→Basauri

Mercabilbaok Basauri utziko du 2027an Ortuellara joateko

Bost urteren buruan Mercabilbao Basauritik joango dela iragarri dute gaur // Geuria

Mercabilbao Basauritik lekualdatuko dute. Aspaldidanik herrian entzun den zurrumurrua izan da, baina gaur bertan zurrumurru hori baieztatu dute: bost urteren buruan Mercabilbao Basauritik joango da, Ortuellan egingo duten Euskadiko Elikagaien Campus berrian ezartzeko. Campus hori 2027tik aurrera jarriko dute martxan, 500.000 metro karratu hartuko ditu eta 60 milioi euroko inbertsioa izango du. Euskadiko Parke Teknologikoen Saretik adierazi dutenez, Ortuellako Campus horrek 2.000 lanpostu zuzen sortuko ditu eta 750 milioi euroko fakturazioa erregistratuko du.

Berrogeita hamar urte bete dira Mercabilbao Artunduaga auzoan inauguratu zenetik. “Merkatuaren jardueraren bilakaerak berak, eta egungo instalazioak handitzea ezinezkoa izateak, nekazaritzako elikagaien sektoreko hainbat jarduera elkarrekin eman ahal izango diren ingurunera lekualdatzea aholkatzen dute, kontzentrazio-sinergia garrantzitsuak lortuz. Besteak beste, laugarren eta bosgarren gamako produktuak elaboratzeko eta kontserbatzeko prozesuak hobetzeko proba-banku gisa balio du, bai eta salmentarako dauden kanalen bitartez banatzeko ere”, diote Euskadiko Parke Teknologikoen ordezkariek.

Jarduera ekonomiko berrien bila

Mercabilbao Ortuellako elikadura-campus berri horretara lekualdatzean, gaur egun Basaurin dagoen banaketa-zentroaren hedapena biderkatu egingo dute bere beharrei erantzuteko. Gaur egun ehun bat enpresa ditu Mercabilbaok Basaurin, eta 1.200 pertsonari ematen die enplegu zuzena. “Urtean 260 mila tona produktu galkor merkaturatzen ditu, gehienak bertako merkataritzarako eta ostalaritzarako”, diote.

Mercabilbaok 13 hektareako lursaila hartzen du Artunduagan. Berez Bilboko Udalarena da lursaila, ez Basauriko Udalarena: “Hala ere, une honetan hartzen duen 13 hektareako lursaila aukera-lurzoru berri bihurtuko da Basaurirentzat. Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Basauriko Udala libre geratuko den eremu horretan jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen jarraitzeko ahaleginetan ari dira”, diote.

Basauriko Udalarekin harremanetan jarri da GEURIA: “Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Udala bera aurrea hartzen ari gara eta lanean ari gara Mercabilbaok utziko duen eremuan jarduera ekonomiko berria erakartzeko. Horretarako denbora-tartea dugu, lau edo bost urte aurretik. Lekualdaketa egiteko aurreikusi duten data 2026. edo 2027. urtea da”.

“Mercabilbao okupatzen duen lursaila Basaurirentzako aukera-lurzoru berri bat izango da”

Zerbitzu aurreratuak

Ortuellako Campus berriaren barruan Elikagai Campusa garatzearen helburu nagusia elikaduraren potentzial ekintzailea aktibatzea da, “oinarri teknologikoko enpresa eta proiektu berritzaileei, euskal ekoizpen-sektorean trakzio-ahalmena duten elikagai-enpresen negozio-ildoei edo elikadura-kate osoak sortzen lagunduko duten enpresa-ekimenei laguntza eta sostengu indibidualizatua emanez, eta, horrela, Euskadi kanpoko proiektu eta inbertsio berriak erakartzeko ingurune erakargarri bihurtzea ahalbidetuz”, diote Euskadiko Parke Teknologikoen ordezkariek.

Elikagaien Campusak zerbitzu bereizgarri hauek eskainiko dizkie lehiakortasuna indartu eta berrikuntzaren, digitalizazioaren eta jasangarritasunaren alorrean etengabeko hobekuntzarako guneak sortu gura dituzten enpresei: Lehengaien, ekoizpen-prozesuen eta amaitutako produktuen Kalitatea kontrolatzeko plataforma zentralizatua; Planta pilotu erdi-industriala, ekoizpenerako eta merkaturatu aurreko kontzeptu-probak gauzatzeko; Laneko arriskuak prebenitzeko eta minimizatzeko zerbitzuen plataforma; Industria-prozesuen optimizazioa digitalizazio- eta automatizazio-zerbitzu aurreratuen bitartez; Prestakuntza aurreratuko zentroa; Kontsumitzaileen plataforma produktuak balioztatzeko; Input-en (ura, energia) kontsumoa murrizteko eta urritzeak minimizatzeko zerbitzu aurreratuak; Azpiproduktuak kudeatzeko eta balioztatzeko zerbitzu aurreratuak; Prototipoetarako eta garapen berrietarako plataforma.

“Horrela, campus hau sortzea beste pauso garrantzitsu bat da ekosistema kohesionatuagoa eta balio erantsi handiagokoa eraikitzeko bidean, Euskadi nazioarteko mailan elikaduraren erreferentziazko lurralde gisa finkatzeko. Ekonomia- eta ezagutza-eragile guztien arteko lankidetza-proiektua da: zentro teknologikoak, erakundeak eta enpresak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak