Osasun sistema publikoaren alde beste elkarretaratze bat deitu dute Basaurin. Otsailaren 16an, asteazkenez, izango da 12:30ean Arizko anbulatorioaren aurrean, ‘Osasun sistema publikoa defendatu! Lehen arreta bermatu!’ lemapean. Kontzentrazioa ‘Basaurin Bizi, Lan eta Pentsio Duina’ plataformak deitu du.
Ez da aurreneko elkarretaratzea Basauriko anbulatorio zentralaren aurrean deitzen dutena: duela astebete Basauriko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioa egin zuen udaletxetik Arizko anbulatorioara, urtarrilean Osakidetzako egoera “jasanezina” salatzeko kontzentrazioa egin zuten, eta abenduan lehen arreta bermatzeko beste elkarretaratze bat egin zuten osasun langileek zein herritarrek.
