→Basauri

Kapitalizazio plan pribatuen kontrako martxa egin dute Pentsiodunek Basaurin

Eguerdian batu dira Basauriko pentsiodunak udaletxe atarian. “Europan nagusi diren belaunaldien arteko elkartasuna eta banaketa sistema ordezkatu gura ditu Europar Komisioak apurka-apurka, eredu mistoak ezarriz”, kritikatu dute, “kapitalizazio plan pribatuak ezarriz, hain zuzen ere. Argi utzi nahi dugu kapitalizazio sistema ez direla seguruak, ez dira bidezkoak eta ordaindu ahal dituztenengana baino ez dira heltzen. Are gehiago, Pentsio Publikoen Sistemarako izan beharko liratekeen baliabideak xahutzen dira bertan”.

Udaletxean hasi eta Gizarte Segurantzan bukatu du martxa Pentsiodunen Mugimenduak. Jose Luis Escrivak presente izan dute protestetan. Izan ere, Gizarte Segurantza ministroak sustapen publikoa eta kudeaketa pribatua izango duten makrofondoak sustatuko dituela esan berri du.

Asko izan dira martxan entzundako aldarriak eta denak bide berean: 1.080 euroko gutxieneko pentsioak, 1.200 euroko gutxieneko soldata, 2010ko eta 2012ko lan erreformak baliogabetu, 20211ko eta 2013ko pentsio erreformen atal atzerakoiak baliogabetu, 4o urtez edo gehiagoz kotizatzeagatiko aurretiaz erretiratzeagatiko penalizazioak baliogabetu, genero arrakala desagerrarazteko urratsak eman, aparteko orduak (ez ordainduak, ez kotizatuak) desagerrarazi, eta alargunen pentsioen oinarri erregulatzailearen %100era heltzeko urratsak eman.

Martxaren amaieran adierazi dute bankuen kontrako protestak abiaraziko dituztela datozen deialdietan. “Europak emandako mailegu-erreskatea itzuli beharko da, baina enpresa handiei eta aberats handiei zergak igoko dizkiete? Iruzur fiskala eragozteko lan egingo dute? Bankuei exijituko diete 2010eko erreskatearen 60.000 milioiak itzultzea?”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak