→Basauri

Merkatarientzako eta ostalarientzako euskara ikastaroak antolatuko dituzte Basaurin

Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko ‘Euskaraz erosi, euskaraz bizi’ kanpaina zabaldu du Basauriko Udalak. Ohiko zerbitzuez eta diru-laguntzez gain, baliabide gehiago eskainiko dituzte: kartelak maketatzeko zerbitzu berria, eta merkatari eta ostalarientzako ikastaro bereziak, herriko euskaltegiekin lankidetzan. “Ikastaro horiek erabat praktikoak izango dira: euskararen erabilera, ulermena eta euskarazko harremanak landuko dituzte”, dio Marieli Arroyo Basauriko Udaleko Euskara arloko zinegotziak.

Euskara ikastaroak 2021eko irailetik aurrera eskainiko dituzte Basauriko euskaltegietan, eta 20 eta 60 ordukoak izango dira: “Merkatari eta ostalarientzako egokiak diren ordutegietan eskainiko dira ikastaroak. Adibidez, 14:30etik 16:00era bitartean, astean bi edo hiru egun”, dio Arroyok. Basauri Merkatari Elkartearen iradokizunei jarraituta, maila bi egongo dira: hastapenak eta maila aurreratua. Udalak diruz lagunduko ditu ikastoroak.

Udalak eskainiko dituen zerbitzu guztiak katalogo eta webgune batean jaso ditu: euskarazbizi.basauri.eus. “Merkatari eta ostalariek bertan aurkituko dute informazio osoa dirulaguntzei buruz eta itzulpen, zuzenketa eta hizkuntza-aholkularitzari buruz; programarekin bat egin ahalko dute, eta behar duten materiala eta laguntza eskatu; proposamenak egin ahalko dituzte… Beren sektoreetan euskararen erabileran aurrera egiteko baliabideak eskuratu ahalko dituzte”, dio Arroyok.

Berezoentzako opariak

2021ean zehar, ‘Euskaraz erosi, euskaraz bizi’ kanpainara atxikitako establezimenduak identifikatuko dituzte, erakusleihoan ekimenaren bereizgarria jarrita. “Horrela, bezeroek erraz ikusiko dute non duten aukera euskaraz aritzeko“, dio Arroyok. Bestalde, kanpainarekin bat egiten duten ostalaritza-establezimenduen mahaietan ere pegatinak jarriko dituzte, euskarazko esaldi eta elkarrizketa txikiekin, “esate baterako, ‘Kafesnea eta tortilla pintxoa, mesedez’, edo ‘Kobratuko didazu?’.

Halaber, herriko dendetan eta tabernetan euskara erabiltzen duten bezeroen artean Kaishopen 2.000 poltsa banatuko dituzte: “Basauriko merkatariek eta ostalariek euskaraz aritzen diren bezeroei oparituko dizkiete poltsak”, dio Arroyok. Kaishop kanpaina Bizkaia osoan garatu dute eta helburua da bertokoa bultzatzea, urrutikoaren aldean; eta agerian uztea herriko merkataritza eta ostalaritzak tratu hurbilekoa eta pertsonala eskaintzen duela, eta harreman hori, gainera, euskaraz izan ahal dela.

Etxebarriko merkatarientzako euskara ikastaro espezializatuak antolatuko dituzte datorren ikasturtean

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak