→Basauri

Rubik kuboaren txapelketa izango da abenduan Basaurin, Covid-19az gero Estatuan egingo den lehenengoa

Abenduaren 11n izango da txapelketa Ibaigane Kultur Etxean // Argazkia: Geuria

Rubik kuboaren txapelketa antolatuko dute abenduan Basaurin. Ibaigane Kultur Etxeak hartuko du beste behin Rubik Kuboren Erakunde Mundialak (WCA) antolatutako nazioarteko Rubik txapelketa, formatu ofizialean. Abenduaren 11n, larunbatez, izango da txapelketa 10:00etatik 21:15ak bitartean.

Zortzi kategoria ezberdin jokatuko dira: 2x2x2, 3x3x3, 4x4x4, 5x5x5, Skewb, Pyraminx, Blind eta Square-1, eta lehiakideen esku egongo da hautatzea zein kategoriatan jokatu. Lehiaketan parte hartu nahi duenak aldez aurretik izena eman behar du esteka honen bitartez, abenduaren 5a baino lehen. Lehiakideen kopurua mugatua da, eta izen-emate hurrenkeraren arabera sortuko da zerrenda. “Parte-hartzaile zerrendako batek egun horretan bertaratzea ezinezkoa balu, antolakuntzari horren berri eman beharko dio itxaron-zerrendan dagoen batek bere postua bete dezan”, diote antolatzaileek. Publikoari dagokionez, sarrera doakoa da areto nagusia bete arte. Musukoaren erabilera derrigorrezkoa da, eta debekatuta dago bertan jatea.

Basauriko Udalaren ZirtZart gazte zerbitzua eta Euskal Rubik erakundea dira Basauri Open Rubik txapelketaren antolatzaileak. Aurten, erakunde mundialak finkaturiko baldintzak betetzea lortu dute, eta horri esker Covid-19aren agerpenaren ondoren Basaurikoa izango da estatuan jokatuko den lehen txapelketa. Iaz nahitaez izandako geldiunearen ostean, aurtengoa hamahirugarren edizioa izango da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak