→Basauri

Basauriko Selekzioa, Athletic, Lillestrøm, Reala, Alaves eta Elche, 2022ko Piru Gainza torneoan

Basauriko Selekzioa 2018ko Piru Gainza torneoan // Geuria

Bi urteko etenaldi behartuaren ondoren bueltan da Piru Gainza torneoa Basaurin. Basauriko Selekzioa, Athletic Club, Lillestrøm SK (Norvegia), Real Sociedad, Deportivo Alaves eta Elche CF futbol taldeek jokatuko dute 2022ko txapelketa. Aurten 22. edizioa da eta ekainaren 4an eta 5ean jokatuko da Soloarte futbol zelaian. Era berean, aurten lehen aldiz emakumezkoen kadete triangularra ere antolatu dute. Ekainaren 3an izango da triangular hori eta Athletic Club, Bizkaiko Selekzioa eta Antiguoko taldeak lehiatuko dira.

Urtero bezala, Piru Gainza Saria banatuko dute antolatzaileek. Aurten Juan Carlos Garcia Gonzalez saskibaloi arbitroari emango diote saria. Euroligako eta FIBAko epaile gisa nazioarteko hainbat ekitalditan parte hartu du arbitro basauriarrak. Besteak beste, 2014ko Espainiako Munduko Txapelketan hirugarren eta laugarren posturako partida arbitratu zuen, eta 2016an Estatu Batuen eta Serbiaren arteko joko olinpikoen finalean ere epaile lanak egin zituen. Gainera, 2019ko Errege Kopako finala arbitratu zuen, Real Madril eta Bartzelonaren artekoa (93–94). 2019an FIBAko arbitro gisa azken partidua Espainia eta Lituania artekoaarbitratu zuen basauriarrak Iruñan. Orain ACB ligako eta Euroligako arbitro gisa lanean jarraitzen du.

XXII. Piru Gainza txapelketa

2022 · Ekainak 3-5

Ekainak 3, ostirala
Emakumezkoen Kadete triangeluarra
17:00 Athletic Club vs Bizkaiko Selekzioa
18:00 Athletic Club vs Antiguoko
19:00 Bizkaiko Selekzioa vs Antiguoko

Ekainak 4, larunbata
10:00 Basauriko Selekzioa vs Athletic Club
11:15 Elche CF vs Deportivo Alaves
12:30 Athletic Club vs Lillestrom SK
16:30 Real Sociedad vs Deportivo Alaves
17:45 Basauriko Selekzioa vs Lillestrom SK
19:00 Real Sociedad vs Elche CF

Ekainak 5, igandea
09:00 Bosgarren eta seigarren postuak
10:15 Hirugarren eta laugarren postuak
12:15 Finala

Piru Gainza, 100 urte

Piru Gainza Bikandi Basaurin jaio zen 1922ko maiatzaren 28an. Aurten, beraz, 100 urte beteko dira ‘Dublingo adarzabala’ ezizenez ezaguna zena jaio zenetik. Urteurren hori aitzakia hartuta, Kultur Basaurik otsailetik bere jaiotzaren urteurrenera arte Piru Gainzari buruzko zenbait albiste publikatzen ari da sare sozialetan. Hala nola, zein auzotan eta zein etxetan jaio zen edota joan den mendeko hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadetan Basaurin bizi izan zituen bizipenak ezagutarazten ari da argazkiekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak