→Basauri

Merkatariak, mundu digitalari lotzen ari den bizimodua

Gure gizarteak gero eta harreman estuagoa du teknologiarekiko. Digitalizazio honen ondorioz, merkatari txikiek haien egunerokotasuna moldatu behar izan dute.

Ziortza Martinez Arrieta, Alain Villaescusa Ealo eta Irune Yenes Romero Basauriko merkatariekin egin dugu berba // Geuria

[Geuria #080 alean argitaratutako erreportajea] 72. pisuan dagoen bulegotik irten, aerolabangailua motxilatik atera eta hegan egin dezaketen kotxez beteriko kalera irten zara erosketak egiteko gogoarekin. Robotez osatutako dendan sartu zara fruta erosteko asmoz. Dendan salgai dituzten jakien hologramak aztertu ostean, mandarinak erostea erabaki duzu, udan guztiz murgildurik egon arren. Ordaintzerako orduan, begi-ninia irakurtzeko gai den tresna batera gerturatu zara zure alboan dagoen pantaila batek ordaindu duzula adierazten duen arte. Erositako mandarinak zurekin hartu eta etxera itzuli zara, inorekin hitz egin gabe, ia egunero bezala.

2021ean erosketa egun bat horrelakoa izango zela uste zuten laurogeita hamargarren hamarkadako biztanleek. Nabari denez, etorkizunarekiko zuten ikuskera ez da bete; hala ere, ezin da ukatu gure gizarteak gero eta harreman estuagoa duela teknologiarekiko. Digitalizazio honen parte dira merkatariak ere, era handiagoan edo txikiagoan haien egunerokotasunean teknologiaren erabilera txertatu baitute. 

Duela 27 urte Umeak liburu denda sortzea erabaki zutenek ez zuten imajinatzen zenbateko aldaketa egongo zen ia hiru hamarkada hauetan lan egiteko orduan. Are gehiago, duela hamasei urte, Alain Villaescusa Ealo (Basauri, 1978) dendan lan egiten hasi zenean, zegoen lan egiteko era guztiz ezberdina zen gaur dutenarekin alderatuta. Lehen urtean bi edo hiru aldiz egiten zituzten material eskariak; egun, hilabetero egiten dituzte. Baina, hau ez da gehiago saltzen dutelako, baizik eta produktuek merkatuan duten iraupena askoz laburragoa delako. Villaescusaren arabera, “gaur egun, mundua azkarrago doa”, hau berak argi ikusten du modetan. Izan ere, modan dagoen Youtuber batek liburu bat idatziz gero, bi astetan zehar ondo saltzen da, baina “gero beste bat dator eta dena berriz aldatzen da”, hasierako produktua merkatutik at utziz. 

Merkatariek berehalakotasun horren atzean dihardute beti, horrek salmentetan ondorio zuzenik ez izan arren. Alain Villaescusaren aburuz, bera hasi zenean hamar gauza saltzeko egun bat behar bazuten, gaur egun, denbora hori bikoiztu egin da.  Berehalakotasun horren atzetik ibiltzeak beste aldaketa bat eragin du merkatarien lanean, batez ere liburu denden kasuan, “antzina fax edo telefonoz” egiten baitzituzten eskariak; orain, ostera, “dena” internet bitartez egiten dute, biltegiekin dituzten harreman komertzialak barne.

Digitalizazioa edonon

Digitalizazioa gizarteak azken urteetan pairatu duen aldaketarik nabariena da. Hau bizitzaren esparru guztietan aurkitzen da, baita merkataritzan ere. Basauriko merkatuko arrain-saltzaile batek, esaterako, Whatsapp-a erabiltzen du egunero mezu bat bidaltzeko bere erosleei egun horretan dituen produktuak erakutsiz. Horrela, herritarrek eskariak egin diezazkiokete; bestela, erosle askok ezingo zuketen arrain freskoa erosi merkatuan haien ordutegiak direla medio. Bitarteko berdina erabiltzen du Alain Villaescusak erosleekin harremanetan egoteko. 

Hala ere, Umeak dendakoak argi dauka: “Digitalizaziora goazen arren, horrek ez du esan nahi salmentak online egitera goazenik”. Digitalizazio berri honetara moldatze aldera, Basauriko Merkatarien elkarteak tailerrak eskaintzen dizkie merkatariei ahalik eta era egokienean molda daitezen. Eskaintzen dituzten tresnen artean, SEOri, WordPressi, Facebooki edota sare sozialetan eta web orrialdean erabiltzeko argazkilaritzari lotutakoak daude. Halaber, elkarteko batzarreko kide eta La ventana natural dendako jabea den Ziortza Martinez Arrietaren (Basauri, 1980) aburuz, “digitalizazioak daukan arazorik handiena errendimendua da”. Zeren, luzera begirako errendimendua ematen du gehienetan eta gastu ekonomiko handia da. 

Digitalizazio orokor honen adibide argia hezkuntza da. Oinarrizko heziketan ordenagailuek gero eta pisu handiagoa dute, liburuei lekua kenduz. Allain Villaescusaren arabera, hala ere, paperak ez du bere lekua guztiz galdu ordenagailuen erabilerak gora egin duen arren. Salmentetan nabaritzen du hau berak: “testuliburu gutxiago saltzen dira baina mugimendu gehiagorekin”. Eragin hau ez dator soilik haurrek matematikako liburua behar dutelako oraindik, baizik eta, “merkataritza-guneek liburuak eta papergintzako materiala saltzeari utzi diotelako”.

Alain Villaescusaren aburuz, gaur egungo merkatarien egunerokotasuna teknologiaren inguruan dabil. Umeak liburu dendan, esaterako, produktuen biltegia ordenagailuan dute. Gainera, berak ordaintzeko txartelaren erabileran igoera bat sumatu du, pandemiak lagunduta, akaso. 

TicketBAI, merkatariek ez

TicketBAI Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru foru-aldundiek martxan jarri duten ekimena da. Ekimen honen ondorioz, jarduera ekonomiko bat aurrera eramaten duen edonork fakturazio-software bat erabili beharko du. Honekin lortu nahi dutena zergadunen jarduera ekonomikoen diru-sarrerak kontrolatzea da. Bereziki, azken kontsumitzaileei ondasunak edo zerbitzuak ematen dizkieten sektoreetako jarduerenak, neurri handi batean eskudirutan kobratzen baitute. Ogasunen aburuz, informazio hori erabiliko da zergadunei zerga-betebeharrak betetzen laguntzeko.

Merkatariek ekintza hau ez dute ondo ikusten, onurak ekarri beharrean kalteak soilik ikusten dizkiotelako. Dendako gailu elektronikoak aldatu behar izan dituzte merkatari askok. Basauriko Merkatari elkarteak ez du ekintza hau lehentasun bat bezala ulertzen, eta merkatariei eragiten dien karga ekonomikoa salatzen dute. Izan ere, arrandegi batek, adibidez, bere egunerokotasunean ez du datafonoa erabiltzen; hori dela-eta, ez du wifirik ordaindu behar, zerbitzu horren beharrik ez duelako. TicketBAIrekin, ostera, zerbitzuok kontratatu beharko ditu, beharrezkoak baitira ekimen honetarako.

Alain Villaescusak eta Ziortza Martinezek azaldutakoaren arabera, hainbat merkatarik haien egunerokotasunean erabiltzen zituzten programa informatikoak moldatu behar izan dituzte TicketBAIk eskatzen dituen ezaugarriak betetzen ez dituztelako, EAEn bakarrik eraman delako aurrera ekintza hau. La ventana natural dendaren kasuan, esaterako, programa moldatu ezin izan balu, 1500 produktutik gora berkatalogatu beharko zituzkeen, horrek suposatzen duen denborarekin.

Aldaketa hau egiteko 2024ra arte dute denbora merkatariek, Ziortza Martinezen esanetan, “ogasunek telematikoki ezin izan dutelako hau guztia kudeatu”. Gainera, Villaescusak azpimarratzen zuenez, gastu ekonomikoen eragina merkatari txikiek pairatuko dute bakarrik, El Corte Inglés edo Fnac bezalako erraldoiek egoitza fiskala EAEtik kanpo dutelako.

Erraldoiekin lehian

TicketBAIk eragin dezakeen ezberdintasuna ez da digitalizazioaren ondorioz merkatari txikien eta sektoreko erraldoien arteko konpetentzian eragiten duen faktore bakarra. Basauriko Merkatari elkarteko Ziortza Martinezen ustetan, interneten saltzeak konpetentzia handitzen du, batez ere, herritarrek hornitzaileari berari zuzenean eros diezaioketelako, eta horiek prezio baxuagoak izaten dituzte. Honi aurre egiteko, denda txikiek aholkularitza eta arreta pertsonalizatua eskaintzen dutela dio Martinezek. Bere aburuz, bere erosleek definitzen dute haren denda eta haien beharrak asetzeko behar dutena aurkitzeko aukera dute. Gainera, zerbait gaizki dagoenean aldatzeko aukera dago era erraz batean. Covid-19ak eragindako pandemia dela-eta, erosle eta dendariaren arteko harremana ere digitalizatu egin da, dendari askok Whatsapp bezalako plataformak erabiltzen baitituzte haien erosleekin kontaktuan egoteko.

Alain Villaescusaren iritziz, halaber, jendearekiko arreta pertsonalizatua ez da dendari txikien eskaintzarik garrantzitsuena, produktua momentuan eskuratzeko gaitasuna baizik. Bere ustez, “jende gehienak ez du aholkurik nahi”; nahi dutena da gauzak momentuan edukitzea, itxaron gabe. Izan ere, Amazonen leloetako bat 24 orduan produktua etxean duzula izan arren, merkatari txikiek eskaintzen duten denbora-tartearekin alderatuta eternitate bat da. Zeren, dendan produktua aukeratu eta momentuan eraman dezakezu etxera.

Umeak liburu dendako saltzaileak azpimarratzen du interneteko erraldoiak ez direla lehenengoak konpetentzia egiten: “Betidanik egon da konpetentzia eta horri aurre egiteko moldatzen joan gara. Hasieran Bilbondo bezalako supermerkatu handiak izan ziren, gero metroa etorri zen eta jendea Bilbora jaitsi zen erosketak egitera eta, orain, Amazon bezalakoak datoz”. Salmenta batzuk erraldoi hauetara doazen arren, Villaescusak ez du uste “merkatu osoa” internetera doanik.

Erakusleiho birtualak

Dena dela, erosketak ez dira aholkularitzagatik edo produktua eskuan izateko aukeragatik hasten, begietatik baizik. Antzina, dendetako erakusleihoek betetzen zuten funtzio hau, baina, dena bezala, denboraren poderioz digitalizatu egin dira. Hor sartzen dira erakusleiho birtualak, denda asko batzen dituzten ekimenak. Hego Uriben egon badago horrelako ekimen bat: Gurean. Gurean Galdakaoko Merkatari elkarteak aurrera daraman proiektua da. Bertan herriko hainbat denden informazioa jaso daiteke, kontaktua edo helbidea, esaterako.

Onurak ekar ditzakeela onartzen duen arren, Alain Villaescusak gastu ekonomiko handiegia ikusten du benetako errendimenduarekin alderatzen bada. “Herriarentzat onurak ekar ditzake denden erakusleiho bat duelako, baina dendentzat ez da hainbesterako, denbora gehiegi da lortuko duzun etekinarekin konparatuta”. Izan ere, liburuen sektorean erakusleiho birtualek denbora daramate gure artean; hauetatik azpimarragarriena todostuslibros.com izanda. Horrelako ekimenen parte izateko kuota bat ordaindu behar da urtero eta Villaescusaren arabera, “momentua ez dago halako gastuak egiteko”

Azken aldian, interneten salmenten gorakada dela-eta, hainbat erakunde eta enpresek antzeko ekimenak eraman dituzte aurrera. BBK-k esaterako, Eup! plataforma sortu du, tokiko merkatariak web orrialde bakar batean metatze aldera. Baina, todostuslibros.com-en kasuan bezala, kuota ordaindu beharra dago. “Suposatzen da gehiago saltzen dela, baina diru hori kuotan ordaindu behar baduzu, dirua eskuz mugitzen ari zara, besterik ez”, dio Alain Villaescusak. Hau kontuan izanda, bere ustetan, hobea da hamar salmenta interneten izan beharrean bi dendan izatea.

Gainera, Villaescusaren aburuz, “Instagram eta web orrialdeak dira egungo erakusleihoak”. Iritzi berdina partekatzen dute Basauriko Merkatari elkartetik, azpimarratuz webguneak erakusleihotzat erabilita, urrun bizi direnek dendaren inguruko informazioa jaso dezaketela. Ziortza Martinezen ustez, “digitalizazioak ikusgaitasunean laguntzen du”, herrian betidanik egon diren dendak interneti esker ezagutzen baititugu, kale horietatik ez garelako inoiz igaro. Instagram bezalako sareen garrantzia azpimarratzen du Martinezek, egunerokotasunean finkaturik dauden sareetan presentzia edukitzeko ahalmena ematen diotelako merkatariari.

Oihanean lanean

Merkatari txikiak ez dira Instagram erabiltzen duten bakarrak. Izan ere, digitalizazioa dela medio, hainbat gaztek denda online bat sortzea erabaki dute Instagram plataforma nagusi bezala erabilita. Hori da Irune Yenes Romero (Basauri, 1993) herritarraren kasua. Duela urtebete hasi zuen bere ibilbidea @serendipia.art.bags kontuarekin. Bertan, berak eskuz marraztutako telazko poltsak saltzen ditu; edo hobeto esanda, bere artearen “zatitxo bat” saltzen du. 

Bere ustetan, Instagramen denda bat izateak alde positibo zein negatiboak ditu. Alde batetik, ikusgaitasun handiko sarea da, hortaz, jendearengana heltzeko tresna aproposa da oso. Bestetik, konpetentzia handia dago, eta hau saiheste aldera “ordu asko sartu behar dira”. Iruneren kasuan, esaterako, egun osoan zehar egiten duen lana da; ez baita bakarrik poltsak egitea, “Instagramerako argazkiak eta bideoak egin eta prestatu” behar ditu. Yenesen aburuz, denbora nahikoa eskainita eta “ondo lan eginda” jarraitzaile kopuru handi batera heltzeko aukera dago. 

Sekretua? Besteengandik ezberdintzea eta ahalik eta era naturalenean agertzea. Basauriarraren kasuan, esaterako, bere eskaintza nagusia ez dira “diseinu normalak”, jendeak dituen ideien gainean egiten duen lana baizik. Bere aburuz, artistak oso ondo baloratuta ez daudenez, sare sozialek aukera ematen die haien artea saldu ahal izateko. Hori bai, azpimarratzen du mundu honetan sartzeko ideia ez dela birritan pentsatu behar, oihanean  lan egitea baita.

Etorkizun digitala

Merkatu osoa oihan bat bihurtu ez dadin, Ziortza Martinezen arabera, etorkizuna “kooperazioan dago”, hau da, gremioek haien artean batzea erraldoiei aurre egiteko. Izan ere, merkatariek etorkizuna “zaila” ikusten dute. Umeak liburu dendan, esaterako, “momentu oro” merkatuaren aldaketetara moldatu behar izan dira, eta horrela jarraituko dute, aldaketa digitalizazioa izan arren. Martinezen arabera, datozen hamarkadetan “digitalizazioak aurrera egingo du”.

Bere ustez, digitalizazioak lan prekarietatea sortu ez dezan, gizartea hezi beharra dago kontsumo arduratsu batean. Izan ere, gauzak dauden bezala jarraituz gero “lan prekarietatera goaz zuzenean”, gremioak desagertzen ari direlako. Gainera, Martinezek azpimarratzen du digitalizazio bortitz batek soziabilitate gabeko gizartea eratu dezakeela. Hala ere, ez du uste gure herrietan mutur hartara helduko garenik, “gizarte bihurria” garelako.  

Gure gizartearen atal garrantzitsua dira dendak, gure artean harremanetan egoteko erabiltzen ditugunak. Alain Vaillaescusak esan bezala, “herria denda barik ez da benetako herri bat”, lo egiteko eraikin multzoa baizik. Izan ere, merkatari txikien dendek ez dute herria ondasun eta zerbitzuez soilik hornitzen, denda batek argitasuna ematen dio kaleari eta mugimendua eragiten du, kale ilunak herrietatik kenduz. Gainera, Ziortza Martinezen aburuz, “herriko dendek ekonomia zirkularra eratzen dute”, dirua herrian mantenduz.

“Zer enplegu mota nahi dugu sortu?”. Hori da gure buruei egin behar diegun galdera. Zeren, ez da interneten murgildutako gizarte batean erosketak egitea, baizik eta erosketa horiek nola (eta nori) egiten diren. Horregatik, 1 eta 0en mendean dagoen gizarte honetan, momentu bat hartu beharko genuke nahi dugun bizitza ereduaz hausnartzeko, gure merkatariez hausnartzeko. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak