Sareak

☉ Basauri

Soloartetik Arizgoitira manifestazioa egingo dute Basauriko ostalariek azaroaren 13an

‘SOS Ostalaritza Basauri’ lemapean manifestazioa deitu dute zenbait ostalarik azaroaren 13an, ostiralez.

|

Tabernak itxita Galizia kalean, Basaurin // Argazkia: Geuria

Azaroaren 7tik itxita daude berriro tabernak eta jatetxeak EAEn, eta ordutik zenbait kontzentrazio egin dituzte, batez ere, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako hiriburuetan. Herri txikiagoetan ere hasi dira mobilizazioak deitzen, eta esaterako, Hego Uribe eskualdean, Basaurin manifestazioa deitu dute bertako zenbait ostalarik azaroaren 13an, ostiralez. Manifestazioa 19:00etan hasiko da Soloarte parkean eta ibilbide hau egingo du: Soloarte, Lehendakari Agirre, Autonomia, Nagusia eta Arizgoitiko plaza.

Manifestazioaren ideia Soloarteko hiru tabernariri bururatu zitzaien: “Larunbatean Bilboko manifestaziora joan ginen eta pentsatu genuen Basaurin ere zerbait egin behar zela”, dio Bienve Godoy tabernariak: “Hiru egunetan antolatu dugun mobilizazioa da, eta gero eta ostalari gehiago ari dira batzen. Espero dugu denak batzea eta indar gehiago egitea”. Deialdiarekin bat egin duten ostalariek maskara batzuk sort dituzte #SosOstalaritzaBasauri lemapean. 

Argazkia: Utzitakoa

“Diru-laguntzak emango zizkigutela esan zuten instituzioek, baina oraindik ez dira iritsi. Batzuek jasoko zituzten, baina ez dira denengana heldu. Momentu honetan ostalariok lan egitea besterik ez dugu nahi”, dio Godoyk.

☉ Basauri

Igor Oca basauriarrak Leganesen lehen taldea zuzenduko du denboraldi amaierara arte

Talde madrildarrak karguan berretsi du entrenatzailea, abenduaren 5ean Paco Lopezen ordez behin-behineko kargua hartu ostean

|

Igor Oca CD Leganes taldearen prentsaurreko batean // Utzitakoa

Gabon gau egunean iragarri zuen Leganes talde madrildarrak albistea: Igor Oca Pulido basauriarra CD Leganeseko lehen taldeko entrenatzailea izango da denboraldia bukatu bitartean, taldearen gidaritza hartu eta hiru astera.

Joan den udan iritsi zen Oca Leganesera, Sestao Riverretik, klubeko bigarren taldea (Leganes B) gidatzeko asmoz. Hala ere, Paco Lopezen kargugabetzearen ostean, lehen taldearen ardura hartu zuen behin-behinean.

Tarte honetan zuzendu dituen hiru partidetan (bi berdinketa eta porrot bat), klubeko zuzendaritzaren konfiantza bereganatu duela argi utzi du erabaki honek.

GEURIAk elkarrizketa egin zion Ocari 2024ko apirilean, ´Arkeologia baloirengatik aldatu zuen basauriarra´ izeneko erreportajean. Profil berezia du entrenatzaile basauriarrak: Historian lizentziatua da eta Arkeologian espezializatua, baina bere ibilbide profesionala aulkian garatu du azken urteetan, batez ere Hego Amerikan, hala nola Ekuadorren, Txilen edo Mexikon.

Erronka nagusia: Salbazioa

Basauriarraren zeregina ez da erraza izango. Leganes LaLiga Hypermotion-eko (Bigarren Maila) jaitsiera postuetan dago une honetan, salbaziotik puntu bakar batera bada ere. Bere lantaldean Ivan Gomez (bigarren entrenatzailea), Alberto Bueno eta Nano Rivas izango ditu lagun denboraldiko helburua lortzeko.

Datorren astelehenean, abenduaren 29an, prentsaurreko ofiziala eskainiko du Ocak Butarque instalazioetan, proiektu berriaren xehetasunak emateko.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Pertsona bat eta bere txakurra harrapatu ditu auto batek Basauriko Azganeta kalean

Istripua atzo arratsaldean gertatu zen. Osasun-langileek zauritutako pertsona artatu zute, eta suhiltzaileek, berriz, zauritutako animalia egonkortu zuten

|

Istripuaren irudiak // Utzitakoa

Bart arratsaldean trafiko istripua gertatu zen Basauriko Azganeta kalean, Artunduagako enpresagunearen pasabidearen parean. Suhitzaileek jakinarazi dutenaren arabera,  auto batek pertsona bat harrapatu du eta, berarekin batera, zaurituta geratu da bere txakurra ere.

Suhiltzaileek sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, abisua jaso bezain laster bertaratu dira larrialdi zerbitzuak. Osasun-langileak harrapatutako pertsona artatzeaz arduratu dira lekura iritsi direnean.

Bizkaiko Suhiltzaileek hartu dute txakurra artatzeko ardura. Animalia ere zaurituta geratu da kolpearen ondorioz, eta suhiltzaileek bertan egonkortu dute, jabeari laguntza medikoa ematen zioten bitartean.

Une honetan ez da zaurituen egoeraren inguruko xehetasun gehiagorik eman, ezta istripuaren arrazoien inguruko argibiderik ere. Udaltzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak | Olentzero eta Mari Domingi lagunez inguratuta iritsi dira Basaurira!

|

Euriak ez du zapuztu Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejira Basaurin. Galtzagorriak, dantzariak, Mari eta Sugaar, eta Basajaun lagun izan dituzte bidean, baita kalejirara batu diren herritarrak ere.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Migeleko lanzaderak Basauriko geltokia lekuz aldatuko du 2026an: udaletxetik Kareagara

Urtarrilaren 1etik aurrera izango du aldaketa. Maiztasuna 30 minuturik behinekoa izango da eta autobus berri batek emango du zerbitzua

|

Lanzadera Gernika 5 kaleko geltokian // Geuria

San Migeleko lanzadera zerbitzuak aldaketak izango ditu 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Basauriko Udaletik azaldu dutenez, lanzaderaren Basauriko geltokia lekuz aldatuko dute eta urtarrilaren 1etik aurrera Kareaga Goikoa 83 kalean egongo da geralekua, Kareagan, Kutxabanken ondoan.

“Gaur egun autobusa Basozelaiko metro geltokiaren aurrean gelditzen da, baina sarbide hori ez da irisgarria. Horregatik, urtarrilaren 1etik aurrera Bidasoa kaleko metro geltokiaren aurrean geldituko da; hango sarbidea irisgarria da”, esan dute udal ordezkariek.

Modu horretan, honakoa izango da lanzaderak San Migeletik Basaurira egingo duen ibilbidea: Eleuterio Villaverde 22 (San Migel)-Gernika 5 (Abaroa)-Kareaga Goikoa 83 (Kutxabank).

Ondoren, Boketean norabide aldaketa egin ostean, Basauritik San Migelerako ibilibidea hau izango da: Kareaga Goikoa 26 (Bidasoa metro geltokia)-Gernika 8 (Abaroa)-Eleuterio Villaverde 22 (San Migel).

30 minutuko maiztasuna

Lanzadera astelehenetik igandera bitartean ibiliko da, 06:05etik 23:15era, eta maiztasuna 30 minuturik behinekoa izango da.

Eta, udal arduradunek zehaztu dutenez, 11:ooetan eta 18:30ean ez da zerbitzurik egongo.

Urtarrilaren 1etik aurrera lanzaderaren maiztasuna txikiagoa izango da (abenduaren 31ra arte 20 minuturik behinekoa da): “Hala ere, San Migeletik igarotzen diren Bizkaibusen lineekin konbinatuz gero, garraio-zerbitzu integrala 15 minuturik behinekoa izango da. Gainera, badaude bizkaitarrontzako zenbait garraio-laguntza publiko”, esan dute.

Autobus berria

Aldaketa horiez gain, ingurumenaren alorreko hobekuntzak ezarriko ditu Basauriko Udalak. Zehazki, autobus berri batek emango du zerbitzua, “katalizatzailea eta ad blue teknologia erabiltzen dituena”.

“Orain arte zerbitzua eman duten autobusak baino efizienteagoa da eta ingurumenaren alorreko hobekuntzak ditu. Gainera, kutsadura akustikoa gutxituko da, lanzadera ez delako Basozelaitik igaroko”, diote udal ordezkariek.

Bestetik, epe laburrera eta ertainera, “eta san migeldarrei metrorainoko garraioa bermatzen jarraitzeko”, Bizkaiko Foru Aldundiaren mugikortasun jasangarriaren eredu berrian sartuko da Basauriko Udala.

“Aurreikusten da eredu hori bi urteko epean hasiko dela martxan, eta, beraren bidez, zerbitzu publikoak bikoiztea ekidingo da, Bizkaiko garraio osoa arrazionalizatuko da, eta mugikortasun jasangarriranzko urratsak egingo dira”, diote.

Eredu berrian dohainik izango dira garraioen arteko aldaketak, “eta, horri esker, San Migeleko auzotarrek Bizkaibus eta Metroa lotu ahalko dituzte, metroraino heltzeko edo metroa erabili osteko ibilbidean kostu gehigarririk izan gabe”, esan dute.

Eredu berria abiarazi aurretik, Bizkaibusek parte-hartze bidezko prozesua abiaraziko du, bizkaitarrek euren iritzia eman eta proposamenak egiteko aukera izateko.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Itziar Ituño basauriarrak parte hartuko du euskaraz bizitzeko ‘Pizkundea’ ekitaldian

Abenduaren 27an, larunbatez, izango da Bilbao Arenan. Ekimenaren helburua da mezu argia helaraztea: euskara guztion ardura dela

|

Abenduaren 27an izango da ekitaldia Bilbao Arenan // Kontseilua

Euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi dugun larrialdi linguistikoaren aurrean, indarraldi berri baterako bidea zabaldu nahi du Euskalgintzaren Kontseiluak.

Eta, horretarako ekitaldia antolatu du abenduaren 27an, larunbatez, Bilbao Arenan, Miribillan. ‘Euskaraz bizitzeko Pizkundea’ lelopean, ekitaldia 17:00etatik 19:00etara izango da.

“Etsipenean jausi beharrean, euskaraz bizi nahi dugula adierazi, elkarrekin arnasa hartu, eta euskarari etorkizuna emateko prest gaudela erakusteko ekitaldia izango da”, esan dute antolatzaileek.

Besteak beste, ‘Euskararen soinu-banda’ taularatuko dute, hamarkadatan euskararen taupadaren parte izan diren kantuak ekarriz. Amets Aranguren (Ibil bedi taldea), Anari, Beñat Goitia (Benizze), Gontzal Mendibil, Gorka Urbizu, Joseba Tapia, Julen Goldarazena (Flako Fonki-Chill Mafia), Maia Iribarne (Habia taldea) eta Miren Narbaiza (MICE) musikariek hartuko dute parte.

Era berean, azken urteetan euskarazko zineman nabarmendu diren hainbat aktorek ere parte hartuko dute, tartean, Itziar Ituño basauriarra, Edurne Azkarate, Miren Gaztañaga eta Ramon Agirre.

Oholtzara igoko dira ere Ane Labaka eta Sustrai Colina bertsolariak, baita kulturgile gehiago ere. Ekitaldiaren gidaritza artistikoa Oier Guillan antzerkigilearen esku izan da.

Ekitaldia zuzenean ikusteko oraindik ere sarrerak sagai daude 10 euroan webgune honen bitartez.

Sarreraren kostua artisten lana eta ekitaldiaren gastuen zati bat ordaintzera bideratuko dela adierazi dute Kontseilutik.

Osorik irakurri