→Basauri

Oinez ibiltzea sustatzeko mapa zabaldu dute Basaurin: Metrominutua

Metroarenaren antzeko estetika duen mapa batean irudikatu dituzte Basauriko zenbait punturen arteko distantziak eta denborak, oinezko mugikortasun berri bat sustatzeko laguntza gisa.

Herrian zeharreko distantziak eta denborak jasotzen ditu mapak // Geuria

Oinez ibiltzea sustatzeko ekimen bat sustatu dute Basaurin: Metrominutua. Herrian zeharreko distantziak eta denborak jasotzen dituen mapa da, eta dagoeneko kalean zein mugikorrean ikus daiteke. Metroarenaren antzeko estetika duen mapa batean irudikatu dituzte Basauriko zenbait punturen arteko distantziak eta denborak, oinezko mugikortasun berri bat sustatzeko laguntza gisa.

“Metrominutuak ikusarazten digu zein denbora gutxi behar dugun eguneroko gure beharrizanak oinez egiteko: horietako asko 5-15 minutuko joan-etorrian egin ditzakegu, horixe baita Basauriko zerbitzu-puntu nagusietara (osasun-zentroak, ikastetxeak, merkataritza-zerbitzuak, eraikin publikoak, kultura-zentroak…) joateko behar den denbora”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak. Mapan zenbait ibilbide orduko 5 kilometroko abiaduran egiteko behar den denbora jaso dute, eta, iraupenaren arabera, kolore desberdinak dituzte bideek.

Bizkaian aitzindaria da Basauri. Metrominutua ekimena Gasteizen, Errenterian eta Irunen jada hedatuta dago, eta Bizkaian oraindik ez zegoen horrelakorik martxan, eta Basauri izan da lehenengo herria ekimena sustatzen. Lehen Metrominutua 2011n sortu zuten, oinezkoen mugikortasunari buruz Pontevedra hirian egin zuten ideien laborategi batean. Ordutik, hiri ugarik egin dute bat ekimenarekin.

Prozesu parte-hartzailea

Red de Ciudades que Caminan sareak eta Sagarrak Talde Ekologistak diseinatu dute Basauriko Metrominutua, herritarrekin eta herriko elkarteekin egindako prozesu parte-hartzaile batean. Basauriko Udalak ekimenaren zabalkundea egiteko eta berau balioesteko konpromisoa hartu du. Proiektua Mugikortasunaren Europako Astean zehar aurkeztuko dute, irailaren 16tik 22ra.

“Agerikoa da oinez ibiltzea osasuntsua dela. Baina, horrez gain, herrian zehar oinez joateak, beste garraiobide batzuk erabili ordez —esaterako, autoa—, laguntzen du gas-isurketak eta zaratak murrizten eta mugikortasun jasangarria sustatzen”, dio Garbiñe Angulo Sagarrak Talde Ekologistako kideak: “Klima-aldaketaren eta kutsadura akustikoaren aurkako neurri egokia da Metrominutua”. Bestetik, José Fran Cid mugikortasun-teknikariak ere pozik azaldu du ekimena: “Oinez ibiltzea gure garraio-metodo nagusia da: denok oinez goaz, adibidez, garraio publikoa hartzera. Atsegina da, osasungarria da eta segurua da”.

Iaz Basauriko Udalak herriko ibilbide osasuntsuen sare bat diseinatu eta seinaleztatu zuen, jarduera fisikoa dibertsifikatzeko eta basauriarren artean jarduera fisikoa errazteko. Guztira lau ibilbide jasotzen ditu sareak, herri barrutik zein inguruetatik, eta horiekin Basauriko natura- eta kultura-ondarea balioetsi nahi izan du Udalak.

Metrominutua Basauri | Mapa

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak