→Basauri

Bideoa | 1.500 sinadura inguru bildu dituzte San Migeleko gasolindegi berriaren kontra

San Migelen low cost gasolindegi bat eraikitzeko eskaera jaso du Basauriko Udalak. Abaroa kalean eraikiko luke enpresa batek prezio baxuko gasolindegia, San Migelen dagoen beste gasolindegitik metro batzuetara. Egoera horren aurrean, San Migeleko auzotarrek protestak hasi dituzte, eta sinadura bilketa egin dute gasolindegi berriaren kontra. Guztira, 1.500 sinadura jaso dituzte: “Orain dela bi aste jarri genuen martxan sinadura bilketa eta 1.500 inguru lortu ditugu. Gainera, San Migeleko elkarte eta talde guztien bat egitea ere lortu dugu”, dio Aitziber Berrade Sainz auzotarrak: “Sinadurak biltzeaz gain, kontzentrazioei ekingo diegu”. Lehenengo deialdia atzo egin zuten Basauriko udaletxearen aurrean, osoko bilkura izan bitartean. Hemendik aurrera kontzentrazioak egingo ditugu. Hau prozesuaren hasiera da. Ez dakigu oso ondo zelan egingo dugun, baina argi daukagu protestekin jarraituko dugula. Ezin dugu onartu gure etxeen ondoan gasolindegi berri bat eraikitzea”, dio Berradek.

Urtarrileko osoko bilkuran alegazio tekniko eta juridikoak aurkeztuko dituzte San Migeleko auzotarrek. “Batez ere, etxeen artean eraiki nahi dutela, eta bestetik, osasunari kalte egin ahal diola, benzenoak dakarren arriskua dela, edota trafikoa eta zarata handituko dituela alegatuko dugu”, dio Berradek: “Eskatu nahi dugu ere Udalak arautegi bat egin dezala gasolindegiak etxebizitzetatik urruntzeko. Hau da, hemendik aurrera ez gasolindegi hau ez beste inolako gasolindegirik eraikitzea etxebizitzen artean”.

Udaleko ordezkariek adierazi dutenez, araudi guztia sakonki aztertuko dugu, eta beharrezkoak diren txosten guztiak eskatuko ditugu, hala nola txosten bat udaltzaingoari eta suhiltzaileei, lizentzia eman ala ez balioesteko orduan oso zorrotzak izan daitezen, baina legezkotasunak agintzen duenaren barruan”, dio Nerea Renteria zinegotziak. Era berean, neurri zuzentzaileei buruzko txostena eskatu dio Udalak Eusko Jaurlaritzari, eta lurzoruaren ingurumen-adierazpena ere eskatu dute: “Aurreikuspenen arabera, horrelako jarduera baterako leku egokia da, gasolindegia industrialde batean eraikiko bailitzateke, baina araudia eta bizilagunen alegazioak sakonki aztertuko ditugu. Adibidez, Basaurin badira alegazioen ondoren gasolindegien proiektuak ukatu direnak eta beste batzuk onartu direnak”, dio Renteriak.

“Bizilagunek eta oposizioko alderdiren batek aurkeztu dituzten zenbait alegazioei dagokienez, zerbitzu juridikoek ez dute ezagutzen etxebizitza batetik gasolindegi batera arteko metro distantzia mugatzen duen araudirik. Lizentziak ematea araututa dago, hau da, legean xedatutakoa betetzen badu, Udalak ezin dio modu diskrezionalean uko egin, legearen gehiegikeria bailitzateke”, dio Renteriak: “Hala ere, prozesuaren hasieran gaude eta prozesua nola garatzen den ikusi beharko dugu. Udala, noski, bizilagunen kezkak ulertzen saiatuko da, baina beti ere legeak markatzen duenaren barruan”.

San Migelen gasolindegi berri bat eraikitzearen kontra sinadura bilketa hasi dute auzotarrek

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak