→Basauri

‘Pirinioetako Bidea’ ekimenean izena eman ahalko da Baskonia Mendi Taldearen egoitzan

Basauriko eta Galdakaoko Gure Eskuko kideak Laina mendian // Utzitakoa

‘Pirinioetako Bidea’ ekimena egingo du uztailean Gure Eskuk. Helburua da Euskal Herria eta Katalunia batuz argi-lerro bat osatzea eta horretarako Pirinioetako 300 gailurretik gora argiztatzea. Ekimena uztailaren 2an izango da eta hartara Hego Uribe eskualdeko herritarrak batuko dira: Basauri, Galdakao, Etxebarri eta Zaratamoko herritarrek Laina mendia (869 metro) igoko dute, eta Arrigorriaga, Ugao, Zeberio, Arrankudiaga, Arakaldo eta Orozkoko herritarrek Baigura mendia (897 metro).

Uztailaren 2ko erronkan parte hartzeko izena emateko epea zabalik da dagoeneko. Interesdunek esteka honen bitartez eman dezakete izena: “Herri bakoitzak gailurrak izango ditu izendatuta, honenbestez, nongoa zaren adierazten duzunean, gailur batzuk proposatuko zaizkizu, herrikideekin batera joan zaitezen. Edonola ere, beste edozein gailur aukeratu ahal izango duzu”, diote Gure Eskutik. Gailur guztien zerrenda esteka honetan kontsulta daiteke.

Basaurin aurrez aurre izena emateko aukera dago. Baskonia Mendi Taldearen egoitzan eman daiteke izena (Doktor Fleming, 2) astelehenetan eta asteazkenetan 19:30etik 21:00era. “Uztailaren 2an Laina mendia argiztatuko dugu basauriarrok, Galdakao, Etxebarri, Usansolo eta Zaratamoko herritarrekin batera. Autobusa Basauritik 16:15ean irtengo da. Luhusora joango gara eta bertan etxetik eramandakoa askalduko dugu. Ondoren, 19:00etan igoera hasiko dugu Baigurako Kirol Zentrotik Lainako tontorreraino. Argiak 22:15ak aldera piztuko ditugu eta bitartean ‘Txoriak txori’ abestuko dugu. Jarraian jaitsiera hasiko dugu eta 00:30ean autobusa hartuko dugu Basaurira itzultzeko”, diote Basauriko Gure Eskuko ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak