→Basauri

Basauriko ostalari bati eginbideak ireki dizkiote, adingabe bat eta emakume bat modu irregularrean kontratatzeagatik

“Los Burros” eremuko taberna bateko ostalariari ireki dizkiote eginbideak // Basauriko Udala

Basauriko Udaltzaingoak eginbideak ireki dizkio ostalari bati, langileen askatasunaren aurkako delitu batengatik. Hain zuzen ere, adingabeak eta laneko baimenik gabeko pertsonak kontratatzean langileen askatasunaren aurka ustez egindako delitu batengatik ireki dizkiote eginbideak Basauriko 46 urteko ostalari bati. 

Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, atzo udaltzainak Kareaga Goikoa kalean herritarren zaintza-lanak egiten ari ziren bitartean, ohartu ziren musika entzuten zela kale bereko “Los Burros” eremuko taberna batean. Agenteak, ikuskapena egiten ari ziren bitartean, konturatu ziren tabernako nagusiak musika-ekipoak jartzeko Udalak ezarritako debekua berriro urratu zuela eta oraingoan ordenagailu bat erabiltzen ari zela lokala girotzeko. “Taberna horrek musika-ekipoa zigilatuta zuen, Udalak espediente bat ireki ziolako lokal horri, inguruko etxebizitzetan etengabe sortutako eragozpenak zirela eta”, diote udal ordezkariek.

Egiaztapenak egin ondoren, tabernako zerbitzari batek susmopean jarri zituen agenteak. Hala, polizia-lana etengabe oztopatu zuen lokalaren nagusia aurka egon arren, langile hura identifikatu zuten, eta egiaztatu zuten egoera irregularrean zegoen “atzerriko adingabe bat” zela. Langileak aitortu zuen zerbitzari gisa egiten zuela lan lokaleko arduradunarentzat, kontraturik gabe eta haren amak jakin eta baimendu gabe. Era berean, ikerketa egin bitartean egiaztatu ahal izan zuten lokaleko beste zerbitzari bat egoera irregularrean dagoen atzerriko emakume bat zela, lan-kontraturik ez zuena.

Langileen askatasunaren aurkako delituak 18 hilabete arteko kartzela-zigorra ekar dezake. Eginbide horiek guardiako epaitegira bidaliko dituzte, “salatutakoak bi emakumeen beharrizan-egoeraz abusatu baitu aberasteko, bere nagusitasun-egoeraz baliatuta; hala, bi emakumeen lan-eskubideak mugatu eta baliogabetu ditu, eta gainera horietako bat adingabea zen eta lanean ari zen amak ezer jakin gabe”, diote udal ordezkariek. 

Basauriko Udaltzaingoaren agenteek behin baino gehiagotan esku hartu behar izan dute aipatutako tabernan. Dagoeneko hamar akta ireki dizkiote era askotako arau-hausteak egiteagatik, hala nola, itxiera ordutegiak ez errespetatzea eta zarata etengabe egitea; orain izapidetzen ari dira guztiak dagozkion zigor-espedienteak ezartzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak