→Basauri

Basauriko Meetingak 200 atleta eta 40 proba hartuko ditu igandean Artunduagan

Sarav Andres 2019ko Meetingean; aurten ere izango da madrildarra Artunduagan // Geuria

Basauriko Probak-Meeting Paralinpikoa maiatzaren 15ean, igandez, izango da Artunduaga kiroldegian. Topaketa inklusibo honek 200 atleta baino gehiago batuko ditu, eta horietatik 120k gutxienez desgaitasun bat dute: fisikoa, sentsoriala, entzumenekoa, garun paralisia edo intelektuala. “Kirol honen elitea eta promesa gazteak elkartuko ditu”, dio Javi Conde Basauriko Probak-Meeting Paralinpikoko antolatzaileak.

Goi mailako atletak bilduko dira Basauriko tartanean, eta horien artean nabarmentzekoak dira Basauriko Atletismo Egokituko – Bertako Igogailuak – Javi Conde Klubeko kirolariak. Besteak beste, Ángela de Miguel, Tania Castillo, Itxaso Munguira, Ibai Magdaleno eta Mikel Garcia munduko txapelduna. Bestetik, desgaitasun fisikoa duen Ionut Preda atleta errumaniarrak (Ohorezko Txipi 2018an) gurpil-aulkiko pisu- eta xabalina-probetan parte hartuko du. “Gure artean izango ditugu ere Nicolás Virapin eta Jason David frantziarrak eta Blanca Betanzos andaluziarra (T21), den-denak munduko atleta onenentzat hartuak beren kategorietan”, dio Condek: “Eta, Azeddine Nouiri atleta marokoarra ere izango da Basaurin. Bi urtez Joko Paralinpikoetan txapeldun izan da. Interes handia zuen Basauriko Meetingean parte hartzeko eta aurten aukera izango du”.

 

Espainiako zenbait atleta ere izango dira igandean Artunduagan: David Fernández pisu-jaurtiketako egungo Espainiako txapelduna F57 kategorian; Sara Andrés madrildarra 100 metroko eta luzera-jauzian lehiatuko da T62 kategorian; Valentziatik ikusmen desgaitasuna duten hiru atleta etorriko dira: Beatriz Silvestre, Nuria Pascual eta Nagore Folgado.

// Geuria

Aurtengoa 24. edizioa da eta 1998az geroztik urtero antolatu dute etenik egin izan gabe. Izan ere, pandemia urteetan ere antolatu izan dute atletismo topaketa inklusiboa. “Urte gogorrak bizi izan ditugu, baina beti aurrera egin dugu. Eta horren adibide da, azken bi urteetan, pandemia urteetan, antolatu izan dugula Meetinga. Aldaketa batzuekin, hori bai. Hala nola, hilabete aldaketa edo murrizketak atleta eta publiko aldetik”, dio Romualdo Doistua Basauri Merkatari Elkarteko presidente ordeak.

Ohorezko Txipiak

Urtero bezala Ohorezko Txipiak sariak banatuko ditu Basauriko Probak-Meeting Paralinpikoak. Aurten hiru erakunde eta pertsona hauek sarituko dituzte: La Palma uharteko Brisas El Paso Atletismo Kluba; Elvira Agirrezabal eta Gotzon Garcia, Mikel Garcia atletaren gurasoak; eta Jesus Fernandez atleta.

“La Palma uharteko Brisas El Paso Atletismo Klubari emango diogu Ohorezko Txipia, sumendiaren erupzioak sortutako hondamendiari aurre eginez entrenatzen eta lehiatzen jarraitzeko egin duten ahaleginagatik. Klub horretako bi atleta eta entrenatzailea etorriko dira gure txapelketan parte hartu eta saria jasotzera”, dio Condek. Bestetik, Down Paris 2024 proiektua abian jartzeagatik ere omenduko dituzte Elvira Agirrezabal eta Gotzon Garcia, Mikel Garcia atletaren gurasoak: “100.000 lagun baino gehiagoren babesa lortu dute change.org bidez, eta Senatuko alderdi politiko guztiak ados jartzea, Down kirolariei babesa emateko orduan, Joko Paralinpikoetan parte har dezaten. Bat egiten dugu egitasmo horrekin, noski”.

“Eta azkenik, Jesus Fernández atletarentzat, jaiotzez Asturiasko L’Entregukoa baina basauriarra adopzioz, 2012az geroztik internazionala Espainiako selekzioarekin (FEDDI), 2021ean txapelduna izan zena Basauriko XXIII. Meeting Paralinpikoko 5.000 metroko “Joseba Larrinaga” memorialean”, dio Condek.

XXIV. Meeting – Basauriko Probak

2022ko maiatzaren 15ean · Artunduaga kiroldegia

09:00 Pisu jaurtiketa
09:30 Xabalina aulkian
09:45 Pisu jaurtiketa
09:50 Emakumezkoen 200 metro
09:55 Emakumezkoen 200 metro
10:00 Emakumezkoen 200 metro
10:05 Gizonezkoen 200 metro
10:10 Gizonezkoen 200 metro
10:15 Gizonezkoen 200 metro
10:20 Gizonezkoen 200 metro
10:25 Gizonezkoen 200 metro
10:30 Emakumezkoen xabalina zutunik
10:30 Gizonezkoen luzera-jauzia
10:30 Emakumezkoen 200 metro gurpildun aulkian + Race runner
10:35 Gizonezkoen 200 metro gurpildun aulkian + Race runner
10:45 Gizonezkoen 5.000 metro
11:15 Emakumezkoen 100 metro
11:20 Emakumezkoen 100 metro
11:25 Emakumezkoen 100 metro
11:30 Gizonezkoen xabalina zutunik
11:35 Gizonezkoen 1.500 metro
11:45 Emakumezkoen 800 metro (Open)
11:55 Gizonezkoen 800 metro
12:05 Emakumezkoen 400 metro
12:10 Emakumezkoen 400 metro
12:15 Gizonezkoen 400 metro
12:20 Gizonezkoen 400 metro
12:30 Emakumezkoen pisu jaurtiketa zutunik
12:30 Emakumezkoen luzera-jauzia
12:30 Gizonezkoen 100 metro
12:35 Gizonezkoen 100 metro
12:40 Gizonezkoen 100 metro
12:45 Gizonezkoen 100 metro
12:55 Emakumezkoen 100 metro gurpildun aulkian + Race runner
13:00 Gizonezkoen 100 metro gurpildun aulkian + Race runner
13:10 Gizonezkoen 1.000 metro
13:20 Ohorezko Txipien banaketa

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak