lehenengo lekualdatzea erabakiko da eta gero jarduera ekartzera bideratuko dira ahaleginak edo paraleloki landuko dira? Zer eragin negatibo izango du, epe laburrean, enpleguan Basaurin? Zer eragin izango du Udalaren diru-bilketan? Hori al da udal gobernuaren ustez Basauriren interesak defendatzea? Horrelako zentro ekonomiko bat joatea eta hura ordezkatzeko ezer zehatzik ez izatea?”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak