→Basauri

Bideoa | Basauriko pentsiodunek protesta egin dute banketxeen politiken aurka

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua kalera irten da beste astelehen bat. Hego Uribe eskualdean, Basaurin, pentsiodunek banketxeetara manifestazioa egin dute apirilaren 26an: “Hirugarrenez mobilizatu gara gure herriko bankuek arreta pertsonalean eta ordutegietan izan dituzten murrizketak eta bulegoen itxierak salatzeko, baita adineko pertsonengan, pentsiodunengan, dituen ondorioak salatzeko ere. Ilara luzeak itxaron behar ditugu -eguraldia dena delakoa izanda-, lan jakin batzuk egiteko arreta pertsonala behar dugu, kontuan hartu gabe pertsona horietako askorentzat ezinezkoa dela kutxazain batean jardutea, eta, hori guztia gutxi balitz, orain, Internet bidez ere eragiketak egitea nahi dute, adineko pertsonetan dagoen eten digitala kontuan hartu gabe. Hirugarren pertsona baten mendeko bihurtzen gaituzte, izan senitartekoak, bizilagunak edo lagunak. Eta hori guztia bankuek gastuak murrizteko, eta horrela, irabaziak handitzeko”, dio Jose Luis Bilbao Otegui Basauriko Pentsiodunen Mugimenduko kideak.

Iazko abenduaren 28an lehenengo protesta egin zuten Basauriko pentsiodunek herriko banketxeetan, eta bigarrena martxoaren 22an errepikatu zuten. “Bankuek eta, baita aurrezki-kutxek ere, zerbitzu publikoa eman behar dute eta finantza bitartekarien funtzioa bete behar dute, jarduera ekonomikoa eta produktiboa errazteko. Ikusten dugu urtez urte banku-zerbitzuak okerrera egiten duela eta gero eta zailago jartzen digutela geure dirua eskuratzea; era berean, ikusten dugu pandemiaren ondorioz zailtasunak areagotu egin direla; sukurtsalak ixten ari direla, askotan auzo eta herrietan zuzeneko arretarako aukera bakarra direnak; erabiltzaileen arretarako langileak murrizten ari dira eta komisioak handitzen, finantza-erakundeetako akziodunen dibidenduak handitzeko”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak