→Basauri

Mugarriz Mugarri 13 kilometroko ibilbidea egingo dute urriaren 17an Basauriko inguruetatik

Baskonia Mendi Taldeak Mugarriz Mugarri ibilbidea antolatu du urriaren 17an, igandez. San Migel, Lapatza, Tiritegigana, Etxerre, Larrazabal, Zubialdea, Iturritxueta, Ollarkrutze edota Finaga zeharkatuko dituzte.

// Artxiboa

Baskonia Mendi Taldeak Mugarriz Mugarri ibilbidea antolatuko du urriaren 17an, igandez. Aurten hamargarren edizioa da eta aurrekoetan bezala herriko mugetatik izango da ibilbidea: San Migel, Lapatza, Tiritegigana, Etxerre, Larrazabal, Zubialdea, Iturritxueta, Ollarkrutze, Finaga eta San Migel. Guztira 13 kilometroko ibilbidea da igandean egingo dutena.

“Pandemiak eragindako atzerapena dela eta, aurten egingo dugu berriro Mugarriz Mugarri, Basauriko Udalak 1996an 29 mugarri jarri zituenetik 25 urte bete diren honetan”, diote Baskonia Mendi Taldeko ordezkariek: “Denbora tarte honetan, mugarri batzuk desagertu egin dira, batez ere pertsona eta kolektibo jakin batzuen tratu txarrengatik. Hain zuzen ere, aurten onartu du Basauriko Udalak, Baskonia Mendi Taldeak proposatuta, gure mugen erreferentzia eta adierazle diren puntu horiek guztiak berrezartzea eta eguneratzea. Eszenatokia eta erreferentziak berdinak dira, baina 25 urtetan leku horien erabilera aldatu egin da, eta antzinako bideetako belardi edota bidezidor zementuak eta hormigoiak inbaditu dituzte gaur egun; ondorioz, leku jakin batzuetan, tako eta iltze topografikoek ohiko mugarriak ordezkatzen dituzte. Egoera hori ikusten joango gara bidean zehar”.

2006. urtean antolatu zuen lehen aldiz Baskonia Mendi Taldeak Mugarriz Mugarri ibilbidea. “Gure inguruko herriekin ditugun mugetatik hurbilen dauden bideak ezagutzea eta zeharkatzea da asmoa, inguru horien ezagutza geografikoa horrela transmititzen saiatuz eta toponimia ezagutuz”, diote Baskonia Mendi Taldeko ordezkariek.

Janabide, Mugarri Jator

Martxa aprobetxatuta, Mugarri Jator izeneko aitorpena ere emango du Baskonia Mendi Taldeak. Aurten Janabide Basauriko Laguntza Elkarteko kideei egingo diete errekonozimendua, “zuen jarrera solidarioa kontuan hartuta”, diote. Janabidek Basauriko familia batzuen elikagai-beharrak asetzea du helburu.

Mugarriz Mugarri | X. Edizioa

2021/10/17 · 09:00

Ibilbidea
Nekazarien Plaza / Eleuterio Villaverde kalea / Uriarte / Apeadero / Goikoetxe / El Lombo M-18 / Ibarra, Vega / Artunduaga, zubia / San Bixente auzoa / Tiretigigana / Zabalandi / Iragorriti / Etxerre. Putzua / Etxerre auzoa / Gudarien etorbidea / Cervantes etorbidea / Lizasoren eskultura / Larrazabal kalea / La Baskonia / Tranbia tunela / Bataola / Bokete / Gandarias / Zubialdea / Montefuerte parkea / Iturritxueta / Meatxeta (edatekoa eta jatekoa) / Ollarkrutze zaharra / Ollakrutze / Urretxu Iturri / Finaga auzoa / Luzarre auzoa / Larratura / Iturrigorri / Iturrigorri biribilgunea / Gernika kalea / Nekazarien plaza

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak