→Basauri

Basaurin etxebizitzak desinfektatzeko jardunbide komertzial oldarkorren inguruan ohartarazi du Kontsumobidek

Covid-19aren krisia baliatuta etxebizitzak desinfektatzeko eta ura arazteko zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa batek etikoak ez diren merkataritza-jardunbideak erabiltzen dituela jakin du Kontsumobide erakundeak, Basauriko Udaleko Kontsumo arloaren bitartez. “Enpresak herritarrei deitzen die, eta esaten die etxetik pasako direla beren uraren analisia egitera eta etxebizitza desinfektatzera. Batzuetan, ezezkoa jasota ere, insistitu egin dute”, diote Udaletik.

Egoera horren aurrean, Kontsumobidetik diote ez dela derrigorrezkoa saltzaileei atea zabaltzea, eta gaineratu dute aipatutako zerbitzua erabili nahi izatekotan, “lehenengo eta behin aurrekontu bat eskatu behar duzuela, eta berau aztertu. Eta, guztiz seguru egon arte, ezer ez sinatzea”, diote. Ildo horretan, gogorarazi dute ura arazteko sistema hori erostekotan, “14 eguneko epea duzuela atzera egiteko, azalpenik eman beharrik gabe. Horretarako, gailuak erabili gabe eta prezintatuta egon behar du. Eta, noski, ez duzue baimenik eman behar gailurik instalatzeko edo obrarik egiteko, aurretiaz aurrekontua eskatu eta sinatu gabe. Gainera, gaur egun, epeak etenda daude”, diote Kontsumobidetik.

“Horrelako edo antzeko egoera baten biktima izan bazarete, edo itzuli nahi duzuen produktu bat erosi baduzue eta enpresak ez badizue onartzen, erreklamazio bat jarri ahal duzue www.kontsumobide.eus-en edo kontsumitzaileei arreta emateko dagokizuen bulegoan”, adierazi dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak