Sareak

☉ Basauri

Pozokoetxeko lurzatietako bat salduko du Basauriko Udalak 4 milioi euroan

Basauriko Udalaren Kontratazio Mahaiak proposatu du Pozokoetxeko lurzatietako bat saltzea Basozabal-Grupo Eibar enpresari. Esleipendunak 32 etxebizitza libre, garajeak, trastelekuak eta merkataritza-lokalak eraiki beharko ditu bertan, baita lurzati horri lotutako ingurunea urbanizatu ere.

|

Enpresa esleipenduna Basozabal-Grupo Eibar izatea proposatu du Udalaren Kontratazio Mahaiak // Geuria

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko hiri-berrikuntzako plan bereziak beste urrats bat eman du. Basauriko Udalaren Kontratazio Mahaiak proposatu du Pozokoetxeko lurzatietako bat saltzea Basozabal-Grupo Eibar enpresari 4 milioi euroan (partzelaren lizitazio-prezioa 3,2 milioi eurokoa zen). Adjudikazioa datozen asteotan gauzatuko dute, eta gero, enpresa esleipendunak 32 etxebizitza libre, garajeak, trastelekuak eta merkataritza-lokalak eraiki beharko ditu bertan, baita lurzati horri lotutako ingurunea urbanizatu ere. Orubeak 560,49 metro karratuko azalera du, eta 3.440 metro karratuko eraikigarritasun geometrikoa. Agirre Lehendakaritik hurbilen dagoen lurzatia da, merkatu aurrean dagoena. Gogoratzearren, Grupo Eibar enpresa Arizgoiti plazako etxebizitza berriak eraikitzen ari da.

“Orubea saldu eta gero lortutako diru-sarrerak herrian inbertituko dira oso-osorik: berroneratze-planean aurreikusitako birrurbanizazioetan, Pozokoetxen egingo den parkean, San Fausto plaza berrian, auzo arteko loturetan edota herritar batzuei berriro ostatu ematen”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Jarduketa sakona

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko hiri-berrikuntzako plan bereziak hirigintza-eraldatze jarduketa sakona aurreikusten du herrigunean. Planaren bitartez ondorengo esku hartzeak gauzatuko ditu Udalak: San Fausto kaleko 13, 20 eta 22 eraikinen birgaitze integrala, 254 etxebizitza libreak zein babestuen eta 24 zuzkidura-bizitokiren sustapena, udalerriko zenbait auzoren arteko komunikazioa hobetzea trenbide-trintxera gainean oinezkoentzako pasabide bat eraikita, erabiltzen ez den trenbide-multzoaren zati bat berreskuratzea, eta hiri-parke bihurtzea, eta tren-geltoki berri irisgarria eraikitzea.

“Autofinantzatutako plana da eta aurrera doa martxa onean. Dagoeneko, hiru auzoetan jarduten ari gara: San Fausto plaza berriaren proiektua idazteko lana adjudikatu egin zen duela hilabete batzuk; Autonomia kalearen jarraipena izango den bidearen proiektua ere idazte-prozesuan dago (Agirre Lehendakaria kaleko 31. zenbakia botatzea ekarriko du egitasmo horrek), eta, iaz Pozokoetxeko hiri-berrikuntza integralaren behin-behineko lehen jarduketa zabaldu genuen trenbide-multzoko zabalgunean”, dio Iragorrik: “Horren aurretik, Agirre Lehendakaria 27 eta 29, eta San Fausto 4 eta 6 bota genituen”. Horiez gain, Basauriko Udalak Arizgoitiko maisu-maistren etxea zegoen orubea saldu zion Grupo Eibar enpresari eta dagoeneko proiektatutako etxebizitzak eraikitzen ari da. Gainera, Adifek Bidebietako tren-geltoki berriaren proiektua idazteko lana adjudikatu du.

☉ Basauri

Basauriko gizon bat atxilotu dute Errioxan emakume bati egindako sexu erasoagatik

|

Guardia Zibilak jakinarazi duenaren arabera, 43 urteko gizon basauriarra atxilotu dute Errioxan. Atxilotuak zigor-aurrekariak ditu, eta leporatzen zaion erasoa joan den martxoaren 8an gertatu zen, Albelda de Iregua (Espainia) herrian.

Bere maskotarekin zegoen 28 urteko emakumea bultzatu eta mehatxatu ondoren, eta bere nagusitasun fisikoa erabiliz, bertatik urrunarazi ondoren sexualki eraso egin zion.

Emakumezkoa ospitalera eraman zuten. Errioxako Guardia Zibilak kasuaren ikerketa bere gain hartu zuen, eta aste honetan atxilotu dute gizona.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurik 2,5 milioi euro bideratuko ditu Bizkotxalden aparkaleku berriak sortzeko eta irisgarritasuna hobetzeko

Bestetik, La Basconia eta Pozokoetxe lotuko dituen bidegorria egiteko proiektua idatzi nahi du Basauriko Udalak aurten

|

Matxitxako eta Uribarriko Ingurabidea kaleetako aparkalekuak zeharka jarriko dituzte plaza gehiago lortzeko // Google Maps

Basauriko Udalak iazko gerakinetik 4 milioi euro bideratuko ditu aurten herrian aparkaleku berriak sortu eta hainbat gune berriz urbanizatzeko.

Zenbateko horretatik, 2,5 milioi euro Bizkotxalden inbertituko ditu Udalak: aparkaleku plaza berriak sortuko ditu eta parkearen beheko aldeko irisgarritasuna hobetuko du.

“Proiektu honen helburua da aparkaleku-plazen kopurua handitzea, Matxitxako eta Uribarriko Ingurabidea kaleetan dauden ilarako aparkalekuak zeharkako aparkaleku bihurtuta, eta parkearen beheko aldeko irisgarritasuna hobetzea”, diote udal arduradunek.

La Basconia-Pozokoetxe bidegorria

Bestetik, aurten beste bi proiektu idatziko ditu Udalak: alde batetik La Basconia eta Pozokoetxe lotuko dituen bidegorria egitekoa, eta bestetik, Kareaga Goikoa (Agirre Lehendakaria kaleko 9. zenbakitik) eta Kareaga Behekoa lotzeko zubibidea egitekoa.

Bolueta eta La Basconia lotuko dituen bidegorriari jarraipena emateko gure asmoa da bidegorria Pozokoetxeraino luzatzea”, diote udal ordezkariek.

Bi proiektu horiek idazteko 240.000 euroko partida onartu zuen udalbatza martxoko osoko bilkuran.

Asfaltatzeak eta urbanizazioak

Gerakinaren beste zati handi bat (milioi bat euro) Bilbondorako errepidea eta Fleming doktorea (Soloarte) eta Artunduagako kiroldegiko aparkalekuak asfaltatzera, eta San Migeleko Ganguren Mendi eta Eleuterio Villaverde berriz urbanizatzera bideratuko ditu Udalak.

Era berean, Leoi kalean saneamendu-sarea berrituko du Udalak (135.000 euro) gerakinarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Basauriko Kareaga eta Bilboko Bolueta bidegorri bidez lotzeko lanak martxa onean doaz

Bidegorriak kilometro bateko luzera du, Zubialdeko zubitik Baskonia kaleko aparkalekuraino. Udalak asmoa du La Basconia-Pozokoetxe tartean luzatzea bidegorria eta proiektua idaztea

|

Basauriko Kareaga eta Bilboko Bolueta bidegorri bidez lotzeko asmoa errealitate bihurtuko da aurten. Bizkaiko Foru Aldundiak bidegorriaren obrak hasi zituen urte hasieran eta lanak “martxa onean” doazela adierazi digute Kareaga Auzo Elkartetik.

Hain zuzen ere, Kareaga Auzo Elkartearen urteetako aldarrikapena izan da bidegorria eraikitzea: “Kareaga Auzo Elkartetik hamar urte baino gehiago generaman aldarrikapen honen atzetik, pentsatzen genuelako berreskuratu behar zela zonalde hau, aprobetxatzea zegoen Arratiako Tranbia zaharraren trazadura, bertan bidegorria eta oinezkoentzat pasealekua egiteko. Bidegorria zein pasealekua ezinbestekoa da basauriar guztiontzat”, dio José Andrés Mieres Kareaga Auzo Elkarteko kideak.

Bidegorriak kilometro bateko luzera izango du eta txirrindularientzat zein oinezkoentzat egokituta egongo da. “Zabalera sei metrokoa da: lau metro txirrindularientzat egokituta eta bi metro oinezkoentzat. Horrek ahalbideratuko du gaur egun ehundaka oinezko eta txirrindulari errepidetik egiten dugun bidea modu seguru eta lasai batean egitea”, dio Alberto Delgado Kareaga Auzo Elkarteko kideak: “Hortaz, oso albiste hau oso pozgarria da Kareagako zein Basauriko txirrindulariontzat zein oinezkoentzat”.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2,2 milioi euro inbertituko ditu Basauri eta Bilbo artean oinez edo bizikletaz joan-etorri seguruak egiteko bidegorria eraikitzen. Asier Iragorri Basauriko alkateak dio herritarrek pasealekuekin eta aisialdirako guneekin bat egiten duen proiektu honekin gozatzeko aukera izango dutela: “Bidegorri honen eraikuntzarekin Basauriko herritarrekin hartu genuen beste konpromiso bat betetzen dugu”.

“Trazadura laua”

Basauri eta Bilbo arteko bidegorriak 1.090 metroko luzera izango du eta laua izango da ia osorik. Trazadura Baskonia kaleko aparkalekuan hasiko da eta Etxebarriko muga barrutik igarota, Nerbioi-Ibaizabal ibaiaren ibilgua inguratuz Boketeko tuneleraino iritsiko da. Bidegorriak 120 metro luze den tunel hori zeharkatuko du eta Zubialdeko zubira iritsiko da eta Boluetan Bilboko udal bizikleta sarearekin lotuko da.

Bidegorriaren obrak Kareagatik ikusita // Geuria

Obren bidez Arratiako Tranbiaren trazadura berreskuratuko da, eta Zubialdeko zubia handituko dute oinezkoentzako eta bizikletentzako bide berrirako behar den espaziora iritsi arte. “Bokete tunelean, egitura kontserbazio-egoera onean dagoenez, lanak egingo dira, besteak beste, hegoaldeko ahoa egokitzeko, hondatutako eremuak saneatzeko eta lehengoratzeko eta jatorrizko drainadura berreskuratzeko”, diote Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek.

“Bidegorriak segurtasun-hesiak izango ditu erabiltzaileentzako arriskua dagoen lekuetan, baita argiztapena ibilbide osoan ere. Horretarako, eguzki-led argiak jarriko dira, 27,5 metroko tartearekin, aire zabalean eta zazpi metroko tarteetan tunelaren barruan, argiztapen uniformea lortzeko. Era berean, tunelean bideozaintza-sistema bat jarriko da, ibilbide osoa estaltzen duten hiru segurtasun-kamerarekin”, diote.

Jarduketaren ondorioz, halaber, Baskonia kaleko aparkalekua berrantolatuko dute, eta erdiko bide bat ezarriko dute eta horren alboetan baterian kokatutako 46 aparkaleku egokituko dituzte. Aparkaleku horren ondoan, eta bizikleta-bidearen hasieran, 100 metro karratuko aisialdirako gune bat sortuko da, bizikleten aparkaleku, mahai eta zurezko bankuekin.

Aldarrikapenak etenik ez

Bidegorriaren aldarrikapena Kareaga Auzo Elkarteak egin du 2014tik, baina ez da elkarte bakarra bidegorria eskatzen. Besteak beste, Biziz Bizi Hiri Txirrindularien Elkartea 2021eko urrian hasi zen Bilbotik Galdakaora bitartean bidegorria aldarrikatzeko bizikleta martxak hilero antolatzen.

“Ibaizabal inguruan bizikleta zeharkaldi ibilbide segurua eskatzeko egiten ditugu hilero bizikleta martxak. Bilbo-Etxebarri-Basauri-Galdakao artean bizikletaz mugitu nahi dugu, betiere modu seguruan”, aldarrikatu dute beti Biziz Biziko kideek. Elkartea 1993an sortu zuten, bizikleta egunerokoan garraio alternatibo gisa erabiltzea aldarrikatzeko.

2021eko urritik gaur egunera 26 bizikleta martxa antolatu dituzte, beti hileko azken larunbatean. Apirilean, hilaren 27an egingo dute martxa, 11:00etan Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusitik abiatuta.

“Bidegorri honek lotura zuzena egingo du Boluetatik Kareaga auzora, baina Kareagatik Galdakaoraino asko dago oraindik zehazteko eta egiteko. Beraz, Biziz Bizi elkarteak jarraituko du hilero bizikleta martxak antolatzen, “Bidegorria Galdakaora orain!” lemapean”, dio Delgadok, Biziz Bizi elkarteko kide ere badenak.

Bestetik, 2019an Basauriko, Arrigorriagako, Galdakaoko, Ugaoko eta Zeberioko udal ordezkariek (garai horretan alkate guztiak ziren EAJkoak) Unai Rementeria ahaldun nagusia zenari eskatu zioten Hego Uribeko bidegorri sarea handitzeari “lehentasuna” emateko.

La Basconia-Pozokoetxe

Bolueta eta La Basconia lotuko dituen bidegorriari jarraipena emateko asmoz, Basauriko Udalak bidegorria luzatu nahi du La Basconiatik Pozokoetxera.

Udal arduradunen asmoa da aurten idaztea proiektu hori, eta horretarako 2023ko diruzaintzako gerakina erabiliko du.

“Oinezkoentzako eta bizikletetarako bidegorria eginda, jarraipena emango zaio urte honen amaieran Bolueta eta La Baskonia lotuko dituen bidegorriari, Arratiako tranbia zaharraren ibilbidean barrena”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketak euskarazko 155 ipuin jaso ditu

|

basauri hitz erdiko kontaketak literatura lehiaketa 2018 argazkia Thought Catalog Unsplash
Guztira 89 adingabek bidali dituzte kontaketak // argazkia: Thought Catalog, Unsplash

Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketa sendotu da Basaurin. Martxoaren 22an itxi zen lehiaketan parte hartzeko epea, eta guztira euskarazko 155 ipuin jaso ditu antolakuntzak: 107 Bizkaitik (horietatik 18 Basauritik); 34 Gipuzkoatik; 13 Arabatik; eta bakarra Nafarroatik.

“Denera, 89 adingaberen eta 66 helduren kontaketak jaso ditugu”, diote Zirt Zart Basauriko Udaleko Gazte Zerbitzuko arduradunek. Hain zuzen ere, 12 eta 35 urte bitarteko herritarrei dago zuzenduta lehiaketa.

Kontakizunak epaimahaiaren esku daude dagoeneko, eta apirilaren bukaera aldera jakitera emango dituzte irabazleen izenak.

Guztira bost sari banatuko dituzte: lehenengo sailkatuarentzako 200 euroko bonua, bigarren sailkatuarentzako 150 euroko bonua, hirugarren sailkatuarentzako 100 euroko bonua, Elkar Saria jasoko duenarentzako 150 euroko bonua, eta Basauri Saria jasoko dutenentzako 150 euroko bonua. Gainera, sarituriko kontakizunak GEURIAn argitaratuko ditugu. 

Aurtengo zazpigarren edizioan partaideek “Haur bat bezala…” esaldiarekin hasi behar izan dituzte beren kontakizunak. Eta, aurrekoetan bezala, liburuxka berezia kaleratuko dute aurten. Ale kopuru mugatua egongo da eskuragarri Basauriko Gazte Informazio Bulegoan eta Elkar dendan. Doakoa izango da.

Hitz-erdiko Kontaketak euskarazko ipuin lehiaketa ZirtZart Basaurik —Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programak— antolatzen du, Elkar Euskal Kulturgintzaren eta GEURIA Hego Uribeko herri komunikabidearen laguntzarekin. Lehiaketa 12 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzendua, eta helburu du idazmenean interesa dutenen talentua sustatzea.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Jokalari hauek dira 2024ko Basauriko Selekziorako hautatuak

|

2024ko Basauriko Selekzioko jokalariak eta lantalde teknikoa // Basauriko Udala

Mikel Rodriguez Basauriko Selekzioko futbol entrenatzaileak hautatu ditu dagoeneko aurtengo jokalariak. Guztira 24 jokalari hautatu ditu Rodriguezek, Athletic Club, Arenas, Ariz, Barakaldo, Baskonia, Baskauri, Danok Bat, Deusto, Indartsu eta Leioako jokalariez osatuta.

Rodriguezek jokalarien maila goraipatu du eta “talde-lanaren, laguntasunaren, ahaleginaren eta sakrifizioaren” garrantzia azpimarratu du.

Asier Iragorri alkateak udalerria ordezkatzearen garrantzia eta “Basauriko armarria eramatearen harrotasuna” azpimarratu ditu, eta Jon Zugazagoitia Kirol arloko zinegotziak esperientziaren minutu bakoitza aprobetxatzera animatu ditu jokalariak, are gehiago Basauri Kirolaren Europako Hiri izendatu duten urtean.

Jokalari hauek osatzen dute 2024ko Basauriko Selekzioa:

ATHLETIC CLUB
Urko Sainz

ARENAS
Iñigo Sedano

ARIZ
Daniel Prieto
Diego Ulloa
Mikel Cuello
Urko Lapeña

BARAKALDO
Aimar Gómez

BASCONIA
Arkaitz Navarro

BASKAURI
Aritz Encinas
Oier Santiago
Aimar Salan
Osama Bouzidi
Juan David López

DANOK BAT
Amets Arteaga
Adrian Berbis
Eder Girotto

DEUSTO
Aritz del Pico

INDARTSU
Urko García
Aetz Bernaola
Lucas León
Ibon Gaitán
Xabier Molina
Aner Sagarduy

LEIOA
Iker Galdeano

Osorik irakurri