→Basauri

Rockein lehiaketak hamargarren edizioari hasiera eman eta izena emateko epea zabaldu du

Rockein musika lehiaketa martxan da. Aurten hamargarren edizioari hasiera eman diote eta izena emateko epea zabalduko dute bihar Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako musika talde eta bakarlarientzat. Uztailaren 12ra arte dute musika taldeek eta bakarlariek izena emateko epea zabalik. Jasotako proposamen guztien artetik sei finalista aukeratuko ditu sektoreko profesionalek osatutako epaimahaiak, eta azaroaren 19an Basauriko Social Antzokian ospatuko den finalean joko dute zuzenean. Gau horretan bertan erabaki eta emango du ezagutzera epaimahaiak zein diren 2022ko talde irabazleak. Sari Nagusia, Tokiko Artistarik Onenaren Saria, Euskarazko Artistarik Onenaren Saria eta Eskarabilera Saria banatuko dituzte.

Lehiaketan parte hartzeko baldintzen artean daude, besteak beste: gutxienez taldeko kideetako bat Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroan jaioa izatea edo bertan bizitzea; Tokiko talde onenaren sarirako hautagai izateko, gutxienez taldeko kideetako bat Basaurin, Arrigorriagan, Galdakaon edo Laudion erroldatuta egotea; Eskarabilera Sarirako hautagai izateko gutxienez taldeko kideen % 50 emakumeak izatea; eta abestiak originalak izatea.

“Gaur egun, Rockein Euskal Herriko lehiaketarik ospetsuenetakoa da. Baina garrantzitsuena da jasotako proposamenen kalitatea urtez urte hazten ari dela eta sortzen ari diren artistak gero eta prestatuago iristen direla. Hamargarren urteurren honetan, eskerrak eman nahi dizkiegu gure lehiaketan noizbait parte hartu duten musika-proiektu guztiei eta talde berriengan gero eta interes handiagoa duen publikoari. Euskadin eta Nafarroan sortzen ari diren talde eta bakarlariak animatu nahi ditugu Rockeinen aldeko apustua egiten jarrai dezaten”, adierazi du gaur prentsaurrekoan Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Hamar urte

Duela 10 urte Rockeinek bere ibilbidea hasi zuenean, musika-talentu berriak aurkitzeko eta sustatzeko Basaurin antolatutako aurreko lehiaketen lekukoa hartu zuen. Aurreko esperientziei hilabete batzuetako laguntza profesionala gehituz egin zuen, artistei amateurismotik sektore profesionalerako jauzia esploratzen hasten laguntzeko. MAZ Basauri zikloaren barruan ordaindutako emanaldiak gehitu ziren eta estudio profesional batean grabatzeko eta bideoklip bat sortzeko sariak.

Full Cab taldeko kideak aurrean, Laudioko, Basauriko eta Arrigorriagako udal ordezkariekin // Geuria

“Hamar urte geroago, Rockein proiektu sendoa da, lau Udalek parte hartzen dute eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza dauka. Gainera, sei urte jarraian daramatza bere parte-hartzea hobetzen. 2021ean 179 proposamenekin itxi zen. Berdintasuna, tokiko talentua eta euskara sustatzeko irizpideak mantentzen ditu, eta parte hartzen duten proposamenak berritzeko gaitasun nabarmena du, 2021ean % 35ekoa izan baitzen”, diote antolatzaileek. Iaz Full Cab taldeak irabazi zuen lehiaketa eta gaurko prentsaurrekoan aurkeztu dute bost abestiko EP bat eta ‘HFA’ kantuaren bideoklipa, Rockeinen sare sozialetan dagoeneko ikusgai dagoena.

Basauriko Udalak antolatzen du Rockein musika lehiaketa, Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak