→Basauri

Ile-apainketa eta estetika zikloa eskainiko du berriro Basauriko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak

Etxebarri-Basauriko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak, prestakuntza-eskaintza zabalagoarekin eta instalazioetan hobekuntzak eginda ekin dio 2021-2022 ikasturteari.

Argazkia: Basauriko Udala

Etxebarri-Basauriko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak (OLHUI -‘CIPEB’ gaztelaniazko siglekin ezagutzen dena-), prestakuntza-eskaintza zabalagoarekin eta instalazioetan hobekuntzak eginda ekin dio 2021-2022 ikasturteari. Hain zuzen ere, ile-apainketa eta estetika zikloa berreskuratu du Udal Institutuak ikasturte berrirako. Gainera, atezainaren etxebizitza zena egokitu eta ikasgela bat, bilera-gela bat eta bulego bat eraiki dituzte, eta ile-apainketa tailerrerako lanabesak eta altzariak berritu dituzte.

Era berean, arte grafikoak, sukaldaritza eta jatetxe arloa, informatika eta komunikazioak eta mantentze-lanak etxebizitzetan ikasketak ere eskainiko dituzte hasiberri den ikasturte honetan. “Une honetan, beteta daude eskainitako bost zikloetarako toki guztiak, hau da, 127”, diote arduradunek.

“Digitalizazioaren alde apustu egiten jarraituko dugu, pertsonen arteko harremana eta gazte bakoitzarentzako laguntza pertsonalizatua bigarren mailan utzi gabe. Horiexek dira, hain zuzen, malgua izan behar duen, eta gazte bakoitzari sortzen zaizkion beharrizanetara etengabe egokituz joan behar duen esku-hartze sozioedukatibo horren gakoak”, diote.

Lankidetza-hitzarmenak

Basauri OLHUIn eskainitako ikasketa arautuek bi urte irauten dute, enpresako praktikaldia barne; eta ikasleek, Oinarrizko Lanbide Heziketa titulua eskuratzeaz gain, DBHko graduatu-titulua eta 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria (Lanbide) ere lor dezakete.

Basauriko eta Etxebarriko ile-apaindegiek lankidetza-hitzarmenak sinatu dituzte Udal Institutuarekin, prestakuntza-ibilbidea burutzeko beharrezkoak diren praktikaldietarako.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak