Lara Izagirre zuzendari eta gidoilari zornotzarraren bigarren film luzea, Nora, Basauriko Social Antzokian ikusgai egongo da irailaren 23an, 24an eta 26an. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez dago filmatuta eta jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpi-idatziekin proiektatuko dute Social Antzokian. Sarrerak salgai daude 5 euroan.
Ane Pikaza, Héctor Alterio, Ramón Barea, Klara Badiola, Iñigo Aranbarri, Joseba Usabiaga edota Loli Astoreka aktoreak azaltzen dira filmean, baita Itziar Ituño aktore basauriarra ere.
Sinopsia
Norak 30 urte ditu, Nicolás aitite argentinarrarekin bizi da eta Meri lagunaren seme-alabak zaindu ohi ditu. Herriko aldizkariaren horoskopoa idazten du, baina bere ametsa bidaia-idazle izatea da. Aititeren heriotzak Dyane 6 zahar bat utziko dio herentzian. Norak gaizki gidatzen badu ere, noraezeko road trip-a egingo du Euskal Herriko kostaldean zehar, aititeren errautsak amatxiren errautsen ondora eramateko. Bideak laster erakutsiko dio ez dela bidaiari izateko jaio, eta bere ametsak ez zuela zerikusirik berarekin, baizik eta libre izateko, hazteko, zauriak ixteko eta lehenengo aldiz bere buruari zoriontsu izateko aukera emateko aitzakia besterik ez zela.
