→Basauri

Olentzeroren kalejirari eutsiko diote Basaurin, aurten geldialdi bakarrarekin

// Geuria

Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 24an, ostiral gauean, iritsiko da Euskal Herriko etxeetara. Basaurin ere izango da ikazkina, eta aurreikusi bezala kalejira egingo du ostiral arratsaldean, 17:30ean Ariztik, Kantabria parketik. Basauriko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, Olentzeroren kalejirari eutsiko diote, baina aurtengoan geldialdi bakarra egingo du Arizgoitiko plazan, ibilbidearen amaieran, “osasun prebentziorako neurri gehigarri gisa”, diote udal ordezkariek.

Ildo berean adierazi dute kalejira mantsoago egingo dela, eta Babes Zibilak zainduko duela ikusleek maskara erabil dezaten -helduak edo haurrak izan- eta distantzia soziala manten dezaten. Aldez aurreko prebentzio-neurri gisa, aurten Olentzero eta bere lagunak ez dira Begoñako Andra Mari kaletik igaroko, “kalea estua baita, eta ondorioz, jende pilaketak gertatzeko erraztasun handiagoz”, diote.

Errege Magoen kabalgata

Bestetik, Errege Magoen kabalgata momentuz ere mantenduko dela diote Udaletik. “Aurreikusitako antolaketan aldaketaren bat egitea erabakitzen bada, horren berri emango da unean-unean”, diote udal arduradunek.

“Gabonetako programazioaren gainerakoa, Haur Parkea eta beste zenbait jarduera, beharrezko osasun-neurri guztiei jarraituz garatuko da”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak