→Basauri

Basauriko baheketa masiboa azaroaren 12ra arte luzatu du Osakidetzak

Goizean hitzordu gehiagorik ematen ez zuten arren, Osakidetzak egun bat gehiago gehitu du Basaurin PCR masiboak egiteko.

Atzo eguerdira arte 1.427 PCR egin zituzten soilik // Argazkia: Geuria

Basauriko baheketa masiboak aurrera darrai. Zaintza- eta kontrol-lanen baitan, Basauriko 13 eta 40 urte bitartekoak daude deituta PCR proba egitera. Guztira, 10.300 herritar daude deituta, eta atzo eguerdira arte 1.427 PCR egin zituzten. Horietatik 22 kasu positibo antzeman zituzten, hau da, egindako proben % 1,54a.

Azaroaren 6an arratsaldean hasi ziren probak egiten Arizgoitiko jubilatuen etxean eta printzipioz, azaroaren 11ra arte izango ziren osasun langileak PCRak egiten. Barrualde-Galdakao ESIak jakinarazi berri duenez, azaroaren 12ra arte, 15:00ak arte, luzatuko da baheketa masiboa.

Aldez aurretik hitzordua eskatzeko udalerriko osasun-zentroetako telefonoetara deitu behar da: 94 600 73 45 (Basauri-Ariz Osasun-zentroa), 94 600 74 74 (Basauri-Kareaga Osasun-zentroa), eta 94 426 27 40 (San Migueleko Kontsultategia). Basauriko ikastetxeren batean eskolatuta dauden 13 eta 18 urte bitarteko herritarrek ez dute aldez aurretik hitzordurik hartu behar osasun-zentroan. Ikastetxeak berak jakinaraziko die non eta noiz egin behar duten PCR proba. Aldez aurretik hitzordua eskatu beharko dute, beren osasun-zentroaren bidez, udalerritik kanpoko ikastetxeetan ikasten duten Basauriko ikasleek.

Basauriko herritar batek GEURIAri adierazi dionez, goizean PCRa egiteko Basauri-Arizko anbulatoriora deitu du, baina “hitzordurik ez zela geratzen” esan diote. Orain, baheketa masiboa ostegunera arte luzatu dutenez, hitzordu berriak eska daitezke.

Basauriko 10.800 herritar daude deituta PCR proba egitera baheketa masiboan

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak