→Basauri

Basauriko 10.800 herritar daude deituta PCR proba egitera baheketa masiboan

Gaur, ostirala, hasi dira PCR probak modu masiboan egiten Basaurin. Osasun Sailak eta Osakidetzak egiten dabiltzan zaintza- eta kontrol-lanen baitan herritarren lankidetza eskatzen dute, eta 13 eta 40 urte bitartekoak daude deituta proba egitera; guztira Basauriko 10.800 herritar. “Gaur 500 herritar ingururi eman diogu hitzordua”, dio Amaia Etxebarria Barrualde-Galdakaoko ESIko Arreta Integratuko zuzendariak: “Baheketara joan daitezen animatzen ditut basauriarrak. Oso garrantzitsua da sintomarik gabeko pertsonak identifikatzeko, kutsadurak saihesteko eta birusa komunitatean ez barreiatzeko”.

Zentzu horretan, isolamenduari buruz aritu da Etxebarria: “Argitu beharra dago baheketara doazen pertsonek ez direla isolatuta geratu behar probaren ondoren. Probaren zain dauden bitartean sintomak izango balituzte bakarrik izango litzateke garrantzitsua isolatzea. Bestela, isolamendurik gabe itxaron beharko dute emaitza”.

“Osasun Sailak eta Osakidetzak Basaurin baheketa masiboa egitea erabaki dute, udalerrian gero eta kasu gehiago eman direlako. Jarraitzen ditugun adierazleak 100.000 biztanleko 7 eta 14 egunerako kasuak dira, eta ondoren zein ratioetan hazten ari den ikusten dugu. Ildo horretan, azken egunotan asko ugaritu dira kasuak Basaurin, eta are gehiago 13 eta 40 urte bitarteko adin-tarte horretan”, dio Etxebarriak. 

Arratsaldean, 16:00ak aldera hasi dira baheketarekin eta 21:00ak arte izango dira. Datozen egunetan 09:00etatik 21:00etara egongo dira PCR probak egiten. Momentuz azaroaren 11ra arte izango dira Arizgoitiko jubilatuen etxean, Social Antzokiaren ondoan, PCRak egiten, baina baliteke denbora gehiago luzatzea, “beharrizanak gehiago balira”, dio Etxebarriak. Sarrera nagusitik sartu eta PCRa egin ondoren, atzeko ate batetik irtengo dira herritarrak, Social Antzokiaren atzeko aldera.

Aldez aurretik hitzordua eskatzeko udalerriko osasun-zentroetako telefonoetara deitu behar da:  94 600 73 45 (Basauri-Ariz Osasun-zentroa), 94 600 74 74 (Basauri-Kareaga Osasun-zentroa), eta 94 426 27 40 (San Migueleko Kontsultategia). Basauriko ikastetxeren batean eskolatuta dauden 13 eta 18 urte bitarteko herritarrek (DBH, Batxilergoa eta LH) ez dute aldez aurretik hitzordurik hartu behar osasun-zentroan. Ikastetxeak berak jakinaraziko die non eta noiz egin behar duten PCR proba. Aldez aurretik hitzordua eskatu beharko dute, beren osasun-zentroaren bidez, udalerritik kanpoko ikastetxeetan ikasten duten Basauriko ikasleek.

Kolaboratzeko deia

Asier Iragorri Basauriko alkateak 13 eta 40 urte bitarteko herrikideek PCRa egin dezaten animatu ditu: “Gutxienez bost egun ditugu aurretik herritarrek PCRa egin dezaten, eta basauriarrak animatu nahiko nituzke etortzera lehenbailehen datu zehatzak edukitzeko. Jende gehiena etortzen bada, datuak fidagarriagoak izango dira”, dio Iragorrik.

“Durangon egin genuen baheketan 13 eta 40 urte bitarteko herritarren % 54ak egin zuen PCR proba. Bataz beste hori ari da izaten parte-hartzea, baina uste dugu datu horiek hobetu daitezkeela”, dio Etxebarriak: “Jende gehiago joaten den heinean eta sintomarik gabeko pertsona gehiago detektatzen ditugun heinean, neurri oldarkorragoak saihesteko gai izango gara”. 

Bien bitartean, Osasun Sailak eta Osakidetzak herritar guztiei gogorarazten diete COVIDekin bateragarriak diren sintomak edukiz gero –besteak beste, sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko zailtasunak edo usaimenaren galera– beren etxeetan bakartzeko eta osasun-zentrora deitzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak