→Basauri

‘Musu bat’ disko berria kaleratuko du Unai Etxebarria basauriarrak

Bakarkalari bezala bigarren diskoa argitaratuko du abenduaren 25ean Unai Etxebarria basauriarrak: ‘Musu bat’.

bigarren diskoa argitaratuko du abenduaren 25ean Unai Etxebarria basauriarrak // Unai Etxebarria

Bakarkalari bezala bigarren diskoa argitaratuko du abenduaren 25ean Unai Etxebarria basauriarrak (Basauri, 1993). ‘Musu bat’ da diskoaren izena eta 9 abestiz osatutako lana da. “Amodiozko letrak, kritika eta gai sozialei buruzko letrak aurkituko ditu entzuleak disko berrian”, dio Unaik. Folk-rock estiloan abesti guztiak euskaraz dira.

Abesti guztien musika eta letra Unaik berak sortu du, eta diskoaren konposizioa, grabazioa eta ekoizpena ere bere esku egin du musikari basauriarrak. “Batzen ditudan instrumentu guztiak nik neuk jo ditut, softwarearekin lagunduta perkusioaren arloa lantzeko, baina batez ere, ahotsaren garrantzia handiagoa jaso dut lan honetan”, dio Unaik: “Ilusioz beterik datorren lana da, baita indar asko duena, euskara hutsean”. Abenduaren 25etik aurrera plataforma digital guztietan eskuragarri egongo da ‘Musu bat’ diskoa.

Unai Etxebarria 3 urterekin hasi zen musika jotzen eta 11 urterekin bere lehenengo kontzertua eman zuen. Urteak daramatza musika arloan euskal folklorea lantzen, batez ere Koldo Etxebarria bere aitarekin, trikitixa eta panderoa astinduz. Gainera, Atzekabe rock taldeko kide ere izan zen. “Behin, gitarra hartu eta nire musika lantzeko asmotan, konposatzen hasi nintzen”, dio Unaik. Ordutik, 2019tik, bakarlari bezala ari da. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak