→Basauri

San Migelen 41 etxebizitza berri eraikiko dituzte, alokairu baxukoak zein libreak

Alokairu baxuko beste 17 etxebizitza eraikiko dituzte San Migelen. Gainera, 24 etxebizitza libre eraikitzeko urratsa eman du Udalak.

2020ko abenduan hasi zituzten 36 zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko lanak eta aurreikuspenen arabera udan bukatuko dituzte // Geuria

Azken urteetan etxebizitzen hainbat eraikuntza sustatu dituzte Basaurin. Sarratukoak izan dira azkenak eraikitzen eta momentu honetan San Migelen alokairu baxuko 36 etxebizitza eraikitzen ari da Udala, Taberna Nagusiaren ondoan. Aurreikuspenen arabera, 2022ko udan bukatuko dute etxebizitza horiek eraikitzen. Eta horiei laster berriak gehituko dizkiote. Izan ere, Basauriko Udalak gaur adierazi duenez, etxebizitza horien ondoan alokairu baxuko beste 17 etxebizitza eraikiko dituzte.

Basauriko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin hitzarmena sinatuko dute datozen asteotan San Migelen 17 zuzkidura-bizitoki eraiki ahal izateko. Hitzarmen horren arabera, Basaurik lehentasuna izango du bizitoki horien guztien sustapenean eta, beraz, basauriarrak izango dira lehentasunezko hartzaile. Horrelako etxebizitzak gazteak aldi baterako alokairuan bizitzeko pentsatuta daude, nagusiki, emantzipatu ahal izan daitezen.

Bi administrazio publikoek modu koordinatuan jardungo dutela jasotzen da hitzarmenean; hitzarmenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari dagozkio etxebizitza-sustapen horren diseinu-proposamena, eraikuntza-lanak eta kudeaketa egitea.  Proposamen horri ikus-onetsia eman ostean, Basauriko Udalak, bere aldetik, lurzatia lagatzeko konpromisoa hartzen du.

“Udalak lehentasun nagusitzat jo du basauriarrek herrian bertan etxebizitza babestu gehiago eskuratzeko aukera izatea. Gainera, herritarren beharretara egokitu behar izan dugu, alokairuko gero eta etxebizitza gehiago eskatzen dituztenez eta, zuzkidura-bizitoki horietaz gain, Azbarrengo etxebizitza babestuen sustapenean gehienak alokairuko etxebizitzak izango dira”, dio Asier Iragorri alkateak.

24 etxebizitza libre

Beste alde batetik, San Migelen bertan beste 24 etxebizitza libre eraikitzea sustatuko du Basauriko Udalak. Gernika kalean eraikiko dituzte etxebizitza horiek, etxebizitza babestu berrien aurrean. Ekimen horrekin beste bultzada bat eman nahi die Basauriko Udalak udalerriko etxebizitza-sustapenei. Mendebaldeko San Migeleko eremu horretan, hirigintza-antolamenduak 274 etxebizitza eraikitzeko aukera ematen du, eta hasteko 24 etxebizitza libre eraikitzea da asmoa. Orain arte babes ofizialeko 122 etxebizitza egin dira, eta egun 36 zuzkidura-bizitoki eraikitzen ari dira, eta laster alokairu baxuko beste 17 etxebizitza eta beste 24 etxebizitza libre gehiago eraikiko dituzte.

Lursail horren zati bat (% 29,34) Udalaren jabetzakoa da, eta beste zati bat (% 70,66) jabetza pribatukoa: azalera 1.645 metro karratukoa da. Gauzak horrela, lursaila saltzeko lehiaketa publikoa deitzeko baldintza-agiriak aurkeztu ditu gaur Basauriko Udalak, Bidebiren Kontseiluan. Lurzatiaren lizitazioaren prezioa 2,4 milioi eurokoa da, eta kopuru hori hobetu egin dezakete lizitatzaileek. Lurzatiaren esleipendunak bertan eraiki beharko ditu 24 etxebizitza, beheko solairuarekin, aparkalekuekin eta sotoekin. Gainera, bere gain hartu beharko du barruko urbanizazioa egitea eta horren kostua.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak