→Basauri

Sagarrak: “Ingurumena hobetzeko gizartearen parte-hartzea handitzea da gure borroka nagusia”

Berrogei urte inguru darama Sagarrak talde ekologistak Basauriko ingurumena eta herritarren bizitza zaintzen eta hobetzen.

Pilar Gonzalez, Garbiñe Angulo eta Gabi Hernandez Sagarrak talde ekologistako kideak // Geuria

Talde naturalista bezala sortu zen Sagarrak, energia nuklearraren aurkako mugimenduaren ondorioz. Gaur egun, talde ekologista bihurtu da eta bere esparrua askoz handiagoa da. Herritarren zalantzei eta egonezinei aurre egiteaz gain, Basauriko hiritargoaren kontzientziazioa da haien helburu nagusia. Horretarako azken kanpainan, kontsumo arduratsu eta tokikoan jarri dute fokua. Horren inguruan eta beste hainbat gaiei buruz, Sagarrak elkarteko kide diren Garbiñe Angulo (Basauri, 1962), Gabi Hernández (Basauri, 1958) eta Pilar Gonzálezekin (Basauri, 1968) hitz egiteko aukera izan genuen.  

Noiz sortu zen Sagarrak elkartea?
Gabi Hernández: Elkarte hau 80ko hamarkadan sortu zen, garaiko energia nuklearraren aurkako mugimenduaren ondorioz. Honek bizitza, elikadura eta osasun onari ahotsa eman nahi zion jende talde bat batu zuen, Talde Naturista izenpean. Berrogei urte hauetan, gure lan esparrua handitu egin da. Gaur egun talde ekologista da eta ez naturista. Garapen horretan, Euskal Herri mailako eta maila estataleko elkarteek lan egin dute. Gaur egun ekologia sozialaren barruan mugitzen gara. Auzokideen elkarteekin, mugimendu feministarekin eta gazteekin elkarlanean aritzen saiatzen gara.

Zein da zuen influentzia maila?
Garbiñe Angulo: Gure lan esparruaren inguruko gertakari edo arazoak daudenean, horiei buruzko ikuspegi argiago bat izateko, hobeto informatzen saiatzen gara. Baina askotan ez dugu erantzunik jasotzen, edo ez gustatuko litzaiguken bizkortasunez behintzat.

G.H.: Gaur egun arte lortu dugun lan garrantzitsuena, hirigunean autoen abiadura 30 kilometro orduko mugara jaistea izan zen. 2014an lortu genuen hori. Urtero horri buruzko hausnarketa bat egiten dugu, horrek herrian duen eraginari buruzkoa. Lau urte geroago, 2018an, hainbat urtetan borrokatu ostean, auzo guztietan materia organikoko edukiontzia jartzea lortu genuen. Gaur egun, herritarrek materia organikoa gero eta gehiago birziklatu dezaten lortzen saiatzen ari gara. Birziklapen hau orokortu nahi dugu.

Sagarrak taldeko kideak Iruaretxetako mintegian lanean // Sagarrak

Aurten ere, Basaurin bizikleta zerbitzu publikoa jartzeko aukera planteatu duzue.
G.A.: Hori lortzeko, interes instituzionala ezinbestekoa da. Bizkaiko herriak sistema hau jartzera bultzatzen ditu Foru Aldundiak. Izan ere, sistema horrek lortuko luke Basauriko zirkulazioa askoz jasangarriagoa izatea.

G.H.: Ez da gauza erraza egiteko. Horrek suposatzen duen azpiegitura eta lan guztiak ezinezkoak dira administrazioak ez badu laguntzen. Beste aukera bat litzateke Bilbo inguruan dauden herrien arteko hitzarmen bat, hiriburuak duen zerbitzu bera izateko. Azken batean, bizikletaren erabilera bultzatzea da helburua, baina horretarako segurtasun baldintza batzuk izan behar dira herrian.

Erakundeengandik laguntza gehiago jasotzea gustatuko litzaizueke?
G.H.: Aurten herritarrei proposamenak egiteko aukera eman zitzaien aurrekontu parte-hartzaileetan, baina gurea bezalako elkarteei ez. Guk talde moduan hainbat proposamen egin genituen, luze azalduta, zehaztasun guztiak emanda. Baina bozketarako aukerak agertu zirenean, gureak ez zeuden bertan. Antzeko batzuk aurkitu genituen, guk proposatukoak izan zitezkeela pentsatu genuen, baina ez zitzaigun oso argi geratu.

Udaletxeak materia organikoaren berreskurapenari buruzko kanpaina bat egitea proposatu genuen. Baina, edukiontzi hori erabiltzeko giltza herritarrei eskaintzea da egin den gauza bakarra. Eta kontzientziaziorik gabe, herritarrek ez dute ia erabiliko. 2018tik martxan dago edukiontzi hori, eta hiru urtetan, erabiltzaileen kopurua %1 besterik ez da igo.

Jendea zuengana etortzen da laguntza eske?
G.A.: Ingurumen arazo konkretu bati buruzko informazioa ematera eta galdetzera etortzen da jendea. Hortik aurrera, dakigunarekin eta ditugun tresnekin lagundu badezakegu saiatzen gara hura konpontzen. Bestela, arazoa konpon dezaketen pertsonekin jartzen gara kontaktuan, herri mailan zein probintzia mailan.

Zein da gaur egun gizartean dagoen kontzientziazio maila?
G.A.: Guk kanpainak egiten ditugunean, erantzun ona jasotzen dugu. Izan ere, kontzientzia duen hainbat jende dago, baina jende horrek ez daki nola lagundu edo zer egin.

G.H.: Gaur egun informazio askoz gehiago dago eta horregatik jendeak gai hauen inguruan askoz gehiago daki. Hala ere, gizarteak gehiago parte hartu beharko luke. Elkarteekin elkarlanean aritzean, aurrerapauso hori beharrezkoa da. Ingurumena hobetzeko gizartearen parte-hartzea handitzea da gure borroka nagusia. Aldaketa Klimatikoaren gaiari lotuta, behintzat, gazteen hainbat talde sortu dira. Lehenagotik ari garenokiko ezberdintasunak badituzte, baina gauza askotan bat gatoz.

2021eko Gabonetako kanpainan kontsumo masiboan jarri zenuten fokua. Zergatik?
G.A.: Beti esan dugu oso garrantzitsua dela herriko dendetan erostea, jasangarriagoa izateaz gain, gizarte egitura sortzen baitu.

G.H.: Kontsumo arduratsua bultzatzen dugu, bizi dugun errealitatea aldatzeko kapaz dena. Hondakinen murrizketa ere kanpainaren zati izan da. Azken kanpaina horretan plastikoan zentratu gara. Gehien erabiltzen den materiala da eta gutxien aprobetxatzen dena. Herriko dendetan erosketak egiteko poltsa berrerabilgarria sortu dugu herritarren artean banatzeko. Guztiok egin behar dugun esfortzu bat da, bai dendariak eta bai erosleak. Kontzientzia soziala ezinbestekoa da.

Pilar González: Kontsumo masiboaren arazoa urte osoan dagoen zerbait da, baina Black Friday eta Gabonak bizi garen gizarte kontsumistaren adibide nagusiak dira. Lehen Gabik esan duen moduan, ez dugu ekologiaren esparruan soilik lan egiten. Justizia soziala ere guretzat garrantzitsua da. Izan ere, kontsumismoa planeta suntsitzen ari da, baliabideen gehiegizko erauzketa eta kutsaduragatik. Tokiko merkataritza ere suntsitzen ari da. Denda txikiekin konparatuta handiek duten indarra hain handia da, batzuetan zaila baita horri aurre egitea.

Nolakoa izan da 2021eko Gabonetako kanpaina?
G.A.: Gure hamabigarren kanpaina izan da. Hamabi urte hauetan, kontsumo kontzientean zentratu gara. Kontsumo transformagarrian, gure bizitza aldatu dezakeen horretan. Kanpainak Basauriko tokiko dendetan erostearen garrantzia azpimarratzen du. 

Dendarien erantzuna, orokorrean oso ona izaten da. Gure dendariak ezagutzen saiatu gara. Haien dendek nola funtzionatzen ikusi eta hurbiletik hausnarketa bat egiteko aukera eman digu. Guztiok daukagu kezka egiten dugun kontsumoari dagokionez. Arazoa da gure ohiturak aldatu behar ditugula eta hori da gehien kostatzen zaiguna. Pintxo ekologiko txapelketa ere egin dugu. Sasoiko, hurbileko eta ahal bada produktu ekologikoei balioa ematea bilatzen dugu. 

Zer balorazio egiten duzue kanpainari buruz?
G.A.: Kanpaina mota hauek egiten ditugunean, dendariak oso pozik eta eskertuta agertzen dira. Hori asko gustatzen zaigu. Basauriko herritarrei erosteko dauden aukera ezberdinak erakutsi ahal izatea harrotasun handia da guretzat.

Beste proiekturen bat baduzue martxan?
G.A.: Lorezaintzarako araudi baten zirriborroan parte hartzen ari gara. Jasangarritasun kontseilu batean gaude, eta zirriborro horretarako ideiak eskatu dizkigute. Izan ere, uste dugu Basaurin egiten den gai horren trataera ez dela egokiena. Hala ere ez dakigu hau aurrera aterako den edo ez.

Beste proiektu bat, azaroan egin genuena izan zen. Basauriko kooperatiba ikastetxearen atzean antzinako garbitegi bat dago. Hamasei pertsona inguru horra joan ginen garbitzera. Lan osoa ez genuen amaitu, baina hondakinez beteta zegoen leku ia ikusezina nahiko garbi eta txukun utzi genuen. Esperientzia oso polita izan zen.

G.H.: Hasiera-hasieratik herritarrei begira lan egiten dugu. Informazioa ematen, sentsibilizazioa eta parte hartzea bilatuz, baina administrazioari begira ere egiten dugu lan. Ingurumena hobetzeari buruzko gai ezberdinen inguruan proposamenak eginez eta aldaketak eskatuz. Lorezaintzako araudi hau horietako bat da.

Zein esango zenukete izan dela zuen esperientziarik politena?
G.A.: Ekintzak antolatzen ditugunean eta jendearen erantzuna jasotzen dugunean izugarria da. Gogobetetze handia ematen didan zerbait da. Esaterako, metroa Basaurira heltzea eskatu genuenean, bi astetan 13.000 sinadura lortu genituen. Edo abiaduraren murrizketa eskatu genuenean ere 2000 sinadura inguru lortu genituen. Beste talde batzuekin lan egitea ere maila pertsonalean poz handia ematen didan gauza da. Elkarte ezberdinek elkar babestea, niretzat, deskribaezina da.

G.H.: Jende anitza batzen duten ekintzak aipatuko nituzke. Baso-berritze egunetan, adin ezberdineko eta auzo ezberdinetako hainbat jende hurbiltzen da laguntza ematera.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak