→Basauri

San Migeleko alokairu baxuko etxebizitzetan izena emateko epea zabalduko dute uztailean

36 urtetik beherako basauriarrek eman dezakete izena // Geuria

San Migel auzoan aldi baterako alokairu baxuko 36 etxebizitza eraikitzeko proiektua amaitzen ari da Eusko Jaurlaritza. 2020ko abenduan hasi ziren etxebizitzak eraikitzen eta uda honetan bukatuko dituzte. Bitartean, etxebizitza horietan izena emateko epea zabalduko dute uztailaren 4tik 15era bitartean.

Basaurin erroldatuta dauden 36 urtetik beherako gazteek eman dezakete izena (gutxienez hiru urte Basaurin erroldatuta egon behar dute interesdunek), eta urtean 3.000 eta 39.000 euro arteko diru-sarrerak izan, 2020ko errentaren arabera. Interesdunek izena eman behar dute Bidebi udal-sozietatean, eta horretako aldez aurretik hitzordua eskatu behar dute 946 073 021 telefono zenbakira deituta edo info.bidebi@basauri.eus helbide elektronikora idatzita.

“Basauriko gazteek alokairu-erregimeneko etxebizitzak arrazoizko prezioetan eskuratu ahal izateko urratsak ematen jarraitzen du Basaurik”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak. Etxebizitza mota horiek, gazteen emantzipazioa bultzatzeko, bost urterako alokatzen dira. “Basauri lehentasunezko udalerria izango da bizitoki horiek guztiak sustatzeko, eta, beraz, gure udalerriko bizilagun gazteek jasoko dituzte”, dio Iragorrik.

San Migeleko zuzkidura-bizitoki horiez gain, alokairu baxuko beste 17 etxebizitza eraikiko dituzte horien ondoan ere. Gainera, San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe planean, baita Azbarrenen ere, mota horretako etxebizitzak eraikitzea aurreikusi du Basauriko Udalak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak