→Basauri

San Migelen aparkaleku berria egiteko eta Matxitxakokoa berritzeko obren lizitazio-prozesua hasi du Basaurik

Enpresek eskaintzak edo parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 11ra arte // Google

Aparkalekuen arazoari aurre egiteko urratsak ematen ari da Basauriko Udala. Hain zuzen ere, alde batetik, San Migelen, Renfe geltokiaren eta futbol zelaiaren ondoan, eraikiko dute aparkaleku berri bat. Guztira 29 leku izango ditu: aparkaleku bat beharrizan bereziak dituzten erabiltzaileentzat izango da, eta beste bi ibilgailu elektrikoak kargatzeko. Eta bestetik, Matxitxako kaleko aparkalekua berregiturako dute: lurra berriro asfaltatuko dute, aparkalekuak berregituratuko dituzte eta irisgarritasuna hobetuko dute.

“Gaur egun, ibilgailu askok erabiltzen dute Matxitxakoko aparkalekua, baina ez sarbidea, ez barruko ibilbideak, ez dira irisgarriak. Eta, gainera, zoladura berritu beharra dago”, diote udal ordezkariek. Gauzak horrela, esku-hartzea baliatuko dute kanpoko espaloitik hormigoi inprimatuzko espaloi irisgarri bat eraikitzeko, zorua berriro asfaltatzeko, eta seinalizazioa, argiztatzea eta saneamendua hobetzeko. Horrez gain, ibilgailu elektrikoak birkargatzeko puntu bikoitz bat instalatuko dute. Guztira, 69 aparkaleku egongo dira: horietatik bi gordeko dira beharrizan bereziak dituztenentzako eta beste bi ibilgailu elektrikoak kargatzeko.

Aparkaleku bi horien obren lizitazio-prozesua zabaldu du jada Basauriko Udalak. San Migeleko aparkalekuaren proiektuaren lizitazio-prezioa 170.464 eurokoa da, eta Matxitxakokoa berritzeko lizitazio-prezioa 137.316 eurokoa da. Enpresek eskaintzak edo parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 11ra arte.

“Badakigu herrian betidanik egon dela aparkaleku falta. Lur gutxi dagoenez, saiatzen gara jada existitzen diren tokiei ahalik eta etekin handiena ateratzen, doako aparkalekuak eskaintzeko eta daudenak optimizatzeko”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Bestelako aparkalekuetan esku-hartzeak

San Migeleko eta Matxitxakoko ekintza horiez gain, azken urteotan honako esku-hartze hauek egin ditu Basauriko Udalak aparkalekuetan: Pozokoetxeko trenbide-multzoko parkinga asfaltatu eta seinaleztatzea (100 toki); haren ondoan, zamalanak egiten ziren tokian, parking berria martxan jartzea (82 aparkaleku); aparkaleku berria eraikitzea Uribarrin (83 leku), eta anbulatorio ondokoa txandaka eta doan bi orduz aparkatzeko parkinga bihurtzea (83 leku). 

Gainera, Bizkaiko Garraioen Partzuergoak aire zabaleko eta doako aparkalekua prestatu zuen Sarratun (antzinako Karbonatoaren parkean), 70 tokirekin. Eta auzo horretako, Basozelaiko eta San Migeleko etxebizitza-sustapen berriek ere, lur azpiko eta azalerako aparkaleku berriak eraiki dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak