→Basauri

Bakarrizketa, umeentzako jarduerak, partxis eta playbacka izango dira San Migelen irailaren amaieran

2019ko Playback lehiaketa // Geuria

Sanfaustoekin gertatu bezala San Migeleko jairik ere ez da izango aurten. Horrela erabaki du Mikelats Kultur Elkarteak Udalarekin batera. Hala ere, iaz ez bezala aurten zenbait ekitaldi antolatuko dituzte iraileko azken astean eta urriko lehenengoan. Aste kulturala deitu diote, eta irailaren 26tik urriaren 3ra bitartean ume, gazte zein helduentzako jarduerak izango dira. Egunez egun, hau da Mikelatsek GEURIAri aurreratu diona: irailaren 26an, igandez, bakarrizketa izango da; astelehenean, irailaren 27an, mago bat izango da eta gominolak banatuko dituzte umeen artean; irailaren 18an, asteartez, ipuin-kontalaria; asteazkenean dantza masterclass bat; ostegunean partxis txapelketa; ostiralean playback lehiaketa eta bingoa; larunbatean partxis txapelketaren finalak; eta igandean amaiera ekitaldia.

Ekintza guztiak Sofia Taramona ikastetxeko jolastoki estalian izango dira, partxis txapelketa izan ezik; azken hori frontoian izango da, publiko barik. “Sofia Taramonan egingo ditugu ekintza gehienak sarrerak eta irteerak kontrolatzeko”, diote Mikelatsetik. Gainera, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da publiko guztiarentzat. Kontzerturik ez antolatzea erabaki zuten hasieratik Mikelatsetik: “Hasieratik baztertu genuen kontzertuak antolatzea. Izan ere, esparru itxia izan arren, ezin genuen kontrolatu kanpoan gertatzen zena edo inguruan biltzen zen jende-pilaketa”.

“Herritar guztiei erantzukizuna eskatzen diegu, baita Mikelatsetik eta Udaletik egokitzat jotzen diren neurri guztiak errespeta daitezela ere”, diote: “Herritarren laguntza beharrezkoa da dena ondo atera dadin eta datorren urtean indartsuago itzul gaitezen”. Aste kulturaren egitaraua aste honetan argitaratuko du Mikelatsek eta datorren astean ekitaldietara bertaratzeko sarrerak banatuko dituzte.

Adierazpen bateratua

Irailaren 10ean adierazpen bateratua argitaratu zuten Mikelatsek, Herriko Taldeakek eta Basauriko Udalak. “Tristea egiten zaigu beste urte batez jairik ez antolatzea, baina horixe da aukera bakarra: erantzukizunez eta zuhurtasunez jokatzea”, diote. Dena dela, “Basauriko bizitza kulturala eta aisialdia apurka-apurka berpizten joateko”, zenbait ekitaldi kultural antolatuko dituzte San Migelen zein Basaurin, “formatu txikian, edukiera kontrolatuarekin eta indarreko osasun-neurri eta-murrizketa guztiak beteta”, diote. 

“Bai antolatzaileok, bai herritarrek, jarduera horietan (eta beste edozein unetan) zehar jende-pilaketak saihesteko erantzukizuna hartu behar dugu. Badakigu basauriarrok, berriro ere, gure sen ona eta zuhurtzia erakutsiko dugula, herrian kutsatze-fokuak eta gizalegezkoak ez diren egoerak ekiditeko”, adierazi dute. Beste behin ere “zentzudunak eta zuhurrak” izatea eskatu diete herritarrei: “Egin dezagun gure esku dagoena, datorren urtean, berriro ere, jaietako jantziak jantzi ahal izateko, San Faustoren eta San Migelen laguntza txiki batekin”, diote.

Herriko Taldeak ere lanean ari da urriaren 9tik 17ra bitartean ekitaldi kulturalak antolatzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak