→Basauri

San Fausto kaleko etxebizitza-eraikinak birgaitzeko 300.000 euro bideratuko ditu Udalak

San Fausto 13, 20 eta 22 zenbakietako etxebizitza-eraikinak birgaitzeko laguntza ekonomiko bereziak emateko udal ordenantza behin betiko onartzeko proposamena aurkeztu du Basauriko udal gobernu taldeak.

San Fausto kaleko 13, 20 eta 22 zenbakiak. Atzean Arizgoitiko maisu-maistren etxea zena // Google

San Fausto 13, 20 eta 22 zenbakietako etxebizitza-eraikinak birgaitzeko laguntza ekonomiko bereziak emateko udal ordenantza behin betiko onartzeko proposamena aurkeztu du Basauriko udal gobernu taldeak Hirigintzako Informazio Batzordean. Horren arabera, etxebizitza-eraikin horien kontserbazio eta birgaitzea sustatzen duen edozein motatako esku-hartze baimenduko da, baita irisgarritasuna eta jasangarritasuna sustatzeko jarduketak ere. 

Hiru etxebizitza-eraikin horiek baldintza onetan uzteko eta horien birgaitze integrala sustatzeko, Basauriko Udalak diru-laguntzak emango dizkie San Fausto 13, 20 eta 22 zenbakietako jabeen erkidegoei. “San Fausto 13 zenbakiaren kasuan 140.000 euroko muga zehaztuta dago, eta San Fausto 20 eta 22 zenbakien kasuan 160.000 euroko muga”, diote udal ordezkariek. Kopuru horiek barne hartuko dituzte agiri teknikoak idaztea eta obrak zuzentzea.

Proposamen hau abenduko osoko bilkuran eztabaidatuko dute, eta hala badagokio, behin betiko onetsiko dute. Joan den otsaileko osoko bilkuran hasierako onespena eman zioten aipatutako ordenantzari, eta interesdunek egoki iritzitako alegazio eta iradokizunak aurkezteko epea zabaldu zun Udalak. Kasu horretan, San Fausto 13ko jabeen erkidegoak aurkeztutako alegazio bat onartu eta gero, dirulaguntzaren % 50 ordainduko dute obrak hastean, % 30 obren erdia exekutatuta dagoenean eta % 20 obrak amaitzen direnean. Hasieran aurreikusten zuten dirulaguntzaren % 20 ordaintzea obrak hastean, % 30 obren erdia exekutatuta zegoenean eta gainerako % 50 obrak amaitu ostean.

Hirigintza-eraldatzea martxan

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko hiri-berrikuntzako plan bereziarekin aurrera jarraitzen du Basauriko Udalak. Datozen egunotan, San Faustoko plaza eraikitzeko proiektua idazteko lana esleituko dute. Horrez gain, Pozokoetxeko parkeko bigarren faseari dagokion proiektua eta Autonomia kalea luzatzeko errepideari buruzkoa idazten ari dira. Azken kasu horretan, Agirre Lehendakaria kaleko 31 zenbakiko eraikina eraistea ere aurreikusten da.

2020ko otsailean Pozekoetxeko birgaitze integralaren “behin-behineko” lehen jarduketa zabaldu zuten, trenbide-sare eremu berrituan, eta aurretik, Agirre Lehendakaria 27 eta 29 zenbakietako eraikinak eraitsi eta Arizgoitiko maisu-maistren etxea zegoen orubea saldu zuten, bertan etxebizitza berriak eraikitzeko.

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko hiri-berrikuntzako plan bereziak honako jarduketa hauek jasotzen ditu: kontserbazio-egoera txarrean dauden edo irisgarritasun-arazoak dituzten etxebizitzak eraistea; zenbait eraikinen birgaitze integrala egitea (San Fausto 13 eta San Fausto 20-22), eta 271 etxebizitza berri -libreak eta babestuak- eta alokairu baxuko 24 zuzkidura-bizitoki eraikitzea. “Horri guztiari esker, udalerriko zenbait auzoren arteko komunikazioa hobetuko da: oinezkoentzako pasabidea eraikiko dugu trenbidearen trintxera gainean; erabiltzen ez den trenbide-multzoaren zati bat berreskuratu, eta hiri-parkea egingo dugu bertan, eta irisgarria izango den tren-geltoki berria egongo da”, diote udal arduradunek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak