→Basauri

San Fausto plaza berriaren behin betiko diseinua basauriarrek erabakiko dute

San Fausto plaza berriaren proiektua idazteko kontratua esleitu du Basauriko Udalak 105.270 euroko zenbatekoarekin. Enpresa esleipendunak hiru proposamen prestatuko ditu eta ondoren herritarrek eta elkarteek hitza izango dute.

San Fausto plaza berriaren proiektua idazteko kontratua esleitu du Basauriko Udalak // Geuria

San Fausto plaza berriaren proiektua idazteko kontratua esleitu du Basauriko Udalak 105.270 euroko zenbatekoarekin. Enpresa esleipenduna Dair Ingenieros-Estudio K izan da eta zortzi hilabete izango ditu proiektua definitzeko eta idazteko. Hiru proposamen prestatuko ditu eta ondoren herritarrek eta elkarteek hitza izango dute proiektu horietako bat hautatzeko eta horren arabera behin betiko proposamena egiteko. “Plazaren behin betiko diseinua erabakiko dugu, herritarrei, elkarteei eta beste gizarte-kolektibo batzuei galdetu eta gero”, dio Asier Iragorri alkateak.

Proiektuak arreta berezia jarriko die alboko kaleei —Florián Tolosa, Autonomia, Arizgoitiko plaza eta San Fausto plaza bera— eta konektibitatea hobetzea bilatuko du. Hau da, Arizgoiti plazako etxebizitza-eraikin berria, Trintxerako zubia eta Autonomia kalea altuera berean jarriko dituen forjatu berria eraikiko dute, eta plaza berri bat sortuko dute. Gainera, forjatu berriaren azpian eremu berri bat sortuko dute, eta horren bidez San Fausto plaza azpian dagoen garajea handituko dute.

basauri san fausto bidebieta pozokoetxe 2016 plan berria maketa

2016an Udalak aurreikusitako proiektua // Basauriko Udala

Era berean, egitasmoak lasaitasunari, eremua gozatzeari eta herritarren arteko elkarrekintzari lotutako erabilerak sustatu beharko ditu. Zentzu horretan, neurriak aurreikusiko ditu zarata-mailak ez direla gaindituko. Horrez gain, bero-boladei aurre egiteko irtenbide naturalak erabiltzeko aukera aztertuko dute, eta saiatuko dira urbanizatu beharreko eremuaren % 25, “gutxienez”, landareei eta arbolei eskaintzen. Materialei dagokienez, eguzki-argia islatzen duten zoladurak erabili beharko dituzte, “ahal den neurrian bero-uharte efektua ekiditeko; eta, teknikoki eta ekonomikoki posible den guztietan, lehentasuna emango zaie material naturalei, birziklatuei edota birziklagarriei”, dio Iragorrik.

Duela gutxi Adifek jakinarazi zuen Bidebieta-Basauri geltokia estaltzeko eta bidaiarien eraikin berria egiteko proiektua idazteko kontratua esleitu duela. “Esku-hartze horren eta San Fausto plazan egingo denaren ostean, erabat berroneratuta eta modernizatuta geratuko da Basauriko herriguneko ingurune hori”, dio Iragorrik.

Bidebieta-Basauri tren geltokia estaltzeko eta eraikin berria egiteko proiektuaren idazketa esleitu du Adifek

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak