→Basauri

Banketxeen politiken aurka manifestazioa egin dute gaur pentsiodunek Basaurin

// Geuria

Basauriko Pentsiodunen Mugimenduak urteko lehen manifestazioa egin du gaur. Banketxeen politiken kontra egin dute martxa gaurkoan: “Ikusten dugu urtez urte banku-zerbitzuak okerrera egiten duela eta gero eta zailago egiten digutela geure dirua eskuratzea. Era berean, ikusten dugu pandemiaren ondorioz zailtasunak areagotu egin direla; sukurtsalak ixten ari direla, askotan auzo eta herrietan zuzeneko arretarako aukera bakarra direnak; erabiltzaileei zuzeneko arreta emateko langileak murrizten ari direla; ordutegiak murriztu direla; kudeaketa telematikoak egitera behartzen dela, eta komisioak gero eta handiagoak direla akziodunen mesederako”, diote Pentsiodunen Mugimendutik: “Erabaki horiek kroniko bihurtzen ari dira, eta umiliazioa, arretarik eza eta arriskuak eragiten dizkiete finantza-erakundeetan itxaron-ilaran dauden pertsonei”.

Hain zuzen ere, banku-erakunde sukurtsaletan “hilabetez hilabete” sortzen diren itxaron-ilarengatik kezka agertu dute pentsiodunek. Gainera, gero eta handiagoak diren komisioak eta dauden baliabide gutxi salatu dituzte: Gure ustez, finantza-sektoreak funtsezko zerbitzua ematen du herritarrentzat, eta arreta berezia eskatzen diegu banku-bulegoetan zuzeneko arreta erabili behar duten pertsonei, eta batez ere adinekoei”, diote, eta gaineratu dute: “Finantza-erakundeei eskatzen diegu itxaron-ilarekin bukatzeko, zerbitzuak berrezarri ditzatela, sukurtsalak berrireki ditzatela, plantillak gehitu ditzatela, pentsiodunentzat eta adinekoentzat leihatila espezifikoak ireki ditzatela, eta komisioak murriztu ditzatela 2015eko mailara”.

“Banketxeek txarto tratatzen gaituzte. Adinekook gero eta gehiago sufritzen dugu banketxeetan: itxaron-ilara gehiagorik ez dugu nahi, ordutegiak murritzak dira, gero eta handiagoak diren komisioak ezartzen dizkigute, aurrez aurreko arreta aldarrikatzen dugu kudeaketa telematikoak errazteko, sukurtsal eta langile gehiago behar dira. Errespetuzko tratua eskatzen dugu. Eta ez dugu ahazten: bankuek 66.000 milioi euro zor dizkio herriari”, diote Basauriko, Bizkaiako zein Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduetatik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak