→Basauri

Mozorro lehiaketa antolatuko du Zirt Zart Basaurik eta herritarrek bozkatuko dituzte irabazleak

Basauriko Zirt Zart Gazte Bulegoak alternatiba bat pentsatu du Inauterietan: Mozorro lehiaketa online. Irabazleek bonuak irabaziko dituzte herriko saltokietan gastatzeko.

Iazko Karnabas desfilea aurten ez da antolatuko // Geuria

Aurten ez dira ohiko Inauteriak ospatuko. Koronabirusa dela eta ez dira ekitaldirik antolatuko, baina Basauriko Udaleko Zirt Zart Gazte Bulegoak alternatiba bat pentsatu du Inauterien inguruan: Mozorro lehiaketa online. Lehiaketan 12 eta 35 urte bitarteko basauriarrek har dezakete parte, “hala ere, adin horretatik at diren senide eta lagunek zuekin batera parte hartzeko aukera izango dute”, diote Zirt Zartetik.

Mozorro lehiaketan parte hartu nahi dutenek argazki bat bidali beharko dute zirtzartbasauri@gmail.com edo zirtzart@basauri.eus helbide elektronikoetara otsailaren 12tik 21era bitartean, kategoria (bakarlaria, taldea edo Zirt Zart bazkidea), parte-hartzaileen izen-abizenak eta adina adieraziz. “ZirtZart kategorian parte hartuz gero, bazkide zenbakia eta kategoria bakarrik idatzi beharko diguzue”, diote. Behin argazkia eta datuak jasota, antolatzaileek horren berri emango diote lehiakideari posta elektroniko bidez, eta horrela parte hartzea konfirmatuta geratuko da. “Lehiaketatik kanpo geratuko dira edukiagatik edo mezuagatik sexu diskriminazioa bultzatu, iraingarriak izan, sentsibilitatea zauritu edo hirugarren pertsonen eskubideak bortxa ditzaketen argazkiak”, diote antolatzaileek.

Lehiaketan parte hartzeko derrigorrezkoa da Basaurin erroldatura egotea, eta talde kategoriari dagokionez, argazkian gutxienez bi pertsona eta gehienez sei pertsona agertu beharko dira. “ZirtZart kategoriako parte hartzaileak bazkideak izan beharko dira, eta argazkian 1-6 pertsona ager daitezke”, diote.

Herritarren bozka

Herritarrek erabakiko dute kategoria bakoitzean nork irabaziko duen: “Parte-hartzaileen argazki guztiak behin jasota, gure sare sozialetan partekatuko dugu bozketa. Horrela, otsailaren 22tik 24ra bitartean zeuek izango zarete irabazleak aukeratzeko arduradunak. Zeuek izango zarete epaimahaia”, diote. #Zirtzartmozorrolehiaketa traola sortuko dute jasotako argazkiak sare sozialetan publikatzeko.

Sariei dagokienez, bakarlari kategian lehen sailkatuak 250 euroko bonua irabaziko du eta bigarren sailkatuak 150 euroko bonua; taldeko kategorian lehenengoek 100 euroko bonua jasoko dute eta bigarrenek 50 euroko bonua; eta ZirtZart kategorian 300 euroko bonua banatuko dute. Bonuak Basauriko saltokietan gastatzekoak izango dira.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak