→Basauri

San Migelen gasolindegi berri bat eraikitzearen kontra sinadura bilketa hasi dute auzotarrek

San Migelen low cost gasolindegi bat eraiki nahi du enpresa batek. Abaroa kaleko bizilagunak kezkatuta eta haserre daude eta protestak hasiko dituzte.

Berdegune horretan eraiki nahi dute low cost gasolindegia, beste gasolindegi batetik 100 metrora // Geuria

San Migelen low cost gasolindegi bat eraikiko zuten zurrumurrua hedatu da azken asteetan herrian. Bada Udaleko ordezkariek jakinarazi dutenez, gasolindegia eraikitzeko eskaera jaso dute. Abaroa kalean eraikiko luke gasolindegia eskaera egin duen enpresak, Basauritik San Migeleko sarreran. “Gasolindegia jartzeko eskaera jaso dugu eta espedientea tramitatzen hasi da, inguruko bizilagunei dagoeneko proiektuaren berri ematen ari zaie alegazioak aurkezteko tartea izan dezaten. Era berean, Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu behar dio jarduera horren neurri zuzentzaileei buruzko txostena”, diote udal ordezkariek. Low cost bi gasolindegi daude Basaurin, biak Urbi auzoan: bata Mercadonaren sarreraren ondoan (Euskadi Low Cost), eta bestea Euskotreneko geltokitik gertu (Urbi Low Cost).

Udaletik adierazi dutenez, gasolindegia gune industrial batean eraikiko litzateke, “mota honetako jarduera egiteko egokia den tokian”. Lizentziak ematea araututa dago, hau da, legean xedatutakoa betetzen badu, Udalak ezin dio modu diskrezionalean uko egin, legearen gehiegikeria bailitzateke”, diote udal arduradunek: “Hala ere, prozesuaren hasieran gaude eta prozesua nola garatzen den ikusi beharko dugu. Udala, noski, bizilagunen kezkak ulertzen saiatuko da, baina beti ere legeak markatzen duenaren barruan”.

Abaroa kaleko bizilagunak kezkatuta eta haserre daude: “Badakigu gune industriala dela gasolindegia eraiki nahi duten zati hori, baina auzo baten barruan dago. Hau da, gure ustez ez da edozein gune industrial baten modukoa, errepide baten ondoan edo urrunduta dagoena. Bizi handia dago eremu horretan, elkarbizitza dago, umeak daude ondoko ingeles akademian… Are gehiago, gasolindegi berria eraiki nahi duten leku horren ondoan 100 urteko etxe bat dago, egurrezko egitura duena. Ondoan hondeaketa-lanak eginez gero etxea erortzeko arrisku handia dago. Ez dugu beste gasolindegi bat behar. Ehun metrora badugu bat”, dio bizilagun batek. Gune hori industriala izan baino lehen etxe bat eta ortuak zeudela adierazi dute bizilagunek: “Gero izendatu zuten eremu industriala”.

“Zarata, trafikoa, usainak, leherketa arriskua eta horrek suposatuko lukeen guztiagatik gasolindegi berri bat eraikitzearen kontra gaude”, diote. Gauzak horrela, protestekin “lehenbailehen” hastea erabaki dute auzotarrek. Hasteko, sinadura bilketa egingo dute aste honetan gasolindegiaren kontra daudela adierazteko: “Ostegunetik aurrera saltokietan eta dendetan egongo da jarrita sinatzeko papera eta portal bakoitzetik banan banan sinatuko dugu”, diote. Gainera, kartelak jarriko dituzte San Migeletik. “Sinadurak eta gasolindegiaren kontrako argudioekin eta alegazioekin idatzi bat egingo dugu urtarrileko osoko bikuran aurkezteko”, diote bizilagunek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak