→Basauri

Kiskali Basauriko Gazte Talde Feministari emango dio San Faustinek Urrezko Arratoia

2014an eman zuten lehen aldiz Urrezko Arratoia; urte hartan Jon Villapún kazetari eta GEURIAko koordinatzaileari eman zioten // Utzitakoa

San Faustin kuadrillak ‘Actos Para-Lel@s’ egitaraua antolatzen du urtero San Fausto egunaren inguruan. Aurten lau eguneko egitarau xumea antolatu dute —nahiz eta osasun larrialdi egoera bukatu, ez dute ez entzierrorik ez pandemia aurretiko hainbat ekintza antolatuko—. Besteak beste, Urrezko Arratoia saria banatuko dute bihar, urriak 9.

Sariaren zortzigarren edizioan Urrezko Arratoia saria emango dio Kiskali Basauriko Gazte Talde Feministari. “Emakume gazte basauriarrak, misoginia, indarkeria eta degradazio sozialaren aurrean borrokatzen dutenak. Euren feminismo antolatuak menperatzen gaituen kapitalismo basatiari, arrazismo instituzionalari, gorputzen merkantilizazioari, faxismoari, eskuin zaharkituari, misoginia eta homofobiari, eta gure gizarte hipokritaren kortse sexualei aurre egiten die. Haien borrokarekin eta ideiekin bat egiten dugu, bide horretan bakarrik izango baitugu gizarte justu eta berdinzalea. Gora borroka feminista!”, diote San Faustineko ordezkariek. Urriaren 9an, larunbatez, emango diete Urrezko Arratoia Kiskalikoei.

“Basauri erremediorik ez duen herria da: itsusia, post-industriala, grisa, aldapatsua… Betiko gainbeheran dauden biztanleak dituena, udalerri berekoak izatea gorroto duten auzoak dituena, unibertsoko oinezkoen gunerik handiena duena, inork nahi ez duen azpiegitura-zabortegia. Baina zingira horren barruan badira pertsona eta talde batzuk Dos Caminos pixka bat atseginagoa izan dadin eta etorkizun hobea izan dezan saiatzen direnak. Horiei eskainia dago Urrezko Arratoia saria, gure ikurra eta basauriar esentzia hobekien jasotzen duena”, diote ohikoa duten umorea erabiliz.

Aurreko edizioetan hauei eman diote Urrezko Arratoia: Jon Villapún (Geuria tokiko hedabideetako koordinatzailea), Cabacas familia, Txarraska Gaztetxea, Mikelats, Txoko Eder, Basauriko emakume merkatariak eta Pistón.

mrs barwoman

Urrezko Arratoia banatzeaz gain, Mr. eta Mrs. Barman/Barwoman aitorpena egiten du urtero San Faustinek. Eta badira dagoeneko 38 urte. Aurten Bonboi tabernako Liberi emango diote Mrs Barwoman saria: “Ostalaritzako profesional fin-fina. Bera bezalako gutxi daude: adeitsua, atsegina eta eraginkorra. Eta, garrantzitsuena: sartzen garen bakoitzean gure lekuan jartzen gaitu. Eskerrik asko gu ondo zaintzeagatik, merezi ez dugun arren!”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak