→Basauri

Ostalaritzarako 150.000 euro gehiago bideratuko ditu Basauriko Udalak

Onuradun bakoitzari eman beharreko zenbatekoa ezartzeko, aintzat hartuko dute establezimendua erabat ala partzialki itxita egon den.

Ostalaritzaren aldeko manifestazioa abenduan Basaurin // Geuria

Ostalaritzarako diru-laguntza lerro berria abiaraziko du Basauriko Udalak. Zehazki, 150.000 euro bideratuko ditu Udalak diru-laguntza partida berrirako. Onuradun bakoitzari eman beharreko zenbatekoa ezartzeko, aintzat hartuko dute establezimendua erabat ala partzialki itxita (etxeko zerbitzua edo aurretiazko hitzorduarekin) egon den. Datuak datu, guztiz itxi behar izan dutenek 575 euro jasoko dituzte, eta partzialki itxi dutenek 400 euro.

Diru-laguntza hauen helburua da pandemiaren ondoriozko jarduera-murrizketek ostalaritzan eragindako galerak arintzea. Laguntzak eskatzeko epea zabaldu bezain laster, Udalak horren berri emango du, eta azalduko du laguntzak zelan izapidetu behar diren. Udal ordezkarien arabera, martxoan hasiko dira laguntzak ordaintzen.

Herriko ostalariei, enpresa txikiei eta ertainei, eta autonomoei laguntzeko Basauriko Udalak dagoeneko 431.705 euro bideratu ditu: alde batetik 382.000 euro alarma-egoerak eragindako galerak arintzeko (590 laguntza), eta bestetik, 49.705 euro Covid-19aren aurkako segurtasun- eta prebentzio-neurriak eta birusa zabaltzea prebenitzeko neurriak bermatzeko inbertsioen ondoriozko gastuetarako (119 laguntza).

“Badakigu laguntzak ez direla nahikoa izandako galera guztiak arintzeko, baina Udalak ahalegin handia egin behar izan du berauek emateko. Aurrera begira, egoera luzatzen bada eta beharrezkoa izanez gero, eta, betiere, Udalaren ahalmen ekonomikoaren arabera, beste ekimen batzuk egitea baloratuko dugu, sektore horiei aurrera egiten laguntzeko, beste erakunde batzuetatik jasotako laguntzekin batera”, dio Asier Iragorri alkateak. Zentzu horretan, merkataritza saltokietan eta ostalaritzan gastatzeko Kontsumo Bonuak kaleratuko dituela adierazi dute udal ordezkariek, eta horretara 150.000 euro bideratuko ditu. Gainera, merkatari eta ostalariei % 65 murriztuko diete 2020ko zabor-bilketa tasa eta baimena emango du aparkalekuetan terrazak jartzeko.

2020ko hasieran terraza-tasa osorik ordaindu zuten tabernei dirua itzuli die Basauriko Udalak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak