→Basauri

Pintxo txapelketa antolatuko dute bigarren urtez, Basauri Pintxo Festa ekimenaren baitan

Ekimenean parte hartu nahi duten ostalaritza-establezimenduak biltzen dituen gida editatu eta banatzeaz gain, kale-animazioa eta Pintxo txapelketa ere izango dira.

Helmuga Basauri-Pintxo Festa gida banatuko du Udalak // Argazkia: Basauriko Udala

Basauri Pintxo Festa ekimena izango da azaroaren 15etik 17ra bitartean. Hiru egunetan zehar, Basauriko pintxoak eta ostalaritza-eskaintza zabala sustatuko ditu 2019ko Basauri Pintxo Festak, herriko eta inguru hurbileko kontsumitzaileen artean. Ildo horretatik, herriko merkataritzan kontsumoa areagotzea bilatuko du ekimenak, eta ezagutzera emango du udalerrian aisialdirako dagoen eskaintza.

Aurreko edizioetan bezala, aurten ere Helmuga Basauri-Pintxo Festa gida banatuko du Udalak, eta parte hartuko duten ostalaritza-establezimenduetan eta Basauriko toki esanguratsuenetan egongo dira eskuragarri. Gida horretan, besteak beste, parte hartuko duten establezimenduen izena, helbidea, kokapena, eta kanpainarako aurreikusitako kultura-, kirol- eta aisialdi-egitaraua agertuko dira. Ekimenean parte hartu nahi duten tabernek izena eman beharko dute datozen egunotan. Iaz 101 tabernek hartu zuten parte ekimenean.

Pintxo txapelketa

Iaz izan zuen arrakastaren ostean, aurten ere Pintxo txapelketa antolatuko dute. Parte hartuko duen taberna bakoitzak txapelketarako pintxo bat hautatu beharko du, eta horrek piperra, orburua edota perretxikoak izan beharko ditu.

Pintxo txapelketara aurkeztutako pintxoak azaroaren 15etik 17ra bitartean eskaini beharko dituzte. Irabazleek diploma jasoko dute, eta kategoria desberdinetan irabazle diren pintxoak Helmuga Basauri ekimenaren hurrengo edizioa sustatzeko irudi gisa erabiliko ditu Udalak.

Pintxo txapelketaz gain, kale-animazioa ere izango da Basaurin azaroaren 15etik 17ra bitartean: “Basauriko ostalaritza- eta merkataritza-guneetara jendea erakartzeko asmoarekin, abesbatzak, fanfarreak edota kontzertuak izango dira asteburuan zehar”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak