→Basauri

Pintxo Ekologiko txapelketa antolatu du hirugarren urtez Sagarrak taldeak Basaurin

Bigarren edizioko irabazleak, 2019an, Eskarabilla Txokoan // Argazkia: Sagarrak Ekologista Taldea

Basauri Pintxo Ekologiko txapelketa antolatu du hirugarren urtez Sagarrak talde ekologistak abenduan, ‘Basaurin erosketak atsegin handiz!’ kontsumo arduratsu, eraldatzaile eta ekofeministaren 2021eko kanpainaren barruan. Txapelketa abenduaren 11n eta 12an izango da. “Garaiko produktua, bertakoa eta ekologikoa ezagutarazi nahi dugu eta bertako produktuak eskaintzen dituzten establezimenduak ere erakutsi nahi ditugu”, diote Sagarrakeko ordezkariek: “Hirugarren edizio honetan sasoiko, bertako eta produktu ekologikoekin egindako ekopintxoa dastatu ahal izatea nahi dugu, zaporetsuagoa, osasuntsuagoa eta elikagarriagoa delako”.

Lehiaketan parte hartu nahi duten tabernek izena eman behar dute abenduaren 3a baino lehen 944 263 769 telefono zenbakira deituz edo ekologia@sagarrak.org helbide elektronikora mezu bat bidaliz. Izena ematearekin batera 10 euro ordaindu beharko dira eta horrekin produktu ekologikoen sorta bat banatuko du Sagarrakek. Sortak honako produktu hauek izango ditu: patatak, tipula, arrautzak, olioa, ogia, gatza eta poltsa berrerabilgarri bat.

Edizio honetan Txoko Eskarabilla, La Ventana de Ziortza, Helen Okindegia, EramatEKO, Ortutik Ahora, ENEEK (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontselua) eta Añanako Gatz Harana erakundeen babesa izango du Basauri Pintxo Ekologikoa txapelketak.

Hiru sari

Basauri Pintxo Ekologiko txapelketak hiru sari banatuko ditu. Lehenengo saria izango da Bizkaiko ekoizle ekologikoei bisita, 5 litroko olio ekologikoko botila, 50 kiloko patata ekologiko zakua, eta bi laguntzeko dastaketa afaria Eskarabilla Txokoan; bigarren sarituak honakoak jasoko ditu: Bizkaiko ekoizle ekologikoei bisita, 3 litroko olio ekologikoko botila, 25 kilo patata ekologiko poltsa, eta bi lagunentzako dastaketa afaria Eskarabilla Txokoan; eta hirugarren sariak barne hartuko ditu Bizkaiko ekoizle ekologikoei bisita, litro bateko olio ekologikoko botila, 15 kiloko patata ekologiko poltsa, eta bi lagunentzako dastaketa afaria Eskarabilla Txokoan. Epaimahaia arloko adituek osatutakoa izango da, eta aurkezpena, originaltasuna, zaporeen harmonia, tenperatura eta prestaketa baloratuko dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak