→Basauri

Bideoa | San Fausto plaza berriaren diseinua bozkatzeko epea zabalik egongo da hamar egunez

Basauriko San Fausto plazak itxura aldatuko du, eta diseinu berrian basauriarrek hitza izango dute. Basauriko Udalak parte-hartze prozesu bat zabalduko du otsailean. Plaza berria diseinatzeko hiru proposamen egin ditu proiektua idatzi eta ondorengo obra-zuzendaritza egingo duen enpresak (Dair Ingenieros-Estudio K), eta 16 urtetik gorako herritarrek horietatik bakarra aukeratu beharko dute. Bozkatzeko epea zabalik egongo da otsailaren 22tik martxoaren 3ra bitartean. Bozketa irabaziko duen proposamenaren gainean diseinatuko dute San Fausto plaza berria.

Online (ados.basauri.eus) zein modu presentzialean eman dezakete bozka basauriarrek otsailaren 22tik martxoaren 3ra bitartean. Aurrez aurre bozkatzeko inprimakia udaletxeko beheko solairuko zein San Migeleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ), Kultur Etxeetan, Udal Euskaltegian eta Artunduaga kiroldegian eskuratu daiteke, eta leku horietan bertan bozkatzeko aukera egongo da; bestela, postontziak jarriko ditu Udalak udaletxeko, Bidasoako, Solobarria plazako, Valentzia kaleko metro sarreretan eta San Migeleko Hernan Cortes plazan.

Proposamenak eta beren ezaugarriak

“San Fausto plaza basauriarrak bertan egoteko eta aisialdiaz gozatzeko eremu gisa pentsatuta dago, eta, aldi berean, gizarte-erabilerako espazio bat ere izan nahi du: askotariko ekitaldiak antolatzen dira bertan, hala nola, ekitaldi herrikoiak, kulturalak, kirolekoak”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak. Alkatearekin batera Berta Montes Parte-hartze arloko zinegotzia eta Nerea Renteria Hirigintza arloko zinegotzia izan dira hiru proposamenen aurkezpenean. Proposatutako hiru diseinuek aisialdirako eta gizarte-erabileretarako premisa hori dutela abiapuntu azaldu du Iragorrik, “plazaren bi eremuak lotzen dituzte elkarren artean eta beren ertzekin, eta tren-geltokiarekin bereziki”.

Hiru proposamenetatik bat aukeratuko dute basauriarrek // Geuria

Udal ordezkariek arabera, honakoak dira proposamen bakoitzaren ezaugarriak:

– ‘A’ proposamenak egoteko espazioak eta ingurumen-lorezaintza orekatzen ditu, eta Autonomia kalea eta Kale Nagusia barneratzen ditu plazan, modu natural batean. Haren espazioa eszenikoa eta soila da.

– ‘B’ proposamenak igarotzeko eta egoteko lekuak bereizten ditu, landareen bidez.  Babes handiagoa eskaintzen du Arizgoiti plazako etxebizitzekiko, eta haren espazio eszenikoa eta harmailak ugariagoak eta konplexuagoak dira.

– ‘C’ proposamenari dagokionez, berdegune handiagoa proposatzen du, geltokitik gertu dagoen plataformako ingurumen-lorezaintzan. Plataforma nagusia irekia da hego-ekialdera (Arizgoiti plaza eta Kale Nagusia), eta inguruan ongi integratutako harmaila nabarmenak ditu, bertan egoteko.

‘Trintxera’ desagertzea

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeren Hiri Berroneratzeko Planaren garapenaren “mugarri” bezala definitu dute udal ordezkariek San Fausto plazako esku-hartzea. “Ingurunean integratuko den esku-hartze bat planteatzen du, plaza berria herritarrei hurbilduko diena eta espazio libre eta publikoaren eta konektibitatearen hobekuntza-beharrei erantzungo diena”, dio Iragorrik. Alde batetik, forjaketa berri bat eraikiko dute, Arizgoiti plazako bizitegi-eraikin berria, oraingo zubia eta Autonomia kalea maila berean jartzeko, kalearen pare geratuko den plaza bat sortzeko. “Planteatutako proposamenek bereziki erreparatzen diete alboko kaleei. Hau da, Florian Tolosa, Autonomia, Arizgoiti plaza eta San Fausto plaza bera, haien arteko konektibitate onena egiten saiatuta”, dio Iragorrik.

Bestalde, gaur egun espazio bat dago, gutxi erabiltzen diren hainbat karel eta ibilbide dituena, eta hori ere berriro konfiguratu beharko da, herritarrentzako irisgarriagoa eta ikusgarriagoa izan dadin. Asier Iragorri Basauriko alkateak azpimarratu duenez, “helburua da basauriarrek espazio publiko berri guztiaren erabilera handia egitea”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak